Israelgo armadaren eta Libanoko Hezbollah milizia xiitaren arteko borrokak nabarmen areagotu dira iazko urriaz geroztik, Israelek Gazaren aurkako azken oldarraldia abiatu zuenetik; bien arteko tentsioa are gehiago handitu da, ordea, herenegun Golanen —Israelen menpeko eremuan— aurkako eraso batean hamabi pertsona hil ondoren. Matxino xiitek ukatu egin dute erasoarekin loturarik eduki izana, baina bere gain hartu dituzte eremu hartan bertan Israelgo armadaren zenbait posizioren aurka jaurtitako suziriak. Israelek egun horretan bertan leporatu zion erasoa Hezbollahri, eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, suziria erori zen lekuan egindako adierazpenetan, nabarmendu du «gogor» erantzungo dutela. Israelgo segurtasun kabineteak Netanyahuren esku utzi du milizia xiitari «noiz eta nola» erantzun.
Netanyahuk aurreikusi baino lehen amaitu behar izan zuen AEB Ameriketako Estatu Batuetara eginiko bidaia, atzo biltzekoa baitzen Israelgo segurtasun kabinetearekin: AEBetako Kongresuan agerraldia egin zuen iragan asteazkenean, eta, ondoren, Joe Biden presidentearekin, Kamala Harris presidenteorde eta demokraten presidentetzarako hautagaiarekin eta Donald Trump hautagai errepublikanoarekin bildu zen. AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek atzo aldarrikatu zuen Israelek «babesteko eskubidea» duela, eta, haren ustez, Hezbollahk jaurti zuen hildakoak eragin zituen suziria: «Zantzu guztiek hala diote».
Ohartarazi bezala, Israelek Libano hegoaldeko nahiz barnealdeko zenbait eremuri eraso zien atzo: Hezbollahko hainbat miliziano hil ziren, talde xiitak ondoren jakinarazi zuenez. Ez da izango egun hauetan egingo duen eraso bakarra, Atzerri ministro Israel Katzek adierazi bezala, erantzuna Golaneko erasoaren «neurrikoa» izango baita: «Marra gorri guztiak gainditu ditu». Israelek adierazi du Libanotik bidalitako drone bat eraitsi duela bart. Egoeraren larritasuna ikusirik, Siria hegoaldean dauden Hezbollahko eta inguruko beste hainbat miliziatako kideak eremua ebakuatzen ari dira, Giza Eskubideen Siriako Behatokia GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera.
Golan Siriako hego-mendebaldeko ordokia da. Israelen menpeko zatian 20.000 kolono daude, eta Siriak kontrolatzen duen aldean, 20.000 lagun bizi dira. Israelek 1967an okupatu zuen, Sei Eguneko Gerran. Urriaren 7an Israelgo armadak Gazaren aurkako oldarraldia abiatu zuenetik, Hezbollahren eta Israelen arteko borrokek ez dute etenik izan.
Nazioarteak egoera «baretzea» eskatu du
Azken egunotan Israelen eta Hezbollah milizia xiitaren arteko tentsioa handitu dela aintzat hartuta, nazioarteko hainbat herrialde eta erakundek egoera «baretzeko» eskatu diete bi aldeei. Tokiotik (Japonia) eginiko adierazpenetan, AEBetako Estatu idazkariak adierazi zuen ez dutela gatazka zabaltzerik nahi, eta AEBak soluzio diplomatiko bat ebatzi nahian dabiltzala, eraso guztiak «berehala» etengo dituena.
Mendebaldetik ez ezik, Ekialde Hurbiletik ere heldu dira gatazka amaitzeko deiak: Libanoko Gobernuak liskarrak «lehenbailehen» amaitu beharra azpimarratu zuen ohar baten bidez, eta salatu zuen zibilei erasotzea nazioarteko legedia «larriki urratzea» dela, baita gizateriaren aurkako krimena ere. Gainera, Golango gertakaria aztertuko duen ikerketa independente bat abiatuko duela iragarri zuen, «zalantzan» jartzen baitute erasoa Hezbollahk egin izana.
Bestalde, Arabiar Ligako idazkari nagusiak, Ahmed Abulgeitek, «kezka» azaldu zuen gatazka eskualde osora hedatuko ote den, antolakundea osatzen duten 22 herrialde arabiarren izenean —Palestinar Estatua da horietako bat— argitaratutako ohar batean.
Israelgo bederatzi soldadu atxilotu dituzte, palestinar baten aurkako sexu erasoengatik
Israelgo Polizia Militarrak Israelgo Armadako bederatzi soldadu atxilotu ditu gaur goizean, Sde Teiman atxilotze zentroan. Hareetz Israelgo hedabideak jakinarazi duenez, preso palestinar bati sexu erasoak egitea egotzi diete. Gainera, atxilotze zentrora iristean hainbat soldaduk aurre egin diote Polizia Militarrari, barrikadak eraikiz lekua ebakuatu beharrean. Atxiloketa publiko egin bezain laster, pertsona ugari bildu dira atxilotze zentroaren kanpoaldean protestan —Knesset Israelgo Parlamentuko zenbait kide, besteak beste—.