Israelek berretsi du Gaza eta Egipto arteko mugaren kontrolari eutsi nahi diola

Israelgo Gobernuko Segurtasun kabineteak horren alde egin du. Israelgo armadak jakinarazi du Hamasen buruzagietako bat hil duela.

Israelgo bonbardaketa batean suntsitutako eraikin bat, Gaza ekialdeko Deir al-Balah herrian, atzo. MOHAMMAD SABER / EFE
Israelgo bonbardaketa batean suntsitutako eraikin bat, Gaza ekialdeko Deir al-Balah herrian, atzo. MOHAMMAD SABER / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abuztuaren 30a
12:55
Entzun

Gazarako su etena adostu eta bahitu guztiak askatu ondoren ere, Israelgo tropak Egiptoren eta Gazaren arteko Salah al-Din pasabidean jarraitzea nahi du Israelgo Gobernuko Segurtasun kabineteak. Horren alde bozkatu zuten, atzo, kabinete hori osatzen duten bederatzi ministroetatik zortzik: Defentsako ministro Yoav Gallantek soilik eman zuen aurkako botoa, eta Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvir abstenitu egin zen. Azken horren arabera, Netanyahuk jarrera «gogorragoa» izan behar luke: «Egunak igaro ahala, Netanyahuk jarraitzen du gatibuen itzulera arriskuan jarri dezaketen neurriak hartzen».

Azken egunetan, pasabide horren gaineko kontrolak ika-mika handia sortu du Gazarako beste menia bat adosteko negoziazioetan. AEB Ameriketako Estatu Batuek proposatutako su etenak barne hartzen du Israelek izango lukeela horren kontrola; Hamasek, ordea, behin baino gehiagotan esan izan du ez dutela hori aintzat hartuko duen meniarik onartuko. Joan den astean, Egiptok ere adierazi zuen ez duela nahi muga horretan Israelgo tropak egoterik.

Eztabaida horiekin aurrera egiteko asmotan, asteon Dohan (Qatar) elkartuta izan dira bitartekariak —AEB, Egipto eta Qatar— eta Israelgo ordezkaritza bat. Halere, Israelen ordezkaritzako iturriak aipatuz Al-Jazeera hedabideak argitaratu duenez, negoziazio horietatik atera da Israelgo ordezkaritza, argudiatuta ez direla «aurrerapausorik» ematen ari.

Bestalde, Israelgo armadak jakinarazi du behin-behinean amaitutzat eman dutela Khan Yunis ekialdean —zerrendaren erdialdean dago— duela 22 egun abian jarritako operazio militarra, eta tropak handik atera dituzte gaur.

Israelen azken erasoak

Gazara laguntza humanitarioa zeraman kamioi konboi bat bonbardatu du Israelgo armadak gaur goizaldean, eta lehenengo kamioian zihoazen langile guztiak hil ditu —ez dute zehaztu zenbat ziren—. Israelek argudiatu du zenbait «erasotzaile armatu» ibilgailuetara igotzen saiatu direla, eta horregatik egin diotela eraso. Konboiaren ardura zeukan Anera GKE gobernuz kanpoko erakundeak salatu du, ordea, elkartearekin lanean ari ziren beste enpresa bateko garraiolariak zirela erasoan hildakoak.

«Gertakari honek zur eta lur utzi gaitu», esan du elkarteko zuzendari Sandra Raxeedek. Haren arabera, elkarteak aldez aurretik hitzartuta zeukan konboiaren ibilbidea Israelgo armadarekin. Osasun baliabideak zeramatzaten, eta haien asmoa horiek Rafahko ospitale batera eramatea zen. Israelgo armadak goizean kaleratutako prentsa oharrean adierazi du konboiko gainontzeko ibilgailuak «salbu eta onik» iritsi direla ospitalera. Nolanahi ere, gertatutakoa argitzeko «ikerketa bat» abian jarri dezatela eskatu du Anerako zuzendariak.

Eta Gazako zerrendatik harago, Israelgo armadak jarraitzen du asteon Zisjordanian areagotutako operazio militarrean. Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez, Jenin bonbardatu dute gaur goizaldean, eta gutxienez hiru lagun hil dituzte; Israelgo armadak, bestalde, jakinarazi du eraso horretan Hamasen Jeningo buruzagi Wassem Hazem hil dutela. Aste honetako erasoaldi sorta da han aspaldian egindako bortitzena: Palestinako Aginte Nazionaleko Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 21 palestinar hil dituzte.

Eraso horien ondorioz, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak bertan behera utzi behar izan ditu zerbitzuak Zisjordaniako errefuxiatuentzako kanpaleku batzuetan, erakundeko zuzendari nagusi Philippe Lazzarinik salatu duenez: «Gure kanpalekuetan babes hartzen duten milaka laguni eragiten die operazio militar horrek; azpiegitura publikoak zein pribatuak suntsitu dituzte». Horiek hala, «ahalik eta lasterren» gatazkari konponbide bat bilatzeko eskatu du.

«Gure kanpalekuetan babes hartzen duten milaka laguni eragiten die operazio militar horrek; azpiegitura publikoak zein pribatuak suntsitu dituzte»

PHILIPPE LAZZARINIUNRWAko zuzendari nagusia

OME Osasunaren Mundu Erakundeak atzo iluntzean egindako iragarpenaren harira, espero da erasoaldiak zertxobait baretzea, zenbait orduz eta soilik eremu batzuetan bada ere. Bihar dira Gazan polioaren aurkako txertaketa kanpaina hastekoak, eta, hori ahalik eta seguruen egiteko, Hamasek eta Israelgo armadak konpromisoa hartu dute aldi baterako etenaldi humanitarioak egiteko. OMEko goi kargudun Rik Peeperkornen arabera, etenaldiak etzi abiatuko dituzte, eta 08:00ak eta 17:00ak artean egingo dituzte.

Hori bai, ez da «inola ere su eten orokor bat» izango, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk atzo goizaldean aurreratu zuenez. Txertaketa kanpaina eremuka antolatu dute; hortaz, borroken etenaldiak unean uneko txertaketa eremuari soilik eragingo dio. Halere, erabakia onetsi dute txertaketa kanpainan lanean ariko diren elkarteek eta erakundeek.

Israeli ekipamendu militarra erosteari utziko dio irlandak

Irlandako lehen ministro Simon Harrisek iragarri du gaur Irlandako Gobernuak ez diola aurrerantzean Israeli ekipamendu militarrik erosiko. Haren arabera, erabakia hartu dute Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren aurrean «presioa» egiteko, baita NBE Nazio Batuen Erakundeko bi auzitegi nagusiek —Nazioarteko Justizia Auzitegia eta Nazioarteko Zigor Auzitegia— Israelen operazio militarren inguruan egindako ebazpenak betetzeko ere. Joan den maiatzaren 28an Palestina estatu gisa aitortu zuen Irlandako Gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.