Iranek Israelen aurka egitera deitu ditu herrialde musulman guztiak

Lider goren Ali Khameneiren arabera, astearteko erasoa «zigor txiki bat» izan zen. Israelgo armadak ebakuatzeko agindua eman die Libano hegoaldeko 36 herrixkari, eta Libanoren eta Siriaren arteko Masnaa pasabideari egin dio eraso.

Palestinar batzuk bonbardaketak eragindako arrastoak garbitzen, gaur, Tulkaremen (ZIsjordania). ALAA BADARNEH / EFE
Palestinar batzuk bonbardaketak eragindako arrastoak garbitzen, gaur, Tulkaremen (ZIsjordania). ALAA BADARNEH / EFE
maddi iztueta olano
2024ko urriaren 4a
18:55
Entzun

Israelek Libanoren aurka areagotutako erasoaldia nahikoa ez, eta egunotan beste koska bat estutu da Iranen eta Israelen arteko tentsioa. Asteartean 200 misil inguru jaurti zituen Iranek Israelgo lurretara, hiru buruzagiren hilketen mendekua hartzeko zela argudiatuta: Hezbollahko buruzagi Hassan Nasrallahrena, Hamaseko adar politikoko buruzagi Ismail Haniyehrena eta Hezbollahren Irango laguntzaile militar Abbas Nilforuxanena. Ordutik aurrenekoz, jendaurrean hitz egin du gaur Irango lider goren Ali Khameneik. Haren arabera, astearteko erasoa Israeli jarri ziezaioketen «zigorrik txikiena» izan zen.

Khameneik goraipatu egin ditu astearteko erasoa eta milizia palestinarrek joan den urriaren 7an Israelen aurka egindakoa, iritzita biak «zilegi» zirela. Aurrera begira, «etsai komunaren aurka» egiteko eskatu die herrialde musulman guztiei: «Afganistandik Yemenera, Irandik Gazara eta Libanora». Hezbollahren eta Hamasen inguruan, ohartarazi du ez batak eta ez besteak ez dutela etsiko.

Aiatola agerraldia egiten ari zen bitartean, Beirutera iritsi da Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxi. Libanoko lehen ministro Najib Mikatirekin biltzekoa da lehenbizi, eta Libanoko Parlamentuko presidente Nabih Berrirekin ondoren. Gainera, Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Ismail Baghaeik jakinarazi duenez, Libanora hamar tona elikagai eramateko aprobetxatuko dute bidaia.

Alde egiteko aukerarik ez

Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik urte bat betetzear den honetan, arreta Libanon jarrita dago. Hango Garraio Ministerioak, gaur goizean zabaldutako komunikatu baten bidez, jakinarazi du Israelgo armadak bonbardatu egin duela Libanoren eta Siriaren arteko Masnaa pasabideko errepidea. Azken bi asteotan, milaka lagunek erabili dute bide hori Libanotik alde egiteko eta Sirian babes hartzeko; hots, Libanoko Gobernuaren arabera, 300.000 herritarrek baino gehiagok.

Pasabideari eraso egin baino ordu batzuk lehenago, errepide hori «armen kontrabandorako» erabiltzea leporatu zion Hezbollahri Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeek, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez. Libanoko Garraio ministro Ali Hamiek akusazio horiek gezurtatu zituen, atzo egindako prentsaurreko batean, eta argitu zuen Libanoko Gobernuaren menpeko erakundeek behatzen eta kudeatzen dituztela mugako pasabide guztiak. Bonbardaketaren ondorioz errepidea moztuta gelditu da Libanoko aldean. Pasabide hori zen Libanora laguntza humanitarioa sartzeko bide bakarra.

Masnaa pasabideko errepideari eraso egin dion egun berean, euren etxeak uzteko agindu die Israelgo armadak Libano hegoaldeko 36 herrixkatako herritarrei. Adraeek eman du abisua, komunikatu baten bidez: «Zuen segurtasunagatik, berehala utzi behar dituzue zuen etxeak, eta Awali errekarantz joan». Erreka hori ebakuatu nahi duten eremutik 50 kilometrotara dago. Are, Israelgo armadako bozeramaile horrek ohartarazi du Libano hegoaldera doan edonork «arriskuan» jarriko duela bere burua.

Hain zuzen ere, Tel Aviv aurrera egiten ari da Hezbollahren aurkako erasoaldian, eta etenik gabe bonbardatzen ari da Libanoko hainbat eremu; batez ere, herrialdeko hegoaldeari eta baita hiriburuko (Beirut) hegoaldeari ere. Bart, Israelgo armadak eraso egin dio, beste behin, Beirut hegoaldeko Dahieh auzoari. Israelgo armadaren gertuko iturriak aipatuz The Times of Israel egunkariak gaur kaleratu duenez, Hezbollahko miliziano Haxim Safi al-Din zen azken eraso horien helburua. Nasrallahren lehengusua zen. Nolanahi ere, ez Israelgo armadak, ez Hezbollahk ez dute halakorik baieztatu.

Joan den larunbatean hil zuen Nasrallah Israelgo armadak. Bada, Libanoko Atzerri ministro Abdallah Bu Habibek atzo CNN telebista katean emandako elkarrizketa batean jakinarazi zuenez, Hezbollahko buruak onespena eman zion Israelen eta talde xiitaren arteko gatazkarako 21 eguneko menia proposamen bati, Israelgo armadak hura hil baino lehen. Are, esan zuen AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Frantziak bazutela Nasrallahren onespenaren berri. Washingtonek, ordea, ukatu egin du. AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaile Matthew Millerrek gaur esan duenez, AEBei «ez zien inork halakorik esan».

Hemezortzi hildako

Tulkarem (Zisjordania) hiriko errefuxiatuentzako kanpaleku baten aurkako aire bidezko eraso batean, hemezortzi pertsona hil zituen atzo gauean Israelgo armadak, eta dozenaka zauritu, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Osasun Ministerioaren arabera. Wafa berri agentziak geroago jakinarazi zuenez, Israelgo hegazkin militarrek bete-betean jo zuten errefuxiatuentzako kanpalekuko kafetegi bat.

Israelgo armadak bart baieztatu du erasoa. Komunikatu baten bidez, azaldu du Israelgo Segurtasun Agentziarekin prestatu zuela eraso hori, eta Hamaseko hainbat miliziano zituztela helburu. Hain justu, testu horretan bertan, Israelek esan du hildako horien artean dagoela erakunde islamistako Tulkaremgo buruzagia: Zahi Yaser Abdel Razzaq Awfi; Israelen aurkako «berehalako eraso terrorista bat» prestatzen ari zen, eta horregatik egin zuten erasoa, komunikatuan adierazi dutenez.

Azken asteetan Zisjordanian egindako eraso handiena izan zen atzokoa, eta berehala erantzun du Hamasek. Komunikatu baten bidez, Al-Qassam Brigadek —erakundeko adar militarra da— Zisjordanian ere Israelen aurkako «oldarraldia areagotzera» eta kaleetan mobilizatzera dei egin diete hango herritarrei.

PANeko Gobernuak ere hitz egin du erasoaren inguruan; «krimen anker bat» izan dela salatu du komunikatu batean, eta, beste behin, nazioarteari eskatu dio «ahalik eta lasterrena» Israelen aurkako neurriak hartzeko: «Masakre honek argi erakusten du Israeli bost axola zaizkiola nazioarteko auzitegien ebazpenak, eta legearen gainetik egongo balitz bezala jarduten duela».

Urte hasieratik hona, Israelgo armadak gutxienez 94 pertsona hil ditu Tulkaremen; horietatik zortzi, nerabeak. Zisjordania osoan, berriz, 720 palestinar baino gehiago hil ditu iragan urriaren 7az geroztik, PANeko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera.

Bestalde, Yemen ere astindu du gatazkak gaur. AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak hemeretzi aldiz bonbardatu dituzte huthiak. Talde xiitaren hedabideek adierazi dutenez, Sana hiriburua ere bonbardatu dute. Eraso horiek ez dute inor hil, ezta zauritu ere. Huthiek leporatutako partaidetza ukatu du Erresuma Batuak; hala adierazi dio Defentsa Ministerioak Al Jazeera telebista kateari. AEBek, bestetik, ez dute adierazpenik egin bonbardaketen inguruan.

urri erdialdean ekingo diote polioaren aurkako txertoaren bigarren dosia jartzeko kanpainari

Osasunaren Mundu Erakundeko iturri bat aipatuz The Guardian egunkariak gaur kaleratu duenez, erakundeak urri erdialdean hasi asmo du Gazan polioaren aurkako txertoaren bigarren dosia jartzeko kanpaina. Erakundeak eskaera bat bidali dio Israelgo Gobernuari, kanpaina hilaren 14an hasi ahal izateko, eta, lehenengo dosia jartzeko kanpainan egin bezala, oraingoan ere eten humanitarioak indarrean jartzea nahi lukete. Joan den hilean hasi zuten polioaren aurkako txertaketa kanpaina, eta, OMEren datuen arabera, Gazako 560.000 haurrek jaso zuten lehenengo dosia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.