Israelgo armadak gutxienez hamar palestinar hil ditu Zisjordanian, han aspaldian egindako erasorik handienean

Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek Irani leporatu dio Zisjordanian Israeli kontra egiteko «fronte terrorista berri bat» ireki nahi izatea

Israelgo armadaren ibilgailu militar bat Jeninen, Zisjordanian, gaur. ALAA BADARNEH / EFE
Israelgo armadaren ibilgailu militar bat Jeninen, Zisjordanian, gaur. ALAA BADARNEH / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abuztuaren 28a
15:00
Entzun

Iragan urriaren 7az geroztik, Israelgo armadak areagotu egin du Zisjordanian bizi diren palestinarren aurkako indarkeria, eta horren erakusle dira azken egunetako gertakariak. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Osasun Ministerioak gaur goizaldean jakinarazi duenez, Zisjordaniako Jenin, Tulkarem eta Tubas hiriei egin die eraso bart Israelgo armadak; gutxienez hamar palestinar hil ditu, eta 11 zauritu. Horiei gehitu behar zaizkie herenegun Nur Xams errefuxiatuentzako kanpalekuaren aurka egindako bonbardaketan hildako bost palestinarrak, eta kolono israeldarrek hil zuten beste bat.

Nablus hiriko hainbat eremuren aurka ere egin du Israelgo armadak, droneak eta helikoptero eta ibilgailu militarrak erabilita. Palestinako Jihad Islamikoak salatu du bulldozerrak ere erabili dituztela, erasoaren ondoren kaleratutako prentsa ohar batean. Azalpen horrekin bat egin dute Hamaseko adar militarrak eta Al-Fatahk, nork bere aldetik zabaldutako komunikatuetan, eta esan dute euren milizianoak soldadu israeldarrekin borrokan aritu direla.

Bart gaueko erasoa justifikatze aldera, «terrorismoaren aurkako operazio bat» izan dela argudiatu du Israelgo armadak. Baina Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek pauso bat haratago eman du, eta Irani leporatu dio Zisjordanian «Israeli kontra egiteko fronte terrorista bat» ireki nahi izatea; Libanokoaren eta Gazakoaren parekoa, haren esanetan. «Zisjordanian Israeli kontra egiteko fronte terrorista bat ezartzeko lanean ari da Iran, Jordaniatik kontrabandoan sartutako armekin terroristak finantzatzen».

Tentsioa baretu ez, eta borrokak Zisjordaniara zabalduko ote diren kezkak hauspotu ditu Katzek. Hori gertatuko balitz, uste du «mehatxuari» Gazakoari erantzun gisan erantzun behar lioketela: «Beharrezkoa den edozein neurri hartzeko prest gaude; adibidez, eremu horretan bizi diren palestinarrak ebakuatzea. Hau gerra bat da, eta irabazi egin behar dugu».

«Beharrezkoa den edozein neurri hartzeko prest gaude; adibidez, eremu horretan bizi diren palestinarrak ebakuatzea. Hau gerra bat da, eta irabazi egin behar dugu»

ISRAEL KATZIsraelgo Atzerri ministroa

Bestelako iritzia du PANek. Israelen erasoek izan ditzaketen ondorioez eta arriskuez abisatu du gobernuko bozeramaile Nabil Abu Rudeinehk, prentsa ohar baten bidez: «Hiriak suntsitzeak, zibilak atxilotzeak eta hiltzeak, eta kolonizazioak ez diote inori ez segurtasunik, ez egonkortasunik ekarriko». Eta, egoera ikusita, laguntza eskatu dio nazioarteari: «Munduak berehala hartu behar ditu muturreko gobernu horren aurkako neurriak, zeinak eskualdearen egonkortasuna arriskuan jartzen duen».

Bigarren Intifadatik (2000-2005) izandako indarkeria olderik bortitzena jasaten ari dira Zisjordanian bizi diren palestinarrak. Palestinako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, urte hasieratik hona 310 palestinar baino gehiago hil dira Israelgo armadak egindako erasoetan. Iragan urriaren 7az geroztik, berriz, 650 pertsona inguru hil dituzte; horietatik 147, haurrak. Abuztuaren 15ean, esaterako, Jit eskualdearen aurka egin zuten kolonoek, eta palestinar bat hil. Israelgo armadak eraso hura gaitzetsi du gaur, «ekintza terroristatzat» jota.

Meniaren bila, Qatarren

Gazarako su eten bat adosteko negoziazioen beste bilera sorta bati ekingo diote gaur, Dohan (Qatar). AEB Ameriketako Estatu Batuetako, Egiptoko eta Qatarko ordezkariek hartuko dute parte eztabaida horietan, baita Israelgo ordezkaritza talde batek ere. Hamasek, berriz, ez du parte hartuko.

Hilaren 15etik 18ra bitartean Kairon egin zituzten negoziazioetarako bileren ondoren, Israelek AEBen menia proposamena onartu zuela iragarri zuen AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek, baina Israelgo Gobernuak ez zuen halakorik baieztatu. Gainera, Hamasek gogor kritikatu zuen AEBen proposamena, argudiatuta ez zituela barne hartzen erakunde islamistak iragan maiatzean Joe Biden AEBetako presidentearekin adostutako baldintzak. Joan den astean ere bildu ziren, baina erabakirik hartu gabe bukatu ziren eztabaidak.

AEB-en arabera, huthiek eraso egindako ontzia petrolioa isurtzen hasi da

Yemengo matxino huthiek Greziako MV Sounion petrolio ontziari su eman zioten iragan ostiralean, Al-Hudeida portuan. Bada, AEB Ameriketako Estatu Batuetako iturri ofizialek gaur jakinarazi dutenez, ontzi horretan gordeta zegoen petrolioaren zati bat Itsaso Gorrira isurtzen hasi da; 150.000 tona petrolio daude ontzian. EB Europako Batasuneko Itsasorako Misioak asteon ohartarazi duenez, petrolioa itsasora isuriko balitz «sekulako ingurumen katastrofe bat» izango litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.