Palestinako gatazka

Israelgo armadak Gaza hegoaldera zabaldu du lehorreko ofentsiba

Militarrek jakinarazi dute «ia-ia» amaitu dutela Gaza iparraldeko operazioa. Zerrendan zortziehun palestinar inguru hil dituzte larunbatetik hona aireko erasoetan.

MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Israelgo soldaduak tankeetan, Gazako mugan, atzo. ATEF SAFADI / EFE
maddi iztueta olano
2023ko abenduaren 4a
11:25
Entzun

Israelgo armadak «ia-ia» amaitu du Gaza iparraldeko operazio militarra, lehorreko tropen buru Hisham Ibrahimen arabera; eta, orain, gauza bera egingo dute hegoaldean. Lehorreko ofentsiba zerrenda osora hedatuko dutela iragarri du goizaldean Israelgo armadako teniente buru Herzi Halevik, eta soldadu israeldarrak dagoeneko sartu dira hegoaldean. «Gogor eta indartsu borrokatu ginen zerrenda iparraldean, eta orain hegoaldean egingo dugu». Salah al-Din errepidetik behera egin baino lehen —zerrenda osoa zeharkatzen du iparraldetik hegoaldera— armadak eremua uzteko agindu zien Khan Yunis hirian eta horren inguruetan bizi diren herritarrei, eta «gudu zelai arriskutsutzat» jo zuen; 1,7 milioi gazatar inguru bizi dira orain hegoaldean, eta horietatik ehunka milaka urriaren 7az geroztik iparraldetik ihes egindakoak dira.

Israelgo armada zerrenda seiehun eremutan zatitzen duen mapa baten bidez ari da ematen ebakuazio aginduen berri. Edonola ere, aireko erasoak nonahi egiten ari dira, baita Rafahn eta horren inguruan ere —Egiptoren eta Gazaren artean dagoen pasabidea, laguntza humanitarioa sartzeko erabiltzen dutena—. «Okupazioak ez du Gazako zentimetro bat bera ere utzi bonbardatu gabe. Faltsuki baieztatzen du eremu seguruen existentzia», jakinarazi du gaur Gazako Osasun Ministerioak, prentsa ohar batean.

Lehorreko erasoa Gaza hegoaldera zabaltzeko asmoaren harira, zibilak «ahalik eta gehien» babesteko eta operazioak «ahalik eta zehatzenak» izateko eskatu diote AEB Ameriketako Estatu Batuek Israeli —hala egin zuen Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak joan den astean ere, Israelera egin zuen bisitan—. Irudi du, ordea, hori betetzea ez dela erraza izango. Mossadeko buru ohi Yossi Cohenek Israelgo telebista kate batean atzo esan zuen operazio militarrak «zailagoak» izango direla zerrenda erdialdean eta hegoaldean, zibil asko bizi baitira han, hain justu.

Tropa israeldarrak gero eta eremu gehiagotara hedatzen ari direlarik, «dagoeneko ez da leku segururik Gazan», NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi ordezkari Volker Tuerken esanetan. Babesgabetasun hori, gainera, are gehiago areagotzen dute etenik gabeko bonbardaketek. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, zortziehun palestinar inguru hil dituzte herenegundik gaur goizaldera arte egindako erasoetan; iragan urriaren 7az geroztik, berriz, 15.800 palestinar hil ditu Israelgo armadak, eta 40.000tik gora zauritu —7.000 desagertu inguru ere badaude—.

Hain justu, Israelen gerra krimenen eta palestinarren aurkako indarkeriaren gaineko ikerketa «bizkortuko» duela esan du gaur NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburu Karim Khanek. Ikerketa horren parte lirateke Israelgo armada Gazan egiten ari den erasoak, batetik; eta kolono juduek Zisjordanian palestinarren aurka urteotan erabilitako indarkeria, bestetik. «Oso argia izan nintzen: legea betetzeko garaia da. Israelek hori orain egiten ez badu, ez dadila kexatu gero».

Gatazka ez zabaltzeko deia

Urriaren 7tik, kezka nagusi bat areagotzen ari da nazioartean: Israelen eta Gazako milizia palestinarren arteko borroken harira, gatazka Ekialde Hurbilera zabaltzea eta beste herrialde batzuek esku hartzea. Hori saiheste aldera, eskualdean duen «influentzia» erabiltzeko eskatu dio Irani NBEko diplomazia buru Josep Borrellek.

Gatazka zabaltzeko beldur hori areagotzen ari da egunotan, Yemengo matxino huthien ekintzen eta iruzkinen harira. Itsaso Gorrian Israelen bandera duten edo jabetza israeldarra duten ontziak blokeatzen ari dira, baita AEBetakoak ere —AEBetako armadaren bi ontzi blokeatu zituzten atzo—. Iragan ostegunean berriz egin zioten mehatxu Israeli; esan zioten «operazioak zabalduko» lituzketela «Gazaren kontrako erasoa berriz» hasiko balu.

Halakorik gerta ez dadin, negoziatzen jarraitzeko konpromisoari eutsiko diola esan zion atzo Blinkeni Qatarko Atzerri ministro Mohamed bin Abderahmanek. Orain ez dago abian borrokak behin-behinean eteteko negoziaziorik; Israelek herenegun atera zuen negoziazio mahaitik bere ordezkaritza, argudiatuta Hamasek ez zuela bahituen eta presoen trukeari buruzko akordioaren bere zatia bete.

Denera, Palestinako organizazio islamistak 105 gatibu —81 israeldar eta 24 atzerritar— utzi zituen aske truke horietan; eta Israelek 240 preso palestinar. Bada, Israelgo Gobernuak jakinarazi duenez, hilda daude askatzeko geratzen diren 137 gatibuetatik hamabost.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.