Palestinako gatazka

Israelgo armadak esan du Gazako operazio militarra «zabaldu» duela

Militarrek azaldu dute zerrendaren «beste auzo batzuetara» hedatuko dutela inbasioa. NBEren arabera, 1,7 milioi herritar baino gehiago lekualdatu dira.

GAZA GERRA
Palestinar batzuk Nazio Batuen Erakundeak ezarritako behin-behineko kanpaleku batera bidean, atzo, Khan Yunisen (Gaza). HAITHAM IMAD / EFE
ander perez zala
2023ko azaroaren 20a
12:39
Entzun

Israelgo armadaren operazio militarra, hau da, Gazaren inbasioa, oraingoz, eremu horren iparraldera mugatu dute militarrek. Iragan aste hasieran, ordea, hurrengo pausoen lehen zantzuak eman zituzten, zeharka izan bazen ere, eta atzo bertan armadak plan horiei buruzko baieztapen moduko bat egin zuen: esan zuen erasoaldia «zabaldu» egin duela «Gazako zerrendako beste auzo batzuetara».

Gaza hirian daude egun Israelgo militarrak, baina Jabaliako errefuxiatuen kanpalekuan dauden zibilei —zerrendako handiena da— eta inguruko kostaldean daudenei ebakuatzeko deia egin zieten atzo militarrek. Hori aintzat harturik, eta, bestalde, armadak joan den astean eskuorriak bota zituela Khan Yunisen ekialdean dauden herritarrei mendebaldera joateko esanez, armadak aditzera eman du ofentsiba, pixkanaka bada ere, hegoaldera hedatzen ari dela.

Horren guztiaren beste zantzu bat herenegungoa da: gutxienez 80 lagun hil zituzten Jabaliako iheslarien eremua bonbardatuta, bai eta beste hamabost lagun ere Khan Yunisko eraikin bati eraso egitean; Israelgo armadak orain arteko aitzakia berbera erabili du hori justifikatzeko: Hamasen ustezko azpiegituren kontra ari direla.

Tel Avivek lege proiektu bat aurkeztuko du «terroristei» nahitaez heriotza zigorra aplikatzeko

Gaur, gainera, Palestinako Wafa albiste agentziak argitaratu du eremu horretatik gertu dagoen Indonesiar ospitaleari ere eraso diotela eta, gutxienez, hamabi lagun hil dituztela; lekukoen arabera, tankeak eraikin horren inguruan daude. Anas al-Xarif kazetaria han dago, esaterako, eta Al-Jazeera telebista kateari adierazi dionez, «dena jomugan dago» Israelgo armadarentzat. MSF Mugarik Gabeko Medikuen arabera, atzo ere 70 lagunetik gora hil zituzten Khan Yunisen, ostera, Nasser ospitaletik kilometro ingurura.

Arlo politiko eta juridikoan, berriz, Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirrek —eskuin muturrekoa— lege proiektu bat proposatu zuen «terroristei» nahitaez heriotza zigorra aplikatzeko —kasu horretan, palestinarrez ari da—, eta gaur eramatekoa da testu hori parlamentura. X sare sozialean idatzi duenez, espero du diputatu guztiek babesa emango diotela; ikusteko dago zer gertatuko den, bahituen senideak ordezkari horiekin bildu baitira gaur, eta eskatu baitiete ezezkoa emateko.

Nazio Batuen Erakundeak gaur jakinarazitako eguneraketaren arabera, Gazako 1,7 milioi herritar baino lekualdatu behar izan dira asteotan; hau da, zerrendako biztanleen %77.

Etenaldirako iniziatiba

Nazioartean, herrialde arabiarrek eta islamikoek osatutako ordezkaritza bat Gazarako su etena lortzeko ahaleginetan ari da. Bira diplomatiko bat hasi dute zenbait ministrok, eta lehen geltokia Txina izan dute, gaur. «Hemen gaude seinale argi bat bidaltzeko: borrokak eta hilketak berehala gelditu behar ditugu, eta berehala bidali behar ditugu baliabide humanitarioak Gazara», azaldu du Saudi Arabiako Atzerri ministro Faisal bin Farhan al-Saudek.

Su etenerako deiak ugaritzen ari diren honetan, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk behin eta berriz esan du ez duela meniarik onartuko Gazako milizia palestinarrek bahituak askatzen dituzten arte. Hain justu, afera horretan bitartekaritza lanak egiten aritu dira Qatar eta AEB Ameriketako Estatu Batuak asteotan; lan horri esker, badirudi Hamasen eta Tel Aviven arteko akordio bat gertu dagoela, «datozen egunetarako», The Washington Post egunkariak atzo argitaraturikoaren arabera.

AEBetako egunkariak jaso du Washingtonen asmoa dela bost eguneko etenaldi bat lortzea, eta horren truke zera egingo luketela bi aldeek: batetik, Hamasek 50 bat bahitu askatuko lituzke, emakumez eta haurrez osaturiko talde bat; eta, bestetik, Israelek ahalbidetu egingo luke laguntza humanitarioa Gazan sartzea, orain arte baino askoz ere handiagoa. Edonola ere, oraindik ez dago ezer erabakita; The Wall Street Journal-ek gaur argitaratu du, Egiptoko Gobernuko iturriak aipatuta, organizazio islamistak kartzelaturiko palestinar batzuk askatzeko ere eskatu duela, eta Tel Aviv horren kontra agertu dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.