Israelgo armadak erasoak gogortu ditu Zisjordanian

Leherketak eta tiroketak izan dira Jeninen; gutxienez hamar pertsona hil ditu Tel Avivek operazioaren hasieratik. Jordaniako Atzerri ministroak ohartarazi du arriskua dagoela Gazan gertatutakoa Zisjordanian ere gertatzeko.

Bi emakume palestinar oinez, Israelgo armadaren ibilgailuen ondoan, gaur, Jeninen. ALAA BADARNEH / EFE
Bi emakume palestinar oinez, Israelgo armadaren ibilgailuen ondoan, gaur, Jeninen. ALAA BADARNEH / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 22a
13:37
Entzun

Hamasekin Gazarako adostutako su etena indarrean den honetan, Israelgo armadak gogortu egin ditu Zisjordaniaren aurkako erasoak. Hain justu, Israelgo soldaduek azken asteetako erasoaldirik bortitzena abiatu zuten atzo Jeninen; Palestinako WAFA albiste agentziaren arabera, gutxienez hamar palestinar hil zituzten, eta 30 baino gehiago zauritu. Gaur goizean, halaber, leherketak eta tiroketak izan dira Jeninen, AFP berri agentziak jakinarazi duenez. Bada, Israelgo agintariek azken orduetan egindako adierazpenei erreparatuta, irudi du oraingoz ez dutela asmorik operazioa bertan behera uzteko. «Jeninen hasi dugun operazioa lehenengo lezioa baino ez da», esan du gaur goizean Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek.

Zisjordanian egiten ari diren operazioen inguruan galdetuta, Gazakoak justifikatzeko erabilitako azalpen bera eman du Israelgo Gobernuak: «Terrorismoa desagerrarazteko operazio bat» dela, alegia. Israelen mugimenduek, ordea, beldurra zabaldu dute ez ote dituen Gazaren aurkako erasoaldien parekoak egingo Zisjordanian ere. Horretaz ohartarazi du, adibidez, Jordaniako Atzerri ministro Ayman Safadik, Munduko Ekonomia Foroan, Davosen (Suitza), egindako prentsaurreko batean: «Gure lehentasunetako bat da Zisjordanian segurtasuna bermatzea; bestela, eskualde osoa are gehiago ezegonkortuko da».

Israelgo armadaren erasoen ondorioz, baina, gero eta tentsio handiagoa dago. Tel Aviven lau pertsona zauritu zituzten atzo gauean, labanaz, eta, zertxobait geroago zabaldutako ohar batean, Hamasek jakinarazi zuen bere miliziano batek egin zuela erasoa. Palestinako erakunde islamikoaren arabera, indarkeria ekintza hori Israelek Zisjordanian abiatutako operazioaren «erantzun natural bat» izan zen. Horrekin lotuta, Al-Jazeera hedabideen egindako elkarrizketa batean, Hamaseko lider politiko Zaher Yabarinek Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri egotzi dio Zisjordaniaren aurkako «gerra bat» hastea botereari eutsi ahal izateko.

Bestalde, zeresana eman du Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkari izateko aukeratu duenak, hau da, Elise Stefanik kargua hartzean esandakoak. Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichen eta Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirren ikuspuntuarekin bat egiten ote duen galdetuta, irmo erantzun zuen baietz: «Israelek Zisjordania osoaren gaineko eskubide biblikoa dauka». Bi ministro horiek Israelgo Gobernuko kiderik ultraeskuindarrenak dira.

Rafahko pasabidea

Hamasek eta Israelek adostutako menia indarrean sartu eta hiru egunera jakinarazi du Egiptoko Gobernuak Gazarekin mugan dagoen Rafah pasabidea irekiko dutela. Komunikatu baten bidez eman zuen horren berri, atzo gauean. Sinai penintsulako gobernadore Jaled Megawerren arabera, laguntza kamioiak zerrendan sartzeko erabili ahal izango da pasabidea, eta zaurituak  ateratzeko. Argitzeko dago, baina, nork gainbegiratuko duen pasabidea.

Netanyahuren bulegoak komunikatu baten bidez gaur adierazi duenez, Hamasekin afiliatuta ez dauden gazatar zibilek kontrolatu ahalko dute Rafahko pasabidea. Ohar horrek gezurtatu egiten ditu, beraz, azken orduetan Israelgo hedabideetan zabaldu diren zurrumurruak Informazio horien arabera, PAN Palestinako Aginte Nazionalak izango zuen pasabidea gainbegiratzeko ardura, NBEren eta nazioarteko beste eragile batzuen laguntzarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.