Israelgo armadak ehundik gora lagun hil ditu Gazan, laguntza jasotzeko zain zeudela

Militarrek aitortu dute jendetza baten kontra tiro egin dutela, «mehatxu bat» zirelakoan. Joan den urriaren 7az geroztik, 30.000 pertsona baino gehiago hil dituzte zerrendan.

Hiru palestinar, atzo, Al Nuseirat errefuxiatuen kanpalekuan, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE
Hiru palestinar, atzo, Al Nuseirat errefuxiatuen kanpalekuan, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE
ander perez zala
2024ko otsailaren 29a
16:35
Entzun

Israelgo armadak ehun lagunetik gora hil eta 280 pertsona inguru zauritu ditu gaur Gaza hiriaren hegoaldean, laguntza jasotzeko zain zeudela, zerrendako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Kopuru horiek aintzat hartuta, joan den urriaren 7an gerra hasi zutenetik, militarrek gutxienez 30.000 lagun hil dituzte.

«Erasoa oso pentsatua eta nahita egina izan da, genozidioaren eta Gazako zerrendaren herriaren garbiketa etnikoaren testuinguruan egina. Okupazioaren armadak bazekien biktima horiek elikagaiak eta laguntza jasotzeko joanak zirela eremu horretara, baina, halere, odol hotzean hil ditu», esan du Gazako Osasun Ministerioak komunikatu baten bitartez. Heriotza horiek guztiak kritikatu dituzte, besteak beste, PAN Palestinako Aginte Nazionalak, Egiptok eta Jordaniak.

Israelgo armadak aitortu egin du zibil horien kontra egin duela, esan baitu jendetza baten aurka aritu dela, «mehatxu bat» zirelakoan elikagaiak banatzeko. Gainera, zalantzan jarri du Gazako Osasun Ministerioak emandako datua; militarrek esan dute, ohar baten bidez, beren erasoaren ondorioz pertsona gutxi hil direla, eta beste heriotzak «bultzaden eta oinak zapaltzearen ondorio» izan direla. Gerora, gainera, Israelgo Gobernuaren bozeramaile Avi Hymanek adierazi du «oraindik ere» ez dutela Gazan gertaturikoaren «xehetasunen berri»; hori bai, gaineratu du «tragedia bat» izan dela ehundik gora lagun hiltzea.

Gazako mediku zerbitzuek, berriz, jakinarazi dute zaurituak Al-Xifa ospitalera eraman dituztela. Aintzat hartu behar da ospitale hori partzialki ari dela funtzionatzen, Israelgo armadaren erasoen ondorioz, eta zail izango dutela biktima horiek ongi artatzea.

Afera horretaz Hamasek ere ohar bat kaleratu du, eta mehatxu bat egin du: bahituei buruzko elkarrizketetatik atera daitekeela. Palestinako organizazio islamista beste su eten bat indarrean sartzeko negoziatzen ari da Israelekin, AEB Ameriketako Estatu Batuen, Egiptoren eta Qatarren bitartekaritzari esker; Joe Biden AEBetako presidenteak uste du astebururako menia bat adostuko dutela, eta astelehenean sartuko litzatekeela indarrean, ramadanaren hasieran —musulmanen hilabete santua da—.

Gaza hiriaren hegoaldeko erasoaren aurretik, gaurko ordu txikietan, Israelgo armadak beste bonbardaketa sorta bat egin du Gaza erdialdean dauden errefuxiatuen bi kanpalekuren kontra, eta gutxienez 70 lagun hil ditu.

Zisjordanian ere bai

Atzo gauean ere, Israelgo armadak palestinar bat hil zuen Zisjordania iparraldean, Palestinako Wafa albiste agentziak jakinarazi duenez. Tiro egin zioten.

Eta gaur, gainera, palestinar batek bi kolono judu hil ditu Zisjordania iparraldean, Eli kokagunetik gertu, Magen David Adom Israelgo larrialdi zerbitzuen arabera. Horren ondoren, kokaguneko segurtasun agente batek erasotzailea hil du, Israelgo armadak jakinarazi duenez: «Terrorista bat Eliko gasolindegira iritsi da, eta su egin du. Neutralizatua izan da».

Aurten, denera, Israelgo armadak gutxienez 83 palestinar hil ditu Zisjordanian; iaz 520 pertsona izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.