Palestinako gatazka

Israelgo armadak bitan zatitu du Gaza, eta inguratuta dauka hiriburua

NBEren laguntza humanitariorako agentziek «berehalako su eten humanitario bat» eskatu diote Tel Avivi, ezohiko agiri bateratu batean. Ia 10.000 palestinar hil dira.

Palestinar talde batzuk, Gaza iparraldea uzteko ahaleginean, oinez abiatu ziren atzo hegoalderantz. MOHAMMED SABER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko azaroaren 6a
12:54
Entzun

Israelek Gaza bitan banatzea lortu du. Tropek kontrolpean dituzte zerrendaren iparraldea eta hegoaldea komunikatzeko eremu guztiak. Eta armadak, atzo gauean jakinarazi zuenez, erabat inguratuta dauka Gaza hiria. Israelgo zenbait hedabidek aurreratu dute armadak hurrengo 48 orduetan hirira sartzeko asmoa duela.

Nazioartea gero eta dei gehiago egiten ari da su eten humanitario bat eskatzeko, baina Israelek Gaza bonbardatzen jarraitu du bart gauean ere. Armadaren esanetan, 450 «helbururi» egin die eraso, eta horien artean ziren Hamasen milizianoak, azpiegiturak, behaketa postua, lur azpiko tunelak eta tankeen kontrako misilak jaurtitzeko postuak, besteak beste. Gazako Osasun Ministerioaren esanetan, bonbek berrehun palestinar baino gehiago hil dituzte zerrendaren iparraldean bakarrik. Bart gaueko bonbardaketek telefono eta Internet sarerik gabe utzi dute Gaza, hirugarrenez. Goizean hasi dira seinalea pixkanaka berreskuratzen.

Aurreko egunetan, Israelek Gaza iparraldea uztera deitu ditu hegoaldera mugitu ez diren 300.000 zibil inguru, eta, gaur, jakinarazi du zerrendaren hegoaldera lekualdatzeko korridore bat ireki duela. Herritarrek, ordea, mugitzeko eragozpen ugari dituzte: garraio eta erregai falta, eraikinen hondakinek itxitako bideak, eta segurtasun bermerik eza. Hainbat lekukok adierazi baitute Israelek artilleriarekin eta bonbekin egin diela eraso Gaza iparraldetik hegoaldera abiatu diren zibilen zenbait konboiri. Horrez gain, NBE Nazio Batuen Erakundeak adierazi du 30.000 herritar inguruk hegoaldetik iparraldera itzultzea erabaki duela, batean eta bestean arrisku bera dutela ondorioztatu dutelako.

Israelek Gazari ezarria dion setioa dela eta, elikagairik, urik eta erregairik gabe gelditzen ari dira herritarrak. Gaza eta Egipto arteko Rafahko pasabidetik sartu den laguntza humanitarioa ez da nahikoa herritarrek bizirik irauteko dituzten beharrak asetzeko. NBEren arabera, arroza, olio begetala eta lekaleak, esaterako, hiru egun baino lehenago agortuko dira. Gainera, Israelek ez du baimendu elikagaiekin eta urarekin batera erregaia sartzea. Hala, Gazako osasun zentrorik handienak, Al-Xifa ospitaleak, iragarri du «ordu gutxitarako erregaia» gelditzen zaiola, argindarrik gabe gelditu aurretik. Ospitaleak milaka zauritu eta gaixo artatzen ditu, eta, horrez gain, babes bila joandako 40.000 errefuxiaturentzako aterpea ere bada.

Bestalde, hainbat orduz itxita egon ondoren, eguerdian berriro ireki dute Rafahko pasabidea, Gazan dauden atzerritarrak eta bi nazionalitate dituztenak handik irten daitezen. Ez dute zehaztu pasabidea noiz arte egongo den irekita, ezta zenbat lagun irtengo diren ere. Bonbardaketak hasi zituenetik, 10.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek Gazan —4.000tik gora, haurrak—, eta beste 150 baino gehiago Zisjordanian. Zaurituak 30.000 inguru dira. Gazako miliziek 1.400 israeldar inguru hil zituzten urriaren 7an Israelen egin zuten erasoan; 5.600 zauritu zituzten, eta 240 baino gehiago bahitu. Ordutik, 1.536 dira miliziek hildako israeldarrak, Tel Aviven datuen arabera.

«Onartezina da»

Egoera hori ikusirik, «berehalako su eten humanitario bat» eskatu diote Israeli NBEren agentzia humanitario nagusietako buruek eta laguntza humanitariorako nazioarteko zenbait elkartek, ezohiko agiri bateratu baten bitartez. Gazako egoera «izugarria» dela salatu dute. «Biztanleria osoa setiatuta eta erasopean dago; bizirauteko oinarrizko gaiak ukatzen zaizkie; beren etxeak, aterpeak, ospitaleak eta otoitzerako guneak bonbardatzen zaizkie. Hau onartezina da», jasotzen du idatziak.

Sinatzaileen artean dira OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulekoa, Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa, MEP Munduko Elikadura Programa, OME Osasunaren Mundu Erakundea, Save the Children eta CARE International, besteak beste. Elkarteek nabarmendu dute Israelen erasoetan UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko 88 langile hil direla, eta kopuru horrek gainditu egiten duela NBEk gatazka bakar batean inoiz izan duen hildakoen zenbatekoa. Horren harira, palestinarrei laguntzeko 1.200 milioi dolarreko —1.120 milioi euro inguru— funts bat osatzera deitu du gaur Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak. Jakinarazi duenez, gazatarrei eta Zisjordanian daudenei, hau da, gutxi gorabehera 2,7 milioi pertsonari laguntzeko erabiliko lukete.

Su eten baterako aukera baztertu egin zuen Benjamin Netanyahu Israelgo ministroak atzo, beste behin, baldin eta Hamasek eta haren Palestinako milizia aliatuek beren esku dituzten bahituak askatzen ez badituzte. Israelek iragarria du «gerra luze eta gogor bat» hasi dela Gazan, Hamas «suntsitzeko» eta hura zerrendako agintetik kentzeko.

Tel Aviv bai airetik eta bai lurretik Gazaren kontrako erasoak gogortzen ari den honetan, tentsioa gora eta gora doa Israelen eta Libanoren arteko mugan. Israelgo bonba batek hiru zibil hil zituen atzo Libanon, eta herrialde horretako Hezbollah miliziak berehala erantzun zuen. Misilak jaurti zituen Israel iparraldeko Kiryat Shmona herrira. Herritar bat hil zuen. Gaur Hamasen Al-Qassam Brigadak jaurti ditu suziri batzuk —haien esanetan, hamasei— Libano hegoaldetik Israelgo Nahariya eta Haifa hirietara, eta Israelek adierazi du artilleriarekin erantzun duela.

Gatazka Ekialde Hurbilera heda ez dadin, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken bilera sorta bat egiten ari da egunotan eskualdeko zenbait herrialdetan. Turkian izan da gaur, eta herrialde hartako Atzerri ministro Hakan Fidanekin elkartu da aurrez aurre. Blinkenek ondoren Turkiako hedabideei esan dienez, adostu dute lanean «gogor» segitzea Gazara laguntza humanitario gehiago irits dadin. «Israeldarrak konbentzitu ditugu aurrerapausoak eman ditzaten zibil gutxiago hiltzeko», gehitu du estatu idazkariak, bera buru duen ministerioaren ohar baten arabera. Blinken Netanyahurekin elkartu zen ostiralean, eta «zibilak babesteko» eskatu zion.

Bahituen egoerarekin kezkatuta, Israelen geroz eta indar handiagoa hartzen ari dira gatibuen senideek gidatutako protestak. Parlamentuaren parean elkarretaratzea egin dute gaur bahituen ehunka familiarrek, eta gobernuari eskatu diote gehiago egin dezala beren senideak onik itzultzeko. Gobernuaren lehentasuna bahituak izan daitezela nahi dute. Galdegin dute horiek aske uztea ezinbesteko baldintza izatea su eten bat onartzeko, eta laguntza humanitariorik ez baimentzea bahituei sendagaiak helarazten ez bazaizkie. Senideen artean, badira Israelen erasoaldiak bahituak arriskuan jartzen dituela salatu dutenak ere, eta gobernuari gatibuen eta preso palestinarren arteko truke bat onartzeko eskatzen diotenak.

Bestalde, Irango iturri ofizialek gaur jakinarazi dute OIC Konferentzia Islamikoaren Erakundea bilera bat egitekoa dela Palestinako auziaz hitz egiteko, Teheranek eta Saudi Arabiak deituta. 51 herrialde dira erakunde horretako kide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.