Ez du etenik Israelen setioak. Nabluseko (Zisjordania) Ilargi Gorriak 25 lagun artatu ditu bart, Israelgo Armadaren azken erasoaldiaren ostean. Hilda zeuden horietako hiru, eta larri zaurituta bost. Ospitaleratu egin dituzte guztiak.
Palestinako Wafa berri agentziaren arabera, Israelgo indarrek hiriko alde zaharra bonbardatu dute lehenik, eta han sartu dira soldaduak gero, droneen laguntzarekin. Tiroak eta leherketak entzun dira orduan. Hortaz gain, salatu dute Palestinako segurtasun indarren aurka ere tiro egin duela Israelgo Armadak, eta larrialdi zerbitzuei ez dietela pasatzen utzi zaurituak artatzeko.
Israelek gauerdian jakinarazi zuen Nablusen operazio bat egiten ari zela, eta azaldu dute Palestinako talde armatuaren apartamentu batean sartu direla. Haien arabera, lehergailuak egiteko laborategi bat suntsitu dute. Aitortu dute tiro egin dietela «hainbat palestinarri», baina salatu dute haiek operazioan pneumatikoak erre dituztela eta harriak bota dizkietela soldaduei. «Terroristek» tiro egin zietela ere esan dute.
Israelek aipatutako talde armatuak Lehoiaren ezkutalekua izena du; duela gutxi sortutakoa da, eta nagusiki Zisjordanian jarduten du. Azken egunetan, Israel haren kontra ari da nagusiki: hari egozten dio Israelgo soldaduen eta herritarren aurkako eraso batzuk egin izana. Igande honetan bertan taldeko buruzagietako bat hil zuen Israelek.
Beste hildako bat Ramallahn
Nablusekoa ez da Israelek bart egindako eraso bakarra izan: Ramallah hiriari (Zisjordania) eraso egin dio beste behin (Nablusetik 80 kilometrora), eta lagun bat hil du. Soldaduen tiroen ondorioz hil da.
Urriaren 3an ere bi lagun hil zituen han Israelgo Armadak. Israelen erasoaldiak orain dela sei hilabete hasi ziren, eta ordutik ehun palestinar baino gehiago hil dituzte, eta 2.000 inguru atxilotu.
Nazioarteari deia
PAN Palestinako Aginte Nazionalak Nazio Batuen Erakundeari eta giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeei eskatu die «berehala» esku hartzeko Palestinan, «okupazio indarrak herritarren aurka misilekin eta droneekin egiten ari diren erasoak geldiarazteko». Ohar batean esan duenez, «gerra krimenak» egiten ari da Israel.
Mahmud Abbas PANeko presidenteak Ameriketako Estatu Batuei egin dizkie kritikak: «Nazioarteko komunitateak esku hartu behar du okupazio hauamaitzeko. Bestela, Israelek eta AEBek pentsa dezaketen baino arriskutsuago jarriko dira gauzak», eman du abisua. Gaur bertan, Etxe Zurian izango da Isaac Herzog Israelgo presidentea, Joe Biden AEBetakoarekin.
Gaurko hilketak direla eta, greba orokorra egingo dute Palestinako erakundeek deituta, eta dolu eguna ere izendatu dute gaur. Manifestazioak ere izan dira Zisjordaniako hainbat hiritan. Haietan, Israelen erasoak gaitzetsi dituzte, eta «nazioartearen isiltasuna» ere bai.
Ikusi gehiago:Israelen kanpaina politiko odoltsua