Zisjordanian eguneroko kontua dira oraindik ere sarekadak eta hilketak: Israelgo Armadak beste bi palestinar hil ditu gaur Jalazoneko errefuxiatuen kanpamentuan (Zisjordania), Ramallah hiriaren iparraldean. Hala baieztatu dute Palestinako eta Israelgo erakundeek.
PAN Palestinako Aginte Nazionalak gogora ekarri du Israelen erasoaldiak orain dela sei hilabete hasi zirela, eta ordutik ehun palestinar baino gehiago hil dituztela, eta 2.000 inguru atxilotu. Joan den astean ere lau lagun hil eta 44 zauritu zituzten Zisjordania iparraldeko beste kanpamentu batean.
Gaurkoa, Israelen arabera, «terrorismoaren aurkako operazio bat» zen. Azaldu dute susmagarri bat atxilotzeko asmoarekin egin dutela erasoa, eta operazioan agenteei eraso egin dietelako erantzun behar izan dutela haiek tiroka, «bi susmagarri neutralizatzeko». Ez dute xehetasun gehiagorik eman.
Palestinako agintariek jakinarazi dutenez, berriz, 19 eta 22 urte zituzten hildako bi mutilek. Beste bat ere larri zaurituta dago.
Fase kezkagarri bat
PANeko lehen ministro Mohammad Xtayyehk nazioarteko komunitateari eskatu dio aitortzeko Israel dela indarkeria areagotzearen erantzulea. Tel Avivi «benetan presio egitea» galdegin du: «Europako Batasunaren eta Israelen arteko harremanak hobetzen jarraitzeak haien politika errepresibo eta arrazistak indartzea soilik eragingo du».
Israeli, berriz, eskatu dio «egunero palestinarrak hiltzeko politika arriskutsu eta arduragabea eteteko», eta abisua eman du: «Hori egiten ez badute, dena suntsituta utzi dezakeen fase kezkagarri batera bidean goaz».
Ikusi gehiago:Israelen kanpaina politiko odoltsua