Azken 24 orduetan bigarrenez, Israelgo armadak eraso egin dio, gaur goizaldean, Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-Behinekoak duen egoitza nagusiari, herrialdearen hegoaldeko Naqoura herrian. Libanoko NNA albiste agentziak jakinarazi duenez, Sri Lankako bi kasko urdin zauritu dituzte eraso horretan. Atzo iluntzean gisa horretako beste eraso bat egin zuen Israelgo armadak, eta beste bi soldadu zauritu zituen, Indonesiakoak. NBE Nazio Batuen Erakundeko agindupeko soldaduak dira, kasko urdinak: mundu osoko hainbat eremutan daude; Unifil, kasurako, 1978. urtean sortu zuten, eta nazioarteko 10.000 soldaduk osatzen dute. Israelgo armadak bere gain hartu ditu erasoak, baina argudiatuta Hezbollah milizia xiitak Unifilek Libanon dituen egoitzen inguruan «jarduten» duela, eta horregatik egin duela horien aurka.
Tel Aviven erasoek kritika andana eragin dituzte nazioartean. HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak, esaterako, kasko urdinen aurkako erasoak ikertu ditzala eskatu dio NBEri, eta Israeli leporatu dio «gerrako legeak urratzea». Gaur kaleratutako komunikatuan, misioak Libanon egiten duen lana goraipatu du HRWeko Ekialde Hurbileko eta Afrika Iparraldeko zuzendari Lama Fakihk: «Denbora luzez funtzio humanitario bat bete dute: zibilak babestu dituzte». Hiru dira kasko urdinek Libanorako zehaztutako helburuak: Israelen eta milizia xiitaren arteko borrokak gainbegiratzea, zibilek laguntza humanitarioa jasotzen dutela bermatzea, eta 2006ko Israelen eta Libanoren arteko gerraren ondorioz desplazatutakoak etxera itzultzeko baldintza egokiak sustatzea.
Antzera mintzatu da Charles Michel Europar Kontseiluko presidentea, Laosen egiten ari den bidaia ofizial batean egindako prentsaurreko batean. Haren arabera, «onartezina» da NBEren misioei eraso egitea, eta Tel Avivi exijitu dio betetzeko nazioarteko lege humanitarioa. HRWren eta Michelen gaitzespen mezuekin bat egin dute, besteak beste, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak eta Indonesiako Atzerri ministro Retno Marsudik. Pauso bat gehiago eman du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, Erroman egindako prentsaurreko batean Mendebaldeari eskatu baitio «Netanyahuren [Benjamin, Israelgo lehen ministroa] gobernuari armak bidaltzeari uzteko».
Bestalde, kasko urdinen operazioen departamentuko buruzagi Jean Pierre Lacroixek atzo hitz egin zuen aferaren inguruan, NBEren Segurtasun Kontseiluaren bilkuran. Ohartarazi zuen misioko soldaduek «gero eta arrisku handiagoa» dutela milizia xiitaren eta Israelgo armadaren arteko oldarraldiarengatik, eta Tel Avivi gogorarazi zion «bere betebeharra» dela misio hori errespetatzea. Israelgo armadak duela urtebete Gazaren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik, etengabe egin die eraso nazioarteko erakunde humanitarioetako langileei, eta gauza bera egiten ari da Libanon. NBEko Giza Eskubideetako Bulegoko bozeramaile Ravina Shamdasanik gaur emandako datuen arabera, Israelgo armadak ehun mediku eta osasun langile baino gehiago hil ditu han iragan urriaren 7az geroztik.
Libanoko armada, hegoaldera
Libanoko egoeraren inguruan eztabaidatzeko bildu zen atzo NBEko Segurtasun Kontseilua. Bada, gaur, Libanoko lehen ministro Najib Mikatik eskatu dio «ahalik eta lasterren» har dezala erabaki bat «erabateko su eten bat» indarrean jartzeko. Eta gehitu du Libanoko Gobernua prest dagoela Libanoko armada herrialdearen hegoaldera zabaltzeko —hor ari dira borrokan talde xiitako milizianoak eta soldadu israeldarrak—, eta esan du Hezbollahk baduela asmo horren berri; are, «ados» dagoela.
Mikatik adierazpen horiek egin baino zertxobait lehenago, Ekialde Hurbileko egoerari buruz hitz egin du, Laosen egindako prentsaurreko batean, Antony Blinken AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak. Washingtonek Iranen eta Israelen arteko tentsioan dauka arreta jarrita; Blinkenen arabera, «gogor» ari dira lanean gatazka eskualde osora zabaldu ez dadin, eta Irani egotzi dio egoera «gaiztotzen» aritzea. Israelgo armadak kasko urdinen egoitzaren aurka egindako erasoen inguruan galdetuta, Blinkenek ez du kritikatu aliatuaren jokabidea: «Hamasen eta Hezbollahren eraso terroristen aurrean, Israelek bere burua defendatzeko eskubidea dauka. Baina zibilak babestuta daudela bermatu behar du».
Hain justu, Israelgo armadak berriro bonbardatu du Beirut azken orduetan. Erasoetan gutxienez 60 lagun hil eta 168 zauritu ditu Israelek gaur, Libanoko Osasun Ministerioaren datuen arabera. Gauzak horrela, iazko urrian erasoak areagotu zirenetik 2.200 lagun baino gehiago hil ditu Israelek Libanon.
ZORTZI ATXILOTU ZISJORDANIAN
Israelgo soldaduek zortzi palestinar atxilotu dituzte bart eta gaur goizaldean, Zisjordaniako zenbait hiritan: Nablusen, Hebronen eta Ramallahn; baita Jerusalem ekialdean ere. Atxiloketa horiek egin baino ordu batzuk lehenago, gainera, Israelgo armadak bi palestinar hil zituen, ibilgailu batean zeudela, drone batekin egindako eraso baten bidez. Horietako bat Palestinako Jihad Islamikoak Tulkaremgo Nur Xams errefuxiatuentzako kanpalekuan zeukan buruzagia zen, Israelgo armadaren arabera. Iragan urriaren 7az geroztik, Tel Avivek 751 palestinar baino gehiago hil ditu Zisjordanian, eta 11.000tik gora atxilotu.