Iranek Damaskon duen kontsuletxea bonbardatu dute gaur, eta gutxienez sei pertsona hil dituzte. Iturri ofizialak aipatuz Siriako eta Irango hedabideek kaleratu dutenez, Israelgo indarrek egin dute erasoa. Jakinarazi dute Iranek Sirian duen enbaxadorea, Hossein Akbari, onik atera dela. Hildakoen artean dago, ordea, Irango Guardia Iraultzailearen goi kargudun bat: Mohammad Reza Zahedi jenerala.
Reuters AEBetako berri agentziaren arabera, erasoak kalte handiak eragin dizkio kontsuletxearen eraikinari. Gauza bera adierazi du Siriako Sana berri agentziak. Reutersek nabarmendu du Israelgo armadaren bozeramaile bati gertatutakoaz galdetu diotela, eta hark erantzun duela ez dutela iruzkinik egiten «atzerriko hedabideek» kaleratutako albisteei buruz.
Hezbollah milizia xiitari —Iranen aliatua da— lotutako Al Mayadin Libanoko telebista kateak, Siriako iturri militarrak aipatuz, adierazi du Israelek Golango gainetatik jaurti dituela Iranek Siriako hiriburuan duen kontsuletxea jo duten misilak. Horrekin lotuta, Siriako Giza Eskubideen Behatokia gobernuz kanpoko erakundeak esan du Israelek 30 eraso egin dizkiola Siriari 2024an: 22 airetik eta zortzi lurretik; nagusiki, instalazio militarren aurka.
Bestalde, Israelgo armada Gazako Al-Xifa ospitaletik atera da gaur goizaldean, bi asteko setioaren ostean. Al-Xifakoa da Gazako ospitalerik handiena, eta zerrendaren iparraldean jardunean jarraitzen duten bakarrenetakoa, partzialki bada ere. Israelgo armadak adierazi duenez, Palestinako talde armatuetako berrehun kide baino gehiago hil eta bostehundik gora atxilotu dituzte azken operazioan.
«Tropek terroristak hil dituzte gorputzez gorputzeko borroketan, eta arma eta inteligentzia dokumentu ugari atzeman dituzte ospitale barruan», jakinarazi du armadak ohar bidez. Israelek nabarmendu du orain arteko operazio «arrakastatsuenetako bat» izan dela Al-Xifako setioarena. Ospitalean egin duten laugarren operazioa izan da, azaroan lehenengoz sartu zirenetik.
Tel Avivek justifikatu egin ditu ospitalean egin dituen erasoak, esanez Hamaseko eta Gazako beste talde batzuetako milizianoak han gordeta zeudela. Militarrek azaroan ziurtatu zuten miliziek lehergailuak eta armak biltegiratzen zituztela ospitalearen lurpeko tuneletan, eta han zituztela egoitza nagusiak, baina ez dute halakorik frogatu. Azken erasoaren ostean, Israelgo armadak adierazi du Gazako talde armatuetako kideak elkarrekin biltzen ari zirela osasun zentroan.
Militarren arabera, «zibilei, gaixoei eta mediku taldeei kalte egitea saihestuz» gauzatu dute operazioa, baina hainbat hedabidek jaso dituzten lekukotzen arabera, ingurua erabat suntsituta gelditu da, eta gorpuak gelditu dira nonahi. Palestinako Ilargi Gorriak salatu du «zibiletako asko exekutatu» egin dituztela, osasun langileak barne, eta eraikinak osorik kiskali dituztela.
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gutxienez 21 paziente hil dira Israelek Al-Xifa ospitalean egin duen bi asteko setioan. Gazako Osasun Ministerioaren esanetan, laurehun palestinar baino gehiago hil ditu Israelek erasoaldian, eta mila etxebizitza baino gehiago suntsitu. Ministerioak azaldu du ehun paziente baino gehiago lekualdatu behar izan dituztela ospitaleko eraikin zahar batera, hirurogei mediku inguruk lagunduta, osasun zerbitzua eman ahal izateko baliabiderik gabe. Israelek egindako «krimenak» ikertzeko eskatu dio Hamasek Nazioarteko Zigor Auzitegiari.
Israelek gaixoekin batera zeuden laguntzaile asko «exekutatu, atxilotu edo hegoaldera lekualdatu» dituela salatu dute ospitaleko medikuek, EFE albiste agentziak jaso duenez. Halaber, ohartarazi dute armadak «gosez hiltzen» utzi dituela pazienteak eta osasun langileak. «Jakirik eta urik gabe eduki dituzte egunak eta egunak». Euro-Mediterranean Human Rights Minitor gobernuz kanpoko erakundeak nazioarteko ikerketa bat egitea galdegin zuen atzo, ospitaleko zenbait lekukotza jaso ostean. Adierazi duenez, Israelgo armadak ospitale inguruko etxebizitza batzuk arpilatu ditu.
Deia nazioarteari
Gazako Osasun Ministerioak deia egin dio nazioarteko komunitateari osasun azpiegiturak babestu ditzan, eta laguntza eskatu dio Khan Yunisko Nasser ospitalea berriz zabaltzeko. Ospitaleak zerbitzua emateari utzi zion duela hilabete, Israelgo armadak astebetez hura setiatu ondoren.
Hain justu, Khan Yunisen hainbat etxebizitza eraikin bonbardatu ditu Israelek, hainbat hedabidek jaso dutenez. Israelgo armadak ere esan du erasoak egin dituela Gaza hegoaldeko inguru horretan. Adierazi du azken orduetan dozenaka miliziano hil dituela aireko eta lurreko erasoetan.
Israelgo bi soldaduren heriotza baieztatu du armadak, eta, horiekin, seiehun dira urriaren 7an gerra hasi zuenetik Israelek galdu dituen soldaduak. Israelek, bestalde, 32.845 pertsona hil ditu zerrendan azkeneko ia sei hilabeteetan.
al-jazeerari israeldik emititzea debekatzeko legea onartu dute
Israelen lan egiten duten atzerriko hedabideak ixteko modua ematen duen legea onartu du Israelgo Parlamentuak gaur. Al-Jazeera legea ere deitu diote horri, eta, hain zuzen, onartua izan eta berehala, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak mezu bat idatzi du X sare sozialean, adieraziz «Al-Jazeera telebista kate terroristak» aurrerantzean ez duela Israeldik emitituko, eta «berehala» hartuko dituztela horretarako neurriak. Netanyahuren esanetan, Qatarko kate horrek «aktiboki» parte hartu zuen urriaren 7ko erasoetan.