Israelgo armadaren erasoek ez dute etenik Zisjordanian, Israelek okupaturiko eremuan. Iragan astean 16 urteko palestinar bat hil zuten, eta atzo Dirar al-Kafrini 17 urteko beste palestinar gazte bat hil zuten sarekada batean. Jenin hiriko errefuxiatu kanpalekuan zegoen gazte palestinarra —beste hainbat miliziano palestinarrekin batera—, eta Israelgo armadak tiroz hil zuen. Herrialdeko Osasun Ministerioak jakinarazi zuenez, Al-Kafrini jada hilda zegoen Jeningo ospitalera eraman zutenean. Ministerio horrek adierazi zuen beste palestinar bat zauritu zutela. Hari zangoan egin zion tiro Israelgo armadak, eta ospitaleratu egin zuten.
Israelgo soldaduek atzo gauean egindako operazioaren helburu nagusia Bassam al-Saadi Jihad Islamikoko buruzagietako bat atxilotzea zen, eta, Al-Saadi ez ezik, haren suhi Ashraf al-Jada ere atxilotu zuten, Wafa Palestinako albiste agentziaren arabera. Sare sozialetan ikus daitezkeen irudiek erakusten dute Jihad Islamikoko buruzagiaren etxea odolez blai zegoela Israelgo armadak liderraren etxeari eraso egin ondotik. Al-Saadiren emaztea ere ospitaleratua izan zen zauritu egin zutelako.
Al-Saadi hainbat urtez egon da preso Israelgo kartzeletan. 2018an atxilotu zuten, Israelgo indarrek bost urtez hura bilatzeko ahalegina egin ondotik, eta 2020an aske utzi zuten. 2002an, Israelgo armadak Al-Saadiren bi seme hil zituen Jeningo errefuxiatuen kanpalekuan egindako eskala handiko inbasioan.
Israelgo indarren erasoari erantzunez, Jihad Islamikoko adar Al-Quds brigadak atzo kaleratutako ohar batean adierazi zuen «alerta egoeran eta prest» dagoela Israelgo armadak Al-Saadiri egindako «mendekuzko» erasoari aurre egiteko.
Aldi berean, Presoen Aferetarako Palestinako Agintaritzaren Batzordeak Israelgo armadaren erasoa gaitzetsi zuen, eta atxiloketa «basatitzat» jo. Qadri Abu Bakr batzordeko buruak Israelgo agintariei egotzi zien Al-Saadi atxilotzearen, eta Al-Kafrini palestinar gaztearen «exekuzioaren» erantzukizun osoa. Abuk gehitu zuen Israelgo armadak Zisjordania iparraldean indarrean duen «okupazioak» jomugan jartzen dituela Jeningo kanpalekuan daudenen, eta han bizi direnen bizitzak.
Bestalde, Israelgo indarrek Jeningo errefuxiatuen kanpalekuaren aurka egindako erasoa justifikatu zuten atzo, esanez «terrorismoagatik» susmagarri diren bi lagun atxilotzeko egin zutela operazioa. Horrez gain, Israelgo armadak adierazi zuen sarekada egin zutela palestinarrek haien kontra tiro egin eta arrokak jaurti zituztelako. 17 urteko palestinar gaztearen hilketaz, ordea, ez zuten adierazpenik egin. Al-Saadiren atxiloketa justifikatu zuten hari «galdeketa bat» egiteko zela esanez.
Jenin, Israelgo indarren jomuga
Israelgo armadak hilabeteak daramatza Jenin erasotzen bertako erresistentzia garaitzeko ahalegin luzean. Izan ere, hiri horretan presentzia handia dute Jihad Islamikoa eta Al-Fatah talde armatuek. Aurten gutxienez 60 palestinar hil dituzte Israelgo indarrek, eta horietatik herenak Jeningoak dira.
Gatazka honetan, hildakoak ez ezik, atxilotuak ere ugariak izan dira azken bi hilabeteetan Zisjordanian, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren eskutik: gutxienez 94 palestinar atxilotu baitituzte.