Israelgo armada Rafah erdialdera sartu da

Tankeak Gaza hegoaldeko hiri barnera iritsi dira, Reuters berri agentziak lekukoak iturri hartuta argitaratu duenez. Beste zazpi lagun hil dituzte errefuxiatuen kanpaleku bat bonbardatzean.

Rafahn (Gaza) dauden palestinar batzuk, hiritik ihes egiteko prestatzen. HAITHAM IMAD / EFE
Rafahn (Gaza) dauden palestinar batzuk, hiritik ihes egiteko prestatzen, gaur. HAITHAM IMAD / EFE
ander perez zala
2024ko maiatzaren 28a
13:30
Entzun

Israelgo armada Rafah erdialdera sartu da, Gaza hegoaldean dagoen hiri horren kontrako lehorreko erasoaldia hasi eta ia hiru astera. Lekukoak aipatuta Reuters albiste agentziak gaur argitaratu duenez, zenbait tanke ikusi dituzte Al-Awda meskitaren inguruan, eta, hortaz, militarrak lehen aldiz iritsi dira eremu horretara zerrenda inbaditu zutenetik.

Bi bidetatik ari da Israelgo armada Rafah barnera sartzen: batetik, hiriaren iparraldetik, Filadelfia korridorea deiturikotik —Gazaren eta Egiptoren arteko mugan dago—, eta, bigarrenik, ekialdetik. Armadari Reuters albiste agentziak argitaraturikoaz galdetu diotenean, ez du informazio hori baieztatu, ezta ezeztatu ere, eta soilik esan du Rafah inguruan daudela.

Egunotako eraso horien ondorioz, Rafahko Kuwait ospitalea ere itxi behar izan dute, eta Gazako Osasun Ministerioak gaur jakinarazi duenez, ospitale bakarra dago irekita hiri horretan, ipar-mendebaldean kokaturiko ama-haurren ospitalea; beste hiru lekualdatu behar izan dituzte, Khan Yunis hiriaren ingurura.

Eta atzo gauean ere, Israelgo armadak Rafah bonbardatu zuen, nahiz eta ordu batzuk lehenago nazioartearen kritikak jaso zituen herenegun errefuxiatuen kanpaleku baten kontra egin, eta gutxienez 45 lagun hiltzeagatik. Atzoko erasoan, berriz, betiere Gazako Osasun Ministerioaren arabera, beste 26 lagun hil zituzten; eta gaur beste zazpi zibil hil dituzte hiriaren mendebaldean, iheslarien eremu batean —Al-Mawasin—, Reuters albiste agentziak Osasun Ministerioko iturriak aipatuta argitaraturikoaren arabera. Denera, hortaz, 36.096 pertsona hil eta 81.136 zauritu dituzte, joan den urriaren 7az geroztik.

1

Zenbat milioi pertsonak egin duten ihes Rafahtik. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak gaur jakinarazi duenez, azken hiru asteotan milioi bat lagun inguru atera dira Gazako Rafah hiritik. UNRWAk ohartarazi du herritar horiek ez dutela «eremu segururik» zerrendan.

Horiek horrela, Hamasek nazioarteari eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari dei egin die «berehalako neurri praktikoak» hartzera Israelen erasoaldia eta Rafahren inbasioa gelditzeko, gaur kaleraturiko komunikatu baten bitartez jakinarazi duenez. Nazioarteko Justizia Auzitegiak, hain justu, iragan ostiralean agindu zion Israeli Gaza hegoaldeko hiri horren kontrako erasoa «berehala» gelditzeko, baina ez dio jaramonik egin.

Eta Gaza iparraldean, Jabaliako errefuxiatuen eremuan, Jihad Islamikoaren adar armatuak, Al-Quds Brigadek, Telegram aplikazioaren bitartez, esan dute Israelgo armadaren kontra aritu direla, eta horko soldaduak bonbardatu dituztela, xehetasun gehiago eman gabe.

Israelek NZA zelatatu zuen

Erresuma Batuko The Guardian egunkariak eta Israelgo +972 eta Local Call aldizkariek egindako eta gaur argitaraturiko ikerketa baten arabera, Israelgo zerbitzu sekretuek NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiko goi kargudunak zelatatu, hackeatu eta mehatxatu zituzten ia hamar urtez.

Besteak beste, Karim Khan NZAko fiskalburuaren eta Fatou Bensouda karguaren haren aurrekoaren (2012-2021) mezuak eta telefono deiak zelatatu zituzten, eta helburutzat zuten bi legelari horiek Israelen kontrako erabakiak ez hartzea. Bensoudak atariko ikerketa bat ireki zuen 2021ean, Israelek Palestinan gerra eta gizateriaren aurkako krimenik egin ote dituen argitzeko, eta, erreportaje horretan argitaratu dutenez, Yosef Cohen Mossadeko buruzagi izandakoak (2016-2021) mehatxu egin zion Bensoudari pauso hori emateagatik. Gerora, hilaren 20an, Khanek jakinarazi zuen auzitegiari Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa —eta Hamaseko hiru buruzagi— atxilotzeko agindua emateko eskatu ziola.

Erresuma Batuko eta Israelgo hedabideen ikerketaren arabera, Netanyahuk bazekien zerbitzu sekretuak NZAko goi kargudunak zelatatzen ari zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.