Israelgo armada Libanon lurreko eraso bat egiteko prestatzen ari da

Israelek ez du apaldu Hezbollahren aurkako operazioa, eta Libanoko zenbait guneri egin die eraso gaur ere. Israelgo armadak milizia xiitaren jaurtigai bat atzeman du Tel Aviv inguruan.

Libanoko herritarrak, ihesean. WAEL HAMZEH / EFE
Libanoko herritar batzuk, ihesean. WAEL HAMZEH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko irailaren 25a
19:30
Entzun

Israelgo armada Libanon sartu eta lurreko eraso bat prestatzen ari da. Hala adierazi du armadako buruzagi Herzl Halevik, militarrek zabaldutako bideo batean. Irudietan Halevi ageri da Israel eta Libano arteko mugan dauden soldaduei aukera hori azaltzen: «Zuen botek Libanoko zorua zapalduko dute. Armada profesional baten indarra zein den erakutsiko diegu». Are gehiago, Hezbollahk gaur erasoak areagotu dituela eta eraso horiei erantzungo dietela baieztatu du: «Gaur bertan, oso erantzun gogorra jasoko dute. Ez gara geldituko». Gainera, Israelgo armadak erreserbako bi brigada mugiarazi ditu Libanorekin duen mugara.

Bitartean, milioi erdi lagunek, 500.000 herritarrek, utzi dute etxea Israelgo armadak azken egunetan Libanon egin dituen erasoen ondorioz. Kopuru horren berri eman du bart Libanoko Atzerri ministro Abdallah Bou Habibek New Yorken (AEB), Nazioarteko Bakearen Aldeko Carnegie Funtsak antolaturiko agerraldi batean. Israelgo armadak ia 600 herritar hil ditu azken bi egunetan Libanon egindako erasoetan, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera. Tel Avivek Beiruten eta ekialdeko Bekaa haranean gauzatu ditu eraso horietako batzuk, baina, batez ere, herrialdearen hegoaldeko guneak bonbardatu ditu. 

Herenegundik autoz jositako errepideen irudiak zabaldu dituzte nazioarteko hedabideek. Egun horretan, Israelgo Gobernuak Hezbollah talde xiitak erabiltzen dituen eraikinen inguruetatik ihes egiteko deia egin zien Libanoko herritarrei. Reuters berri agentziak baieztatu zuenez, milaka herritarrek jaso zituzten telefono deiak ohartarazpen horrekin. Desplazatu kopuru zehatza zein den argitu ez badu ere, Bou Habibek gutxi gorabeherako datua eman du. Datu esanguratsua da, kontuan izanez gero Libanoko biztanleria osoa ez dela 7 milioira iristen.

Gaur ere Israelgo armadak erasoekin jarraitu du. Hezbollahren azpiegiturak eta armak suntsitzeko asmoz abiaturiko operazioa dela dio Tel Avivek; Libanoko Osasun Ministerioak, ordea, baieztatu du azken egunetan hildakoen artean 50 adin txikiko daudela, baita osasun langileak ere. Gaur bertan Israelgo armadak bere Telegram kanalean jakinarazi du aire erasoak egin dituztela Libano hegoaldean eta Bekaa haranean. Libanoko Osasun Ministerioak gutxienez 51 hildakoren berri eman du hegoaldeko zenbait gunetan eta Beirut iparraldeko herri batean egindako erasoetan.

Bestetik, Hezbollahk adierazi du Mossad Israelgo zerbitzu sekretuek Tel Aviv inguruan duten egoitzari eraso egiten saiatu dela. Tass Errusiako albiste agentziak jaso duenez, talde xiitak bere Telegram kanalean jakinarazi du «Qader-1 misil balistikoa» jaurti duela Mossaden egoitzaren aurka. Erasoaren arrazoi gisa aipatu dute Israelgo zerbitzu sekretuak direla joan den astean Hezbollahren komunikazio gailuen aurka egindako erasoen erantzule. Israelgo armadak ere Telegram bidez baieztatu du «Libanotik jaurtitako misil bat» atzeman duela Tel Aviv inguruan. Ez du zauriturik eragin.

Kritikak AEBei

Ali Khamenei Irango aiatolak Libanoko talde xiitaren jarduna goraipatu du. Gaur egindako agerraldi batean adierazi du taldeko buruzagiak hiltzeak ez duela Hezbollah hondoratuko. Atzo talde xiitako buruzagi militar bat hil zuen Israelgo armadak Beiruten. Gainera, Irango Berri Agentzia Nazionalak zabaldutako oharraren arabera, aiatolak baieztatu du Hezbollah eta Israelen aurkako erresistentzia izango dela gatazkako garailea. Eta Washingtonen jokamoldea gaitzetsi du: «AEBek etsaia babesten dute, baina laguntza eman izana ukatzen dute».

New Yorken, atzo hasi zen NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren urteroko bilkura, eta Ekialde Hurbileko egoera izan zen mintzagai nagusia. Han dago Libanoko Atzerri ministroa, eta New Yorken bertan egin zuen agerraldia atzo arratsaldean [gaur goizaldean Euskal Herrian]. Desplazatu kopuruaren zenbatespena emateaz gainera, Joe Biden AEBetako presidenteak atzoko bilkuran emandako hitzaldia kritikatu du: «Ez da indartsua izan. Ez du promesik egin, eta ez du arazoa konponduko».

Bidenek, NBEren Batzar Nagusiaren aurrean emandako hitzaldian, adierazi zuen Libanon eta Gazan «konponbide diplomatikoa» posible dela eta AEBek horren alde egingo dutela lan. Ez zuen, ordea, neurri zehatzik aipatu, ezta Tel Aviv egoeraren erantzule egin ere. Halere, Libanoko Atzerri ministroak oraindik itxaropena baduela jakinarazi du, eta Etxe Zuriari mintzatu zaio: «AEBak dira Ekialde Hurbileko egoera alda dezakeen herrialde bakarra».

Gazan, zenbait gorpu bueltan

Libanon bezalaxe, Israelgo armada bonbardaketa gehiago egiten ari da Gazako zerrendan ere. Gazako Osasun Ministerioak egunero ematen duen eguneraketaren arabera, azken 24 orduetan, 28 pertsona hil eta 85 zauritu dituzte Gazan.

Bestetik, ministerioak bere Telegram kanalean azaldu duenez, Israelgo armadak 88 gorpu zituen kontainer bat utzi du Khan Yuniseko Nasser ospitalean. Hango arduradunek uko egin diote gorpuak jaso eta lurperatzeari. Salatu dute gorpuek ez zutela inolako identifikaziorik. Horregatik, ministerioak esan du gorpuak norenak diren jakiteko adina datu ematen dizkietenean jasoko dituztela, hori baita, ministerioaren ustez, hildakoen eta haien familiako kideen «gutxieneko eskubidea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.