Goizeko ordu txikietan Gazako ospitalerik handienaren barrura sartu da Israelgo armada. Militarren arabera, operazio «neurtu bat» egiten ari dira hor, argudiatuta Hamasek Al-Xifa ospitalearen —Gaza hirian dago— lur azpian ezkutatzen dituela «armak eta lehergailuak», baita euren egoitza nagusiak hor dituztela ere.
Zenbait hedabidek ospitalean dauden lekukoak aipatuz kaleratu dutenez, ordea, bestelakoa da Al-Xifa barruan gertatzen ari dena. Larrialdietako eta kirurgia espezializatuko departamentuetatik sartu dira soldaduak, eta gela guztiak banaka miatzen ari dira. Are, osasun langileei galdeketak egiteko erabiltzen ari dira horietako zenbait. Besteak beste, han dago Gazako Osasun Ministerioko zuzendari eta mediku Munir al-Bursh, eta, Al-Jazeera telebista kateari esan dionez, ospitalearen barruan «leherketa bat» izan den susmoa dute.
Eraikinaren barruan 2.500 lagun inguru daude, Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera. Horien artean 600 zauritu inguru daude, 36 jaioberri, eta Israelen erasoen ondorioz etxea utzi eta ospitalera babes bila jo behar izan duten milatik gora gazatar.
Al-Xifa inguratuta eduki du Israelgo armadak azken bi egunotan. Edonola ere, ospitalera sartzeko erabakia iritsi baino lehen, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak esan du Hamasek eta Jihad islamikoak zerrendako zenbait ospitale erabiltzen dituztela Israelen aurkako operazio militarrak prestatzeko. AEBetako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaile John Kirbyk eman zuen horren berri, atzo. Nolanahi ere, ez zuen frogarik erakutsi hipotesi hori baieztatzeko, «iturriak babestu» behar dituztela argudiatuta.
Hamasek birritan ukatu du ospitaleak euren operazio militarrak aurrera eramateko erabiltzen dituztela; eta, hitz horiengatik, Israelgo armadari Al-Xifa barruan «masakre bortitzak» egiteko «baimena» ematea leporatu die AEBei. Ingelesez idatzita, prentsa ohar bat zabaldu du talde armatuak, eta hauxe esan: «Erabat gaitzesten eta ukatzen ditugu Etxe Zuriaren eta Pentagonoaren hitzak, bere egiten baitituzte okupazio sionistaren gezurrak».
Era berean, Israeli «gizakiaren aurkako beste krimen bat» egitea leporatu dio PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Osasun ministro Mai al-Kailak, eta gerora mintzatu da PANeko buru Mahmud Abbas; adierazi du «agresio gerra anker bati» eta «palestinarren kontrako genozidio gerra ireki bati» aurre egin behar diotela Gazan eta Zisjordanian.
Jordaniako Atzerri Ministerioak ere gaurko erasoa gaitzetsi du X sare sozialean, eta nazioarteko lege humanitarioaren urraketatzat jo du.
Erregaiz beteriko lehen kamioia sartu da
Joan den urriaren 7az geroztik lehen aldiz, erregaiz beteriko kamioi bat sartu da Gazan, gaur. Rafahko pasabidetik egin du ibilbidea, eta 25.000 litro eraman ditu, iturri bat aipatuta Efe albiste agentziak jakinarazi duenez. NBE Nazio Batuen Erakundearen misioetako bati emango diete; ez du zehaztu zeini. Gainera, iturri horren arabera, espero dute datozen egunetan ere erregai gehiago sartuko dutela.
Hain justu, NBEk atzo adierazi zuen laguntza humanitarioa bidali ezinik geratu zela, erregai faltagatik. Gaurko albistearen aurretik, atzo sartu zen azken kamioia Gazara, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoarentzat; agentzia horretako zuzendari nagusi Philippe Lazzarinik ohartarazi zuenez, «erregairik gabe, operazio humanitarioa amaierara iristen ari da». Eta, gaur, Lazzarinik zera esan du afera horretaz, X sare sozialean: «Gure operazio guztia kolapsatzear dago».
Egoera humanitarioa, edonola ere, okertzen ari da egunek aurrera egin ahala. Horren erakusle, UNRWAko zuzendari nagusiak gaineratu duena: Gazako herritarren %70 edateko urik gabe geratuko dira gaur.