Gazarako su eten akordio bat negoziatzen jarraitzen dute Dohan, Qatarko hiriburuan. Azken xehetasunak zehazten ari dira, eta badirudi laster erdietsiko dutela akordioa. Hala iragarri zuen bart Joe Biden AEBetako presidenteak, baita urtarrilaren 20an kargu hori hartuko duenak ere, Donald Trumpek. Nazioarteko hedabideek zabaldu dutenaren arabera, meniak hiru fase izango ditu, eta Israelgo tropek ez dute zerrenda utziko Hamasek bahitu guztiak askatu arte.
AEBak bezala, Qatar ere bitartekari lanak egiten ari da Israelen eta Hamasen artean. Majed al-Ansari Atzerri ministroak gaur emandako prentsaurreko batean ziurtatu du negoziazioak «azken fasean» daudela. Halere, meniaren iragarpena iritsi bitartean, «ilusio handiegirik» ez egiteko eskatu du.
Nazioarteko hedabideek aipatutako iturrien arabera, akordioa «heltzear» da. Reuters albiste agentziak, negoziazioen berri duen iturri bat aipatuz, azaldu du akordioaren zirriborroak igorri zizkietela atzo Israelen eta Hamasen ordezkariei, eta «aurrepausoak» egon direla. Reutersek, AP Associated Press berri agentziak eta BBC Erresuma Batuko kateak zirriborroaren xehetasunen berri eman dute. APren arabera, su etenak hiru fase izango ditu. Lehenak 42 egun iraungo bide du, Hamasek bahitutako 33 pertsona askatuko ditu, eta Israelgo armadak Gazako hiriguneak utzi. Lehen etapa horretan laguntza humanitarioa areagotuko dutela ere jaso dute zirriborroan, baita bigarren faseko xehetasunak zehaztuko dituztela ere.
Zirriborroan aurreikusi dute Hamasek gainerako bahitutakoak askatuko dituela etapa horretan, eta Israelgo armadak Gaza utziko duela. Azkenik, hirugarren fasean, hilik dauden bahituen gorpuak itzuliko ditu Hamasek. Fase horretan, Gaza berreraikitzeko eta beste gobernu egitura bat osatzeko plan bat ere zehaztuko dute, baina zirriborroan ez dute esaten nor arduratuko den horretaz. Reutersek aipatutako iturriek nabarmendu dute Israelgo soldaduak ez direla Gazatik irtengo Hamasek bahitu guztiak askatu arte. Israelgo Gobernuaren arabera, 2023ko urriaren 7an bahitutako 251 herritarretatik 96 daude oraindik Gazan; horietatik 34, hilda.
BBCk, Palestinako iturri bat aipatuz, xehetasun gehiagorekin azaldu du lehen fasea. Horren arabera, Hamasek hiru bahitu askatuko ditu lehen egunean, eta Israelgo soldaduak Gazako hiriguneak uzten hasiko bide dira. Astebete geroago, beste lau bahitu askatuko ditu Hamasek, eta Tel Avivek zerrendaren iparraldeko hirietara itzultzen utziko die bertako biztanleei. Gainera, BBCk aipatutako iturriak gehitu duenez, Israelek mila preso palestinar inguru askatzea adostu du. Reutersek aipatutako Israelgo iturriak, ordea, esan du «ehunka» izango direla.
Astebete baino gutxiago geratzen zaio Bideni AEBetako presidente karguan, eta atzerri politikari buruzko azken hitzaldian adierazi zuen berehala helduko dela menia. Datorren astelehenean kargua hartuko duena ere iritzi berekoa da. Trumpek bart Newsmax telebista katean esan du «agian» astea bukatzerako egingo dutela akordioa. Bidenek eta Trumpek ordezkari bana dute Dohan egiten ari diren negoziazioetan.
Netanyahuren gobernua, zalantzan
Su etenik onartu nahi ez duenik ere bada. Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvir ultraeskuindarrak akordioa ez onartzeko eskatu dio Benjamin Netanyahu lehen ministroari. Gaur goizean X sare sozialean zabaldutako bideo batean, Ben-Gvirrek esan du menia onartzea Hamasen aurrean «errenditzea» izango litzakeela. Horregatik, Bezalel Smotrich Ekonomia ministroari eskatu dio Netanyahuri jakinarazteko akordioa onartuz gero gobernua utziko dutela. Smotrichek ez du baieztatu gobernua utziko duenik.
Gerraren ondorengorako AEB-en plana
AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Antony Blinkenek azaldu du herrialdeak zer plan duen Gazarako gerra amaitutakoan. Prentsaurrekoan jakinarazi duenez, plana nazioarteko laguntzan dago oinarrituta. PAN Palestinako Aginte Nazionalak hartuko luke kargua behin-behinean, nazioarteak lagunduta. Hori egiteko, baina, PANek ziurtatu behar du bere burua «erreformatu» duela. Nazioarteko armadak Gazan egongo lirateke, laguntza humanitarioa banatzeko eta berreraikuntza lanak egiteko beharrezkoa den «segurtasuna» bermatzeko. Azkenik, AEBetako indarrek PANi lagunduko diote bere indar propioak eratzen.