Nazioarteko Zigor Auzitegiak Israelek palestinarren aurkako gerra krimenak egin ote dituen ikertuko du. Fatou Bensouda fiskal buruaren arabera, badago ikerketa irekitzeko nahikoa arrazoizko oinarri. Hiru gertaera ikertuko ditu: 2014ko Gazako gerra, Zisjordanian eraikitako kokalekuak eta 2018an abiatutako Itzulerako Martxa Handian egindako erasoak. 2015ean sartu zen Palestina Hagako auzitegiaren jurisdikzioan, eta ordutik ari dira aztertzen Israelen jarrera Palestinan. Orain, baina, beste urrats bat emango du ikerketa formala zabalduz.
Gazako 2014ko gerran Israelek 2.251 palestinar hil zituen, horietatik 1.462 zibilak. Azken urteetako gerra latzena izan da. 2018ko martxoan, berriz, Itzuleraren Martxa Handiari ekin zioten palestinarrek. Israelen okupazioaren 70. urteurrenaren atarian, jaioterrira itzultzeko eskubidea aldarrikatzen hasi ziren, eta ordutik ostiralero egin ohi dute protesta. Erresistentziaren sinbolo bilakatu da ekintza hori palestinarrentzat.Israelek, baina, gutxienez 273 palestinar hil eta beste 16.000 zauritu ditu martxa hasi zutenetik.
Palestinako erakundeek hilabeteak daramatzate Hagako auzitegiari eskatzen Israelen errepresioa ikertzeko, eta azkenean gaur jakinarazi du hala egingo duela. Saeb Erekat PAE Palestina Askatzeko Erakundeko ordezkari nagusiak positibotzat jo du berria, eta aldarrikatu du justizia posible dela. Gaineratu du auzitegiaren mezuak itxaropenerako zirrikitua zabaltzen duela: «Ikerketa hau pauso bat gehiago da inpunitatea amaiarazteko». Ikerketa «berehala» jarraitu dezaten eskatu du: «Justiziaren atzerapenaren biktima nagusia Palestinako herria da, egunero pairatzen ari dena Israeleko okupazioaren krimenak».
Israelek, berriz, aurka egin dio Hagako auzitegiaren erabakiari. Benjamin Netanyahu lehen ministroak haserre erantzun du, eta argudiatu du auzitegiak ez duela eskumenik okupatutako lurraldeetan: «Israeleko Estatuari zilegitasuna kentzeko tresna politiko bihurtu da Hagako auzitegia». Netanyahuk legez kanpokotzat jo du ikerketa: «Egun beltza da justiziarentzat eta egiarentzat».
Palestina
Israelen ustezko gerra krimenak ikertuko ditu Nazioarteko Zigor Auzitegiak
Auzitegiak okupatutako lurraldeetan eskumenik ez duela erantzun du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu