Uuassima Ibn Sala (Alhoceima, Maroko, 1981) palestinarren eskubideen alde lan egiten duen giza ekintzailea eta kazetaria da. Itsasoratzeko zain dago; Turkiako flotillako koordinatzaileetako bat baita. Mavi Marmara ontzian zihoan iaz. Israelek, kostara gerturatzen ari zirenean, geldiarazi eta bederatzi ekintzaile hil zituen.
Nola gogoratzen duzu iazko erasoa?
Palestinarrek pairatzen duten jazarpena bizi izan genuen. Israelek nazioarteko uretan eraso gintuen, eta armarik gabe zihoazen ekintzaileak hil zituen. Eraso egin zigutenean, haientzat ez ginela gizakiak sentitu nuen, ez genuela baliorik. Esperientzia horren ondoren, ezin dut esan nire ikuspuntua neutrala denik. Itsasontzian gindoazenak terroristen zerrenda batean sartu gaituzte. Flotillan parte hartzeagatik terroristatzat nauka Israelek. Ezin dut hamar urtean herrialdean sartu.
Greziak baimena emateko zain zaudete. Zein da egoera?
Grezian hamar ontzi daude, eta, gurea, berriz, Turkian. Israel nazioartean egiten ari den presioa ikusten ari gara. Israelek uste du munduaren maisua dela. Edozein herrialdetako zibilak edonon arrazoirik gabe hiltzeko eskubidea duela uste du, ez baitu zigorrik jasotzen. Hori da bidaltzen ari den mezua. Flotillak probokazioa direla dio. Baina ekintzaileak nazioarteko uretan hil eta palestinarrak gosez hiltzea eragiten duen blokeoa ezartzea da benetako probokazioa. Gure helburua jendeari laguntzea da. Non ikusi dute probokazioa?
Zein da aurtengo helburua?
Gazako blokeoari amaiera ematea. Horrekin batera, gobernuei hainbat mezu bidali nahi dizkiegu. Israelen politika kriminala salatu baino ez dugu nahi; gatazka guneetan dauden herritarrak babesteko beharra daukatela ikusarazi nahi dugu.
Aurtengo flotillaren eslogana gizakiak izaten jarraitzen dugu da.
Vittorio Arigoni ekintzailearen omenez egin dugu. Duela hilabete batzuk hil zuten Gazan. Italiara itzuli, eta handik flotillarako itsasontzi bat antolatu nahi zuen. Harekin lanean ari diren hainbat kideri Twitterreko mezuen bitartez jakinarazi diete haren heriotza abisu bat dela.
Aurten bost urte bete dira blokeoa sortu zenetik. Zein da Gazako egoera?
Egoera oso txarra da, eta okerrera doa. Munduko beste inon ez dute horrelako egoerarik bizi. Iraken eta Afganistanen AEBen inbasioa dute, baina badakite egunen batean joango direla. Palestinan, berriz, ez. Haien aurkako delituak egiteaz gain, ez diete bizitzen ere utzi nahi. Oinarrizko eskubideak urratua dituzte. Gazako egoera ona dela sinestarazten saiatzen da Israel, baina, orduan, zergatik ez dio inori hara joaten uzten? Munduko beste edozein herrialdera itsasontziz joan nahi izango bagenu, ez genuke arazo bera izango.
Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak gobernuei eskatu die flotillan parte hartuduten herritarrei ez joaten ez uzteko.
Israel defendatzen ari dela ikus daiteke hitz horietan. Baina gure ekimena ez da gobernuena, herritarrena baizik. Herritarrak botere handia dute. NBE Nazio Batuen Erakundeak dio blokeoa legez kanpokoa dela, baina zergatik egiten dute orduan flotillaren aurka? Israel benetan hain boteretsua bada, bere arazoak bakarrik konpontzeko gai izan beharko luke.
NBEren gomendioari jarraitu al diote nazioarteko gobernuek?
Bi aurpegi dituzte: alde batetik gauza bat esan eta bestetik kontrakoa egin. Orain inoiz baino argiago ikusiko da. Israelek hainbat estatutako banderak dituzten ontziei eraso egingo die, eta horren aurka erantzuteko ausardia duten ikusiko dugu.
Israelek aurreko urteko erasoagatik nazioartean erantzun beharko luke?
Bai. Herrialdeen eta erakundeen gaitzespena jaso zuen, baina ez zuen benetako zigorrik jaso. Hala ere, inoiz ez zuten Israelen aurka hain argi hitz egin, eta hori behintzat aurrerapauso bat da.
Israelek antisemitismoa erabili du flotillaren aurka egiteko...
Oraingo flotillan juduak egongo dira, eta aurrekoan ere egon ziren. Baina hori ez dute nahi nazioartean zabaltzea. Israelgo herritarrek ez dute sinesten gobernuak esandakoa.
Uassima Ibn Sala. Turkiako flotillako koordinatzailea
«Israelen politika kriminala salatu, eta palestinarrak babestu nahi ditugu»
Gazako blokeoagatik palestinarrek oinarrizko eskubideak ere urratua dituztela salatu du ekintzaileak; 'Mavi Marmara' ontzian zihoan iaz, eta horregatik dauka 'terroristatzat' Israelek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu