Erabakia argia eta irmoa da. Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du nazioarteko legea urratzen dutela Israelgo Gobernuak Palestinako lurralde okupatuetan abian jarritako «politika kolonialek eta lurralde horietako natura baliabideen esplotazioek». Organismo horrek Hagan du egoitza, eta 57 urte atzera begiratu du: 1967tik hona Israelek Jerusalem Ekialdean, Zisjordanian eta Gazako zerrendan abian jarritako neurriak eta politikak aztertu ditu. Ebazpena ez da loteslea, baina eragina izan dezake nazioarteak Israeli adierazten dion babesean, zeina gain behera dagoen joan den urriaren 7an Gazaren aurkako oldarraldia hasi zuenetik.
NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak 2022ko abenduan eskatu zion Nazioarteko Justizia Auzitegiari iker zezala Palestinako okupazioak zer ondorio juridiko izango lituzkeen Israelentzat. Auzitegiko presidente eta epaile Nawaf Salamek eman du urtebete eta zazpi hilabetez lantzen aritu diren ebazpenaren berri: «Israelgo politikek euren lurraldeetatik irtetera behartzen dituzte Palestinako lurralde okupatuetan bizi diren palestinarrak». Are gehiago, esan du Israelek kolonizazio jarduera guztiak «ahalik eta lasterren» eten beharko lituzkeela, eta eragindako kalteengatik «ordain oso bat» eman beharko lieketela 1967. urtetik hona euren lurraldeetatik bota dituzten palestinarrei.
Azken mende erdian aurrera eramandako «politika kolonialistagatik» Israeli kargu hartu ondoren, nazioarteko herrialdeei, NBEko Batzar Nagusiari eta organismo horretako Segurtasun Kontseiluari mintzatu zaie, eta gogorarazi die «derrigor» bete behar dituztela bi eskakizun hauek: Israelen okupazioa legaltzat jotzeari muzin egitea, eta hori handitzeko babesik ez ematea.
Nolanahi ere, harritzekoa litzateke zenbait herrialdek epaileak agindutakoari jaramon egitea. Horren erakusle da, kasurako, azken asteotan AEB Ameriketako Estatu Batuek auzitan jarri dutela Nazioarteko Justizia Auzitegiak kontsulta iritzia emateko eskumenik ote duen. Ebazpenaren berri eman baino lehen, akusazio horiei erantzun die Salamek: «Auzitegi honek uste du badaukala kontsulta iritzia emateko jurisdikzioa».
«Palestinaren lurraldeak dira Gaza, Zisjordania eta Jerusalem, eta oldarraldi eta genozidio orokortu bat pairatzen ari dira»
MAHMUD ABBASPalestinako Aginte Nazionaleko burua
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk berehala erantzun dio Hagako auzitegiaren ebazpenari, haren bulegoak zabaldutako prentsa ohar baten bitartez: «Herri judua ez da bere lurralde propioaren konkistatzailea». PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek, berriz, nazioarteari eskatu dio behartu dezatela Israel «bere proiektu koloniala gelditzera». Haren arabera, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakia «itxaropentsua» da, noiz eta «palestinarren lurralde Gaza, Zisjordania eta Jerusalem oldarraldi eta genozidio orokortu bat pairatzen ari diren garai batean».
Etengabeko zabalkundea
Jerusalem Ekialdean eta Zisjordanian 160 herri kolono eraiki ditu Israelek azken 57 urteetan; eta, denera, 700.000 kolono inguru bizi izan dira horietan. Bada, Nazioarteko Justizia Auzitegiko presidenteak ohartarazi duenez, azkenaldian kolonizazio prozesu hori «nabarmen azkartu du Israelek»; batez ere 2022ko azaroaren eta iazko abenduaren artean.
Hain justu, atzo bertan Zisjordaniaren eremu bateko kontrol administratiboa bereganatu zuen Israelek, Peace Now GKE gobernuz kanpoko erakundeak gaur salatu duenez. Eremu horretan 16.000 hektareako erreserba natural bat dago, zeina PANen administrazioaren menpe egon baita 1998an Wye Errekako Akordioak sinatu zituztenetik. Itun horren arabera, debekatuta dago 1998tik aurrera eremu horretan ezer eraikitzea.
Bada, debeku horixe argudiotzat hartuta, lurralde horietan bizi diren palestinarren etxebizitzak eta eraikinak suntsitzeko agindu du Israelgo Finantza ministro eta ultraeskuindar Bezalel Smotrichek. «Ez diogu utziko Palestinako Aginte Nazionalari lurraldearen gaineko zenbait erabaki hartzeko eskumena izaten, zer eta Israelgo Estatua arriskuan jar dezakeen estatu palestinar terrorista bat eraikitzeko», idatzi zuen X sare sozialean. Hala, Israelek Zisjordaniako eremu horretako lurren %82ren kontrola du dagoeneko.