Palestinarrentzat, Yitzhar-ek indarkeria esan nahi du. Israeldarrek Zisjordania okupatuaren bihotzean duten kokagune horrek kezkatu egiten ditu aspalditik giza eskubideen aldekoak. Han bizi diren kolonoak ehizara joaten dira maiz, inguruko palestinarren herrietan, Nablus hiritik hegoaldera, eta zibilei eraso egin eta suteak pizten dituzte etxeetan, ibilgailuetan eta nekazari lurretan. Israelgo armada ahalguztidunak babesa ematen die erasotzaileei, eta bat egiten du pogromekin —halaxe deitzen ausartzen dira okupazioaren kontrako aktibista judu batzuk—.
Yitzharko bizilagunei txiki-txikitatik irakasten diete israeldarrak arabiarren gainetik daudela. Komunitate horretako yeshiva-n, non bertako mutilek Tora ikasten baitute, Yosef Elitzur errabinoa da gidaria, hots, eskuin muturreko kolono juduen lider espiritualetako bat. Israelgo Poliziak berak ere ikertu du Elitzur, lurralde okupatuetako herritarren kontrako bortizkeria sustatzeagatik eta bere ikasleek antolatutako oldarretan parte hartzeagatik.
Israelen 2022ko azaroaren 1ean egindako hauteskundeetan, boterera iritsi zen Yitzharren eta legez kanpoko beste kokagune askotan nagusitako ideologia. Benjamin Netanyahuk alderdi ultranazionalistekin eta ultraortodoxoekin osatu zuen gobernua, eta talde horiek gidatzen dituzten kolono argiro supremazistek bereganatu zuten Israelgo polizia indarren eta Administrazio Zibilaren kontrola —israeldarren erakunde horrek kudeatzen du Zisjordania okupatua—. Bezalel Smotrich ministroa bera ere ikertu zuten 2005ean, kolono bat zenean, 700 litro gasolina erabiliz erasoak egitea planteatzegatik, eta maiatzean zibil batean esku utzi zuen Administrazio Zibila —ordura arte erakunde militarra izana—, lehenbiziko aldiz. Hillel Roth aukeratu dute: israeldarren Yitzhar kokagunean hazitako kolono bat, Elitzurren yeshiva-n ikasia. Kokaguneen gobernadore berri Roth, aurreko militantzia lanetan, dirua biltzen ibili zen Yigal Amir-i laguntzeko: Amirrek, hain zuzen, Israelgo lehen ministro Yitzhak Rabin hil zuen 1995ean, okupazioaren kontrako ideiak zituela eta.
Nazioarteko komunitatearen parte batek harritu plantak egiten ditu ikusten duenean bortizkeriak nola jotzen duen Zisjordania: tropa eta zibil israeldarrek 500 palestinar baino gehiago hil dituzte urriaz geroztik, batez ere herrietan eta iheslari esparruetan eginiko oldar militarretan. Zisjordaniakoen artean beldurra piztua zen lehendik, lur okupatua Smotrich eta Roth kolonoen esku utziko zutela jakin zutenetik, gauzak ez ote ziren asko okertuko.
Helburu bat
Daphne Banai 60 urteko aktibista israeldar bat da, eta bortizkeriaz betetako inguru batean ibiltzen da. Haren pausoek baino ez dute hausten isiltasuna. «Gogoan dut artzain palestinarrak han eta hemen ibiltzen zirela mendi hauetan», esan du, hunkiturik, begiak goratuz. Hemen bizi zen Samrako beduinoen komunitatea, Zisjordania okupatuan. Orain, izuz egindako ihesaldi baten arrastoak daude Daphneren inguruan. Haurtxorik gabeko sehaskak. Umerik gabeko bizikletak. Dena hantxe utzita, lur errean.
«Jendeak ahal duena egiten du bere lurretan geratzeko, baina etxeak txikitzen dizkiete, eta autoa konfiskatu»
AYMAN GHARIBAktibista palestinarra
Urriaren 7az geroztik, Gazako zerrendan gerra piztu zenetik, Israelgo armadak eta kolono judu bortitzenek gogortu egin dituzte Zisjordaniako palestinarren kontrako erasoak: okupazioaren kontrakoek garbiketa etnikoa deitzen dioten prozesu hori bizkortzen ari dira, beraz. Jordango ibarreko artzain komunitateak ez dira bizi hiri inguruan, baizik eta Zisjordania ekialde-ekialdeko kokagune informal batzuetan, eta haiek dira israeldarren jomugarik errazena.
Banaik urteak eta urteak egin ditu Zisjordanian batera eta bestera, lurralde okupatuko herritarren kontrako erasoak eragotzi eta dokumentatu nahian. Banai han bertan egote hutsak, Israelgo eta nazioarteko beste aktibista batzuekin batera, babesa ematen die palestinar zaurgarrienei. Haren lanak, ordea, ezin du eragotzi oldea. «Samrako jendeari alde eginarazi zioten, bortizkeria eta umiliazioa erabiliz», deitoratu du. «Eta beste hainbeste gertatuko zaie muino hauetaz bestaldeko komunitateei, bortizki erasotzen ari baitzaizkie horiei ere».
Urriaz geroztik, Samrakoa bezalako hogei artzain komunitate desagertu dira Zisjordanian, nagusiki Jordango ibarrean. Inpunitatea dutenez, kolonoak erasoka aritzen zaizkie okupazioaren kontrako herritar israeldarrei. Banaik segurtatu du bere kide batzuei lapurretan egin eta jipoiak eman dizkietela Zisjordanian bizi diren judu biolentoek.
Kilometro batzuk iparraldera, berdin-berdin gertatzen da. Farsiako komunitateko artzainek salatu dute handik joan daitezen direnak eta ez direnak egiten dituztela nazioarteko legearen arabera legez kanpo inguruan dauden kokaguneetako kolonoek. «Jendeak ahal duena egiten du bere lurretan geratzeko», azaldu du Ayman Gharib aktibista palestinarrak, «baina etxeak txikitzen dizkiete, eta autoa konfiskatu. Alde egin dezaten egiten diete hori guztia».
Gharibek berretsi du kolonoek, erasotzeko orduan, soldadu israeldarren babesa dutela. Segurtasun Publikoaren ministro eta Israelgo polizia indarren buruzagiak, Itamar Ben-Gvir-ek, agindu zuen armak eta uniforme militarrak banatzeko kolonei. Hala, eraso egiten dietenean, palestinarrek ez dakite erasotzaileak kolonoak diren ala soldaduak. Ez dago kargu hartzerik, guztiz bat egiten baitute estatuaren asmoek eta kolono batzuen asmoek. «Gure izenean aritzen ziren abokatu saiatuenek ere amore eman dute», deitoratu du Banaik. «Esaten dute ez dagoela zer eginik. Erreparatu gizon adindu horri», esan du, soldaduen eta kolonoen gehiegikeriak kontatu dituen artzain bati begira: «Eskuak besterik ez du munduko armadarik indartsuenetako batetik defendatzeko».
Kolonoak anexiorako bidea zelaitzen ari dira. Ekainean, Jordango ibarreko 13 kilometro koadroko eremu baten anexioa onartu dute Israelgo agintariek. Horra hor Israelek hiru hamarkadatan Zisjordanian egindako anexiorik handiena. Hillel Rothek, Administrazio Zibilaren buruzagi berri eta mugimendu horren bultzatzaileak, kargura iritsi eta hilabetera ekin dio anexioari.
Kolonoak, arriskutsuak Israelentzat
«[Gazako] gerrak aitzakia eman die kolonoei urria baino lehen zituzten planak gogortzeko», kontatu du Oren Ziv kazetariak, zeinak Israelgo eskuin muturra aztertzen baitu. Gobernuaren erabakiek erakusten dute nolako eragina duten kolonoen gobernuan. Zisjordaniaren parte bat beretzeaz gainera, gobernuak erabaki du kontrolgune gehiago jartzea eta bide batzuk trabatzea, palestinar askok erosketak egiteko edo lanera joateko erabiltzen dituzten bideak, hain zuzen. Batzuetan, tropek herri osoak setiatzen dituzte, eta hango herritarrei ez diete uzten ez sartzen eta ez ateratzen, baina nahi bezala ibiltzen uzten diete kolono israeldarrei.
«[Gazako] gerrak aitzakia eman die kolonoei urria baino lehen zituzten planak gogortzeko»
OREN ZIVKazetaria
«Orain inork ez du kontuan hartzen zer gertatzen ari den Zisjordanian», deitoratu du Zivek, Jordango ibarrean dabilela, bazkalekuak izan ohi diren lur orain hutsetan. Aitortu du Israelgo gizartean ez dela berria Zisjordaniari kasurik ez egitea: «Orain dela hogei urte altxatutako hesia, azkenean, horma psikologiko moduko bat bihurtu da, trapu zikinak beste aldean uzteko».
Fathi izeneko adineko palestinar bat agertu da muino lehorretatik, bere abereekin. Besarkada bat eman dio Guy Hirschfeld aktibista israeldarrari: ondo ezagutzen du, aktibista patruiletan ibiltzen baita inguruko artzainekin. Ezinak harrapaturik, begira geratu zaizkio judu ultraortodoxoek inguruko erreka gutxietako baten ondoan jarri duten aurrepostuari: hesiak eta Israelen banderak ezarri dituzte, eta ura edatea galarazi palestinarren artaldeei.
Guyk «terroristatzat» jotzen ditu kolono biolento batzuk, eta kezkatuta dago, judu batzuek uste baitute misio mesianiko bat dutela. Arriskutsuak iruditzen zaizkio demokrata israeldarrentzat ere: «Nahiago nuke gauzak laster aldatuko balira», bota du bakezale horrek: «Haiek nagusitzen badira [israeldar mesianikoez ari da], Israelgo Estatuarenak egingo du, eta guk ahal den azkarrena ihes egin beharko dugu hemendik».