Zisjordaniako lurretan, eguneroko errealitate dira sarekadak, atxiloketak eta tiroketak.Urte hasieratik hona, Israelgo armadak ehundik gora palestinar hil ditu, eta 2.000 inguru atxilotu. Presoen babeserako Addameer elkarteko kide Milena Ansarik adierazi dio BERRIAri aspaldian ikusitako atxilotu eta hildako kopururik handienak direla azken hilabeteotakoak.
Israelek iragan martxoan jarri zuen abian Olatua hautsi izeneko operazio militarra, zeinak Palestinako lurralde okupatuetako «talde terroristak» ahultzea duen helburu. Dioenez, martxo eta maiatza bitartean Palestinako talde armatuek egindako bost erasoren erantzuna da operazioa. Eraso horietan, hemeretzi lagun hil ziren guztira, Zisjordanian eta Israelen.
Halaber, Olatua hautsi operazioari gehitu behar zaio Israelek iragan hilabete hasieran abian jarri zuen Jihad Islamikoaren aurkako Egunsentia operazioa. Hiru egunez bonbardatu zuen Gaza—abuztuaren 5eko arratsaldetik abuztuaren 7ko gauera arte, eta gutxienez 44 palestinar hil —tartean hamabost adingabe— eta 360tik gora zauritu zituen. Abuztuaren 7an adostu zuten su etena bi aldeek, baina, ordutik, Israelgo armadak operazio militarrak eta sarekadak egiten jarraitu du okupatutako lurretan.
Sarekada horiek «basatiak» eta «arbitrarioak» direla salatu du Addameer elkarteko kideak, eta ohartarazi du armadaren erasoek «ezegonkortasuna» areagotzen dutela. Ezegonkortasun hori bereziki zabaldu da Nablus eta Jenin hirietan; izan ere, lurralde horietan dituzte indargune nagusiak Israelen ikusmiran dauden talde armatuek: Jihad Islamikoak eta Al-Fatah alderdiko Al-Aqsako Martirien Brigadak.
Israelek justifikatu du talde horiek «izaera terrorista» dutela, eta adierazi du urte hasieratik hona palestinarrei egindako erasoak Israel defendatzeko eta «terrorismoa amaitzeko» estrategiaren parte direla. Ansariren ustez, ordea, «terrorismoa aitzakia besterik ez da». Eta salatu du eraso horietan hildako palestinarren artean zibilak eta adingabeak daudela: «Tiro egiten dutenean ahalik eta palestinar gehien dauden eremuetara zuzentzen dituzte armak; horrela galtzen dute zibil askok bizia».
Estatu judua «defendatzeko» asmoaz gain, palestinarren aurkako erasoak «kanpaina politiko baten parte» ere direla uste du Ansarik. Datorren azaroaren 1ean egingo dituzte hauteskundeak Israelen. Addameer elkarteko kidearen arabera, areagotu egiten dituzte palestinarren aurkako erasoak hauteskundeak gertu daudenean: «Politikariek Israel salbu eta indartsu mantenduko dutela adierazi nahi dute, eta, horretarako, palestinarrekiko indarkeria eta zapalkuntza erabiltzen dituzte». Horregatik, erasoek eta sarekadek luze iraungo duten susmoa du.
GKE gobernuz kanpoko erakundeek ere badituzte hamaika arrazoi «alerta egoeran» egoteko. Joan den urteko urrian «terroristatzat» jo zituen Israelek zazpi GKE palestinar, 2016an onartutako Terrorismoaren Aurkako Legean oinarrituta. Iragan abuztuan, berriz, indarrez itxi zituen zazpi GKE horietatik sei, tartean Addameer elkartearena: «Egun gure lanarekin jarraitzen dugu, baina mugatuta dago. Geure burua jartzen dugu arriskuan, edozein unetan atxilotu gaitzaketelako», dio Ansarik. Era berean, terrorista hitza haien aurka erabiltzeak ez duela zentzurik uste du, eta azpimarratu du nazioarteko zuzenbidea «zorrotz» jarraitzen dutela.
Erresistentziaren gorakada
Azken hilabeteotan talde armatu gehiago sortu dira Zisjordanian. Batez ere Nablus eta Jenin inguruan. Ansarik azaldu duenez, Israelek agindutako eraso «bortitzak» dira agerraldi horien erantzule, eta herritarrak «fedea galtzen» ari direla esan du: «Gizarte zibileko erakunde gisa, jendeari esaten ari gatzaizkio nazioarteko zuzenbidea erabiltzen ari garela Israeli kontuak eskatzeko, baina ez du ezerk hobera egiten. Nazioarteko legea jarraituta ere, terroristak gara Israelen begietan. Beraz, palestinar askok beste bide batzuei ekin diete».
Batetik, Jeninen garrantzi handia hartzen ari da Jenin Brigadak izeneko taldea. Jihad Islamikoa, Hamas, Al-Fatah eta Palestina Askatzeko Herri Frontea taldeetako gazteek osatzen dute. Bestetik, aipatzekoak dira maiatzean sortu ziren Nablus Brigada (Nablus) eta Tubas Brigada (Jenin).
Talde horietako batek berak ere ez du Israelen aurkako erasoaldirik hasi. Hala ere, Ismat Mansur analista politikoak Al-Jazeera hedabideari esandakoaren arabera, taldeek «zabaltzeko duten gaitasunak» kezkatzen du Israel. Jeninen sortu ziren lehenbizi, Nablusen ondoren, eta azken asteotan Ramallah inguruan ere ari dira zabaltzen. Suzko armak dituzte, baina, Mansurren arabera, Israelgo armadak hasitako erasoaldietan soilik erabiltzen dituzte.
PAN babesa galtzen
Talde armatu gehiago sortzen diren bitartean, PAN Palestinako Aginte Nazionalak herritarren babesa galtzen jarraitzen du. Palestinan aspaldi egin zituzten azken hauteskundeak, duela ia 18 urte, eta denboraren joana agerikoa da herritarren ideia politikoetan: «Abbasen gobernuak ez gaitu palestinarrok ordezkatzen», dio Ansarik. Hala ere, gogorarazi du Israelen kontrolpean dagoela eta subiranotasun eta kontrol «eskasak» dituela.
Urte hasieratik hona jasandako erasoaldien inguruan, Mohammad Xtayyeh PANeko lehen ministroak adierazi zuen Israelek «okupazioari amaitzeko data bat jarri behar» diola, eta «nazioarteko zuzenbideak agindu behar» lukeela esan zuen. Herritar askok, ordea, ez ditu haren hitzak sinetsi.
Palestinako espetxeetan dauden presoen jarraipena ere egiten du Addameerrek, eta, Israelen erasoak gaitzetsi arren, elkarteak adierazi du PANek ere bere kargu hartzen dituela palestinarren atxiloketak. Atzo jazo zen azken erasoa: PANeko segurtasun indarrek palestinar bat hil eta gutxienez hiru zauritu zituzten Nablusen, Hamas mugimenduko parte izatea egotzita. Hain zuzen, Ansarik azaldu du horrelakoek bultza dituztela herritar asko PAN Israelen «mendeko leialtzat»jotzera.
Gainera, Jeningo eta Nablusko brigadetako kide asko Al-Fatah mugimenduko kideak dira, hau da, PANeko presidente den Mahmud Abbasen mugimendu berekoak. Beraz, azkenaldian zurrumurru asko entzuten dira Al-Fatah alderdiko kideen artean egon daitekeen pitzaduraren inguruan.
Israelen kanpaina politiko odoltsua
Urte hasieratik hona, Israelek ehundik gora palestinar hil ditu, eta 2.000 inguru atxilotu. Addameer elkarteko kide Milena Ansarik BERRIAri adierazi dio Israelek palestinarren aurkako «indarkeria areagotzen» duela hauteskundeak gerturatzen direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu