Palestinako gatazkan hildakoak eguneroko ogia dira oraindik. Zerrendako erdigunean gertatutako erasoa urriaren 27an Israelgo armada Gazan sartu zenetik militar hildako gehien utzi dituen ekintza izan da: 24 soldadu hil dira. Horietako 21 atzo bi eraikin gainean erori zitzaizkiela-eta hil dira, gaur jakinarazi dutenez —beste hirurak ere astelehenean hil zituzten Gazan, eraso batean, iturri ofizialen arabera—. Israelen ustez, Hamasek inguruan zegoen tanke bati misil bat jaurti ostean, gertu zeuden minak aktibatu ziren, Daniel Hagari Israelgo armadako bozeramaileak gaur adierazi duenez. Minen eztandak bi eraikin bota ditu. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministrioak nazioari zuzendutako mezu batean adierazi du azken hiru hilabeteetako «egun gogorrena» izan dela gaurkoa.
Militarren hilketak harrabotsa eragin du Israelen. Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroak Telegram aplikazioaren bidez esan du azken ekintzek argi utzi dutela Israelgo armadak oldarraldiarekin jarraitu behar duela: «Gure indar guztiekin Gazan dagoen etsai nazia menperatzen, zanpatzen eta mozten jarraitu behar dugu». Israelgo 219 soldadu hil dituzte gatazka zerrendara eraman zutenetik. Horiei beste 330 inguru gehitu behar zaizkie, iragan urriaren 7an Hamasek egindako erasoan hil baitziren. Tarte berean hildako palestinarrak 25.295 dira, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
Israelgo militarrak ez ziren izan atzo Palestinako gatazkan hildako bakarrak, Israelgo armadak 190 palestinar hil eta beste 340 zauritu baitzituen. Palestinako Ilargi Gorriak salatu du Khan Yunisen —zerrendako hegoaldeko hiririk handienean— duen egoitza bonbardatzen ari dela Israelgo armada. Ez du eman zauritu eta hildakoen kopuru zehatzik, baina erasoan bertan gotortuak dauden «barne errefuxiatuak» zauritu direla adierazi du. «Erasoen helburutzat» ez jartzeko eskatu diote Israeli.
🚨Urgent - Israeli Occupation targets the PRCS's headquarters in #KhanYounis with artillery shelling on the fourth floor, coinciding with intense gunfire from Israeli drones, resulting in injuries among internally displaced individuals who sought safety on our premises.…
— PRCS (@PalestineRCS) January 23, 2024
Hain justu, ohar baten bidez, Israelgo armadak esan du hiri hori inguratua duela, argudiatuta «Hamasen brigada baten gotorlekua» dela.
Arlo humanitarioan, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren arabera, 570.000 pertsona inguru «gosete handia» pairatzen ari dira. Hori dela eta, laguntza humanitarioa «handitzeko beharra» plazaratu du. Berriz ere zerrendan telekomunikazio zerbitzuak bertan behera geratzen ari direla ohartarazi du UNRWAk, eta gaineratu du horrek oztopatu egiten diola lana.
Su etena, posible
Azaroan izan zen azken menia Hamas eta Israelen artean. Hartatik beste su eten bat adosten saiatu dira behin eta berriz nazioarteko hamaika eragile, baina ez dira akordio batera heldu. Axios hedabideak aurreratu duenaren arabera, Israelek Palestinari bi hilabeteko menia eskaini dio «bahitu guztiak» libre uztearen truke. Israelek, bestetik, ez du adierazi oraindik bahituak dituen 6.000 palestinarrak askatuko dituen edo ez.
Qatarren eta Egiptoren bitartekaritzari esker helduko litzateke su etena. Menia ezartzeak, baina, ez luke esan nahiko gerra amaitu denik, Israelek ez baitu hori proposatu. Are gehiago, Netanyahuk gaur azpimarratu du «erabateko garaipena» lortu arte borrokatuko direla. Halere, argitaratutakoa gauzatuz gero, Gazako hiri nagusietan presentzia txikiagoa izango luke.
Egiptoren bitartekaritzari esker su etena posible izan daitekeen arren, Israelek mesfidati jokatu du harekin azken egunetan. Izan ere, Tel Avivek salatu du Gazara heltzen diren armak Egiptotik datozela, eta Kairo inplikatuta dagoela kontrabandoan. Dia Rashwan Egiptoko informazio zerbitzuko zuzendariak gezurtatu egin du akusazioa, eta «erridikulutzat» jo.
Rafahko pasabidetik —Egipto eta Gaza arteko mugatik— igarotzen diren kamioi guztiak Israelek miatu egiten dituela argudiatu du Rashwanek, eta Israeli bere armada kontrola dezan gomendatu dio: «Gure informazioaren arabera, arma gehienak Mediterraneotik heltzen dira Gazara. Israelgo armadak kontrolatzen du gune hori; beraz, Israelgo armadak edo gizarteko zenbait sektorek sartzen dituzte armak zerrendara, dirua irabazteko asmoz».