Gazako gerraren aurka ahotsa altxatzen ari dira Israelen. Gero eta israeldar gehiago exijitzen ari zaizkio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari menia berrezartzeko. Ostegunean, Israelgo aireko armadako ia mila erreserbista eta beteranok gutun bat kaleratu zuten, eta Gazako gerra amaitzea exijitu. Ordutik, milaka soldaduk, irakaslek, ikertzailek, idazlek eta osasun langilek bat egin dute aireko armadako kideen eskaerarekin.
Horiek ez ezik, Hamasek bahitutako israeldarrek eta haien senitartekoek ere eskatu dute erasoak eteteko. Israelgo Hareetz egunkariak gaur kaleratu duenez, Gazako erakunde islamistak bahitu zituen —eta jada aske dauden— berrehun bat israeldarrek sinatu dute eskaria, baita oraindik zerrendan dauden gatibuen familiako kideek ere. Gutun batean ohartarazi dute operazio militarrek arriskuan jartzen dutela gatibuen bizitza. Tel Aviven arabera, oraindik 59 bahitu israeldar geratzen dira Gazan, eta horietatik 35 hilda daude. Gatibuak eta soldaduak arriskuan jartzea leporatu diote Netanyahuri gerra gelditzeko eskaerak egin dituzten israeldar gehienek, eta bigarren mailan utzi dute Gazan eragindako sarraskia.
Halere, palestinarrak ere kontuan hartu dituzte zenbaitek. Esaterako, Israelgo 350 kultur eragilek asteon kaleratutako gutunean, salatu dute lehen ministroak bere interesengatik erabaki duela Gazari eraso egiten jarraitzea, eta, hala, Gazako herritarrei «neurriz kanpoko kalteak» eragitea. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, David Grossman, Shifra Horn eta Fania Oz-Salzberger idazleak. Haien ustez, Netanyahuk gerran jarraitu nahi du; «beldurra baitu, gerra amaituz gero, bere agintaldia amaituko dela eta kartzelan sartuko dutela». Izan ere, Israelgo lehen ministroa ikertzen ari dira ustelkeria kasu batengatik.
Azken egunetan, 3.500 ikerlarik, 3.000 osasun langilek eta 3.000 irakaslek ere bat egin dute ostegunean aireko armadako kideek egindako eskaerarekin. Horien artean daude, besteak beste, Kimikako Nobel saria irabazi duten hiru ikerlari: Ada Yonath —2009an saritua— eta Aaron Ciechanover eta Avraham Hershko —2004an sarituak—.
Atzo, mila guraso inguruk ere kaleratu zuten gutun bat, eta nabarmendu ez dutela «gerra amaigabe bat» nahi beren seme-alaben etorkizunerako. Israelgo hedabideen arabera, gurasoek gehitu zuten ez dutela «ez ikusiarena egingo» Gazan haur errugabeak hiltzen ari diren bitartean: «Gazan errugaberik ez dagoelako ideia arriskutsua da, eta gu ez gatoz bat harekin».
Iragan astean aireko armadako militar ohiek eta erreserbistek hasitako mugimenduak eragina izan du Israelgo gizartean. Ia mila sinatzaileek azpimarratu zuten Gazako gerraren helburuak «pertsonalak eta politikoak» zirela estatuaren segurtasunari lotuak baino gehiago, eta dei egin zieten Israelgo herritarrei eskariarekin bat egiteko. Israelgo Gobernuak azkar erantzun zuen: gutuna sinatu zuten erreserbistak armadatik kaleratu zituen. Gainera, Netanyahuk esan zuen gutuna «muturreko talde txiki» baten kontua zela, eta haien helburu bakarra Israelgo gizartea «arrakalatzea» eta gobernua «eroraraztea» zela: «Ez da olatu bat. Talde txiki bat da, zaratatsua eta anarkista. Gehienak urte luzez armadan jardun ez duten pentsiodunak dira».
Bada, talde «txiki» hori gero eta handiagoa da. Gobernuak jakinarazi ondoren sinatzaileak kaleratuko zituela, Israelgo armadako milaka militar ohik eta erreserbistak bat egin dute aireko armadakoen eskariarekin. Baita Mossad eta Shin Bet zerbitzu sekretuetako beteranoek ere. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Ehud Barak Israelgo lehen ministro ohia (1999-2001) eta Dan Halutz Israelgo armadako buruzagi ohia (2005-2007).
Menia proposamena
Israelgo Gobernuak martxoaren 18an Gazarako su etena hautsi ondotik, atzo beste menia proposamen bat jarri zuen mahai gainean. Al-Qahera News Egiptoko telebista kateak jakinarazi zuenez, Kairok —bitartekari lana egiten ari da— Israelen menia proposamen bat jaso zuen. Nazioarteko hedabideen esanetan, Tel Avivek 45 eguneko menia bat proposatu du, Hamasek 11 bahitu askatzearen truke. Al-Jazeera hedabideak Hamaseko iturriak aipatuz gaur kaleratutakoaren arabera, erakunde palestinarra proposamena «aztertzen» ari da, eta «ahal bezain laster» emango dute erantzunaren berri. BBC hedbideak, ostera, Palestinako iturri ofizial bat aipatuz, kaleratu du Hamasek baztertu egin duela Israelen proposamena. Iturri horren arabera, Tel Avivek ez du bematu soldaduak zerrendatik aterako dituenik.
Bitartean, Israelgo armadak erasoan jarraitu du zerrendan. Gaur, 17 pertsona hil ditu gutxienez, Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Hala, 51.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek Gazan 2023ko urriaren 7az geroztik. Halere, ministerioak gogorarazi du oraindik ezin izan dituztela erreskatatu eraitsitako eraikinen azpian harrapatuta geratutako milaka herritarren gorpuak.
MALDIVEK SARRERA DEBEKATU DIETE ISRAELGO HERRITARREI
Maldivetako Gobernuak herrialdera sartzea debekatu die Israelgo herritarrei, Israelgo armada Gazan egiten ari den «ankerkeriei eta genozidio ekintzei» erantzunez. Hala jakinarazi du gaur Maldivetako presidente Mohamed Muizzuren bulegoak. Indiako Ozeanoko artxipelago horrek gehiengo musulmana du, eta gobernuak Palestinaren independentzia defendatu izan du. Iaz bi milioi turista baino gehiago iritsi ziren Maldivetara, Turismo Ministerioaren arabera; Israeldik iritsitakoak 1.500 baino gutxiago izan ziren. 2023an, Israelek Gazaren aurkako erasoaldia gogortu zuen urtean, 11.000 israeldarrek bisitatu zuten artxipelagoa.