Israelen erasoengatik desplazatutako herritarrak hasiak dira Gaza iparraldera itzultzen

Goizean goizetik ilara luzeak sortu dira Gaza erdialdeko Al-Raxid kostako errepidetik gora. Hamasek hiru zibil gatibu aske utziko ditu ostegunean.

Ehunka palestinar Al-Raxid kostaldeko errepidean gora, Gaza iparraldera bidean, gaur. MOHAMMAD SABER / EFE
Ehunka palestinar Al-Raxid kostaldeko errepidean gora, Gaza iparraldera bidean, gaur. MOHAMMAD SABER / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 27a
14:20
Entzun

Motxilak bizkarrean eta arropa poltsak eskuetan, zerrenda iparraldera itzultzeko bideari ekin diote Israelen erasoengatik desplazatutako milaka gazatarrek. Hamasek eta Israelek Gazarako adostutako meniari esker izango dute itzultzeko modua; nolanahi ere, itzulera bertan behera geratu zen atzo ordu batzuetan, su eten akordioaren inguruko desadostasunak zirela eta. Dena dela, goizean kaleratutako ohar baten bidez, Qatarko Gobernuak jakinarazi du Palestinako erakunde islamistak eta Tel Avivek lortu dutela ados jartzea, eta, hortaz, Gaza iparraldera abiatu ahalko zirela handik ihes egindako herritarrak. Menia akordioan adostutakoaren arabera, atzo ziren desplazatuak Gaza iparraldera itzultzen hastekoak.

Herritarrak hasi dira Gaza iparraldera itzultzenIkus-entzunezkoen taldea

Hamasek herenegun aske utzitako gatibuen profilak eragin du ika-mika; erakunde islamistak lau soldadu emakumezko utzi zituen aske, 19 eta 20 urte artekoak. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, ordea, akordioa urratzea leporatu zion, argudiatuta dokumentu horretan zehaztuta zegoela lehenengo fasean gatibu emakumezkoak, zauritutakoak eta 50 urtetik beherakoak askatuko zituztela. Hamasen arabera, baina, akordioan ez zuten horrelakorik zehaztu. Jasota dago, hori bai, Israelek 30 preso palestinar utzi behar dituela aske erakunde islamistak askatzen duen zibil gatibu bakoitzeko, eta 50 preso, aske utzitako soldadu gatibu bakoitzeko. Horiek hala, Tel Avivek 200 preso palestinar utzi behar izan zituen aske herenegun.

Azkenean, ezohiko negoziazio batek ekarri du Gaza iparralderako itzulera. Komunikatu baten bidez, Netanyahuren bulegoak gaur goizean baieztatu du Qatarko Gobernuaren jakinarazpena, eta gaineratu Hamasek ostegunean hiru emakumezko zibil utziko dituela aske; besteak beste, Arbel Yehoud. Israelgo Gobernuak herenegun esandakoaren arabera, espero zuen hura egun horretan egindako trukean askatuko zutela. Azken orduko negoziazio horren ondoren, bestalde, lehenengo fasean askatuko dituzten gatibuen zerrenda bat eman dio Hamasek Israeli, biek ohar bidez jakinarazi dutenez. Zerrenda horretan 33 gatiburen izenak jaso dituzte; haietatik zortzi hilik daude.

Goizean goizetik, ilara luzeak sortu dira Gaza mendebaldeko Al-Raxid kostaldeko errepidean gora, iparraldera bidean. «Bizi izandako tragediaren eta minaren gainetik, gure herriaren handitasunaren eta irmotasunaren adierazle dira etxera itzultzen ari diren herritarren irudiak; areago, jakinda etxeak birrinduta daudela», esan du Hamasek komunikatu baten bidez. Dena den, bada kontrako iritzia adierazi duenik ere. Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro ohi Itamar Ben-Gvirren arabera, Gaza iparraldera itzultzen ari diren gazatarren irudiak «ezertarako balio ez duen menia baten oroigarri umiliagarriak» dira.

Trumpen proposamena

Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak astebete darama karguan, eta, zazpi egunotan, zeresan handia eman duten hainbat neurri eta asmo iragarri ditu. Gazako egoerari buruz ere egin ditu adierazpenak. AEBetako CNN hedabideak herenegun gauean jakinarazi zuenez, Trumpek esan zien harekin bidaiatzen ari ziren kazetari batzuei proposamen bat egin ziola Jordaniako errege Abdullah II.a bin Al-Husseini: Palestinarekin mugan dauden herrialdeetan, hau da, Egipton eta Jordanian, etxebizitzak eraikitzea eta milioi bat inguru palestinar hara eramatea.

Egiptoko Atzerri Ministerioak atzo bertan erantzun zion Etxe Zuriko maizterrari, ohar baten bidez: «Palestinako gatazkari irtenbidea emateko, ezinbestekoa da okupazioa amaitzea eta hartutako lurrak palestinarrei itzultzea». Are, nabarmendu zuen «giza eskubideen urraketa» litzatekeela gazatarrak beren bizitokitik joatera behartzea. Trumpen proposamenaren aurka agertu dira, halaber, Hamas eta PAN Palestinako Aginte Nazionala, nork bere aldetik kaleratutako komunikatuetan. «Gure herriak hamarkadak daramatza bultzatu asmo dituzten desplazamenduei aurre egiten, eta horrela jarraituko du aurrerantzean ere», esan zuen atzo Hamaseko adar politikoko kide Basem Naimek.

Palestinar batzuk Gaza iparraldera bidean, kostaldeko Al-Raxid errepidean gora, gaur. MOHAMMED SABER / EFE
Palestinar batzuk Gaza iparraldera bidean, kostaldeko Al-Raxid errepidean gora, gaur. MOHAMMED SABER / EFE

Dena den, bada Etxe Zuriko maizterraren proposamena begi onez ikusi duenik. Horren alde egin du, esaterako, Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek, atzo zabaldutako ohar baten bidez: «Jainkoaren laguntzarekin, lehen ministroarekin eta gobernuarekin lan egingo dut plan bat ahalik eta lasterren garatu ahal izateko proposamen hau abian jarri nahian». Horrekin lotuta, Israelgo hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, Netanyahu Trumpekin biltzekoa da hurrengo astean, Etxe Zurian.

Erasoak Zisjordanian

Gazarako su etena indarrean sartu eta bi egunera, Israelgo armadak Zisjordaniaren aurkako operazio militar bat hasi zuen iragan asteartean. PANeko Osasun Ministerioaren arabera, gaur goizean ibilgailu bati egin dio eraso Israelek, Tulkarem hiriko Nur Xams errefuxiatuentzako kanpalekuan, eta bi pertsona hil ditu, eta hiru zauritu.

135.000

Zenbat kanpadenda eskatu dituen Gazako Gobernuak. Gaza iparraldera 135.000 kanpadenda bidaltzeko eskatu die Gazako Gobernuak nazioarteko herrialdeei eta hainbat erakunderi, hala nola NBE Nazio Batuen Erakundeari. Komunikatu baten bidez egindako eskaeran, adierazi du zerrendako eremu horren %90 suntsitu duela Israelek, eta, hortaz, laguntza bidaltzea «premiazkoa eta beharrezkoa» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.