«Bonba hotsa entzuten dugu hemendik, baina gustura nago aterpe honetan, seguruago sentitzen baikara denok batera egonda». Mariak irribarre egin du hori esatean, arinduta. Duela egun batzuk, Maria eta beste emakume batzuk Ramlet al-Baidara iritsi ziren, Beiruteko hondartza publikora. Ez ziren elkartzeko asmotan joan hara. Emakume horietako bakoitzak bere kabuz jo zuen Beiruteko itsasertzera, bizirik irauteko ahaleginean; izan ere, haiek kontratatu zituzten Libanoko etxekoandreek, «madame-ek», abandonatu egin zituzten, eta, ondorioz, babesik gabe geratu ziren Israelek bonbardatutako auzoetan.
Sierra Leonakoa da Maria, baita orain Beiruteko aldirietako Sin el-Fil auzoko lokal horretan dauden gainerako emakumeak ere. Berrehun emakume baino gehiago daude, guztiak etxeko langileak, eta israeldarren metrailak gogorren jo dituen eremuetako batzuetan bizi ziren orain arte: Beiruteko aldirietako zenbait barrutitan eta Libano hegoaldeko hirietan, hala nola Tiro-n, Sidon-en eta Nabatieh-n. Kontratatuta zeuzkaten familia eta enpresa horietako askok ihes egin dute gerratik, etxeko langileak alde batera utzita.
Libanon, kafala izeneko lege sistemak arautzen du nolakoa izango den nagusien eta langile migratzaileen arteko harremana. Kafalaren arabera, nagusiek aukera dute langileei pasaportea konfiskatzeko, eta, hain zuzen ere, sistema horren bidez, enplegatzailearen kontratua bisa moduko bat da etxeko langileentzat. Kontratatzaileek ihes egiten dutenean, baina, etxeko langileak paperik gabe geratzen dira; beraz, ilegalak dira herrialdean, eta arriskua dute atxilotuak eta deportatuak izateko, eta edozein eratako abusuak jasateko.
«Bonba hotsa entzuten dugu hemendik, baina gustura nago aterpe honetan, seguruago sentitzen baikara denok batera egonda»
MARIAEmakume afrikar desplazatua
Israelek Libanon egindako erasoak direla eta, milioi eta erdi pertsona inguruk lekuz aldatu behar izan dute. Horietatik ia milioi erdi lagunek muga zeharkatu dute eta Sirian erbesteratu, baina Sirian bertan ere gerra gordin-gordina da oraindik. Nolanahi ere, gehienek leku seguru bat bilatu nahi izan dute Libanon bertan, eta hango estatuak sustatutako aterpeak gainezka daude. Gobernua batere dirurik gabe dago, bankarrot eginda, eta esan du ez dela gai gerraren ondorio sozialei aurre egiteko. Era guztietako aterpeak ireki ditu, ahalik eta jende gehienari aterpea emateko; besteak beste, eskolak, merkataritza guneak eta diskotekak atondu ditu desplazatuentzat, baina ez guztientzat.
Arau ofiziala izan ez arren, libanoarrak lehenesten dituzte gobernuak prestatutako gune horietan, eta errefuxiatuak eta migratzaileak baztertu. Hori dela eta, erabat marjinatuta geratu dira milioi bat errefuxiatu baino gehiago —gehienak, siriarrak— eta ehunka mila langile migratzaile —gehienak etxeko lanetan aritzen diren emakumeak, Afrikakoak eta Asiakoak—.
Babes sare bat
Mariak gaua pasatzen duen Sin el-Fil auzoko leku horrek, kasualitatez, The Shelter du izena: aterpea, alegia. Industrialde bat dirudi, baina emakumeek berek txukundu dute, aktibista libanoarrei, hornitzaileei eta dohaintzei esker: armairuak jarri dituzte sarreran; sukaldea jarri dute, eta txandaka prestatzen dute jatekoa; eta lastairak dituzte lotarako. Era berean, beste herrialde batzuetatik iritsitako emakumeak hartzen dituzte Libanoko aktibistek inprobisatutako beste aterpe batzuetan.
Maria bezalaxe, aterpean dauden ia emakume guztiek ez dute pasaporterik. «Madame-ek» dauzkate langileen dokumentuak, baita telefonoa eta arropa ere. Eragozpen handia da hori emakumeentzat; izan ere, gehienek Libanotik alde egin eta Sierra Leonara itzuli nahi dute. Gerra honen aurretik ere, guztiek jasan dute esplotazioa, umiliazioa eta ez kobratzea. «Ez ninduten ondo tratatzen», kexatu da Maria. «Esaten zidaten Sierra Leonara itzulitakoan ordainduko zidatela soldata. Ezetz esan nien: hilero bidali behar niela dirua etxekoei».
Zeinab ere Sierra Leonakoa da, 26 urte ditu, eta haurtxo bat besoetan, nahi gabeko haurdunaldi baten ondorioz jaioa. Mohamed txikiak hiru hilabete ditu, eta irribarrez dago. «Mutiko ona da», dio amak. Zeinabek berandu arte egiten zuen lan. Gau batez, etxera bueltan, eraso egin zioten kalean, eta bortxatu. Beiruteko Sabra auzoan bizi zen, eta, erasoa izan eta urtebetera, Israelen bonbak auzora hurbiltzen hasi zirenean, etxetik ihes egin zuen, haur bat zuelako bere kargura. «Umea hartu eta Jounieh hirira joan nintzen», azaldu du, penaz. «Atsekabe handiz alde egin nuen; hantxe nuen nire bizimodua, eta bertan utzi behar izan nuen».
«Hemen dauden emakume gehienek bizipen tristeak izan dituzte Libanon»
ZEINABEmakume afrikar desplazatua
Orain, Sin el-Filgo aterpeko kideen antzera, Sierra Leonara itzuli nahi du, han 5 urteko beste ume bat baitauka zain. «Hemen dauden emakume gehienek bizipen tristeak izan dituzte Libanon», kontatu du Zeinabek, nahigabez. «Baina aurre egin behar diete halakoei, ez dute beste erremediorik, familientzako ari baitira lanean. Beraz, zailtasunak gainditu behar dituzte nahitaez». Zeinaben ustez, atzerritik Libanora etorritako emakumeen sufrimendua gorabehera, emakume gazteek beren bideari jarraituko diote. «Pentsatuko dute haiek beldurtzeko hitz egiten dugula horrela Libanon izan dugun esperientziaz, ez dugulako nahi haiek etortzerik», adierazi du Zeinabek. «Hona etorri, eta nork bere larruan biziko du».