Israelen blokeoa hausteko nazioarteko flotilla

30 herrialde baino gehiagotako hainbat ekintzailek Istanbuldik atera nahi dute Gazarantz, 5.500 tona laguntza humanitario eramateko zerrendara.

Ann Wright AEBetako militar ohi eta diplomazialari izandakoa, hilaren 19an egindako agerraldi batean hizketan, Istanbulen, flotillaren parte den ontzietako batean. LARA VILLALON
Ann Wright AEBetako militar ohi eta diplomazialari izandakoa, hilaren 19an egindako agerraldi batean hizketan, Istanbulen, flotillaren parte den ontzietako batean. LARA VILLALON
Istanbul
2024ko apirilaren 27a
05:05
Entzun

Ezkontza areto batean, Istanbulgo zalapartatik urrun, gizon batzuk soldadu israeldarren itxurak egiten ari dira: burua estalia dutela, zenbait nazionalitatetako dozenaka aktibistari erasotzen ari bide zaizkie. Soldadu batek sabela zapaldu dio ekintzaile bati, eta hura erasoari aurre egin nahian ari da astinduka. Izuak hartu du ekintzailearen kidea, eta ez da gai erantzuteko.

Hirurek aurrez adostua zuten hala jokatuko zutela, gainerakoak muga-mugara eramateko. Segurtasun entrenamendu bat egiten ari dira, beren burua babesteko gauza izan nahian Israelek eraso eginez gero nazioarteko uretan. Baliteke datozen egunetan gertatzea halako segada bat, Israelgo armadak berak iragarri duenez. Hain justu, eliteko ontzi unitate bat prestatzen ari da ekintzaileen mezua zapuzteko, hau da, Gazako itsas blokeoa indargabetzea eta zerrendara laguntza humanitarioa eramatea eragozteko.

30 herrialde baino gehiagotako ehunka aktibista bildu dira Askatasunaren Flotilla mugimenduan, Turkiatik abiatu eta Gazara 5.500 tona laguntza humanitario eramateko helburuz. Bidaiarientzako bi ontzik osatzen dute flotilla, baita zamaontzi batek ere: oinarrizko elikagaiak eramango dituzte hor, hala nola irina, olioa eta kontserbak, eta baita higienerako eta osasunerako materialak ere. Medikuak, historialariak, abokatuak eta Palestinaren aldeko erakundeetako bestelako ekintzaileak ere badira misiora batu direnen artean. Gazarako Bidean Espainiako erakundeko hamasei aktibista ariko dira tartean, eta hiru euskal ekintzaile: Agus Gorbea eta Pilar Revilla gasteiztarrak, eta Mikel Zuluaga bilbotarra.

(ID_13790282) TURKEY GAZA FLOTILLA
Flotillaren parte den 'Akdeniz RoRo' ontzia, Istanbulgo Tuzla portuan. Hilaren 15ekoa da argazkia. ERDEM SAHIN / EFE

«Ekintza zibilei dagokienez, ahal zen guztia egin dugu. Milioika lagun ibili gara mundu osoko hirietan Gazaren alde, eta gobernuek ez dute erantzun. Hilabeteak eman ditugu Amerikako Estatu Batuetako Kongresuko kideen atzetik, ez dezaten segitu Israeli dirua bidaltzen. Ez sinestekoa da gertatzen ari den guztia», azaldu du AEBetako militar ohi eta diplomazialari ohi Ann Wrightek; hamabost urte daramatza zenbait flotillatan lanean Palestinara iritsi nahian. «Besterik zer egin dezake gizarte zibilak? Ba, itsasontzi batean abiatuko gara gobernuek egin behar zuten hori egiteko: Israelek Gazari ezarria dion itsas blokeoa eteteko eta laguntza humanitarioa eramateko zerrendara», esan du.

Misioa ziurgabetasunez betea dago, eta nazioarteko herrialdeak presioa egiten ari dira, irten ez dadin, antolakundeko kideek baieztatu dutenez —atzo bertan berriz atzeratu zuten irteera—. Itsasontzia Istanbuldik abiatzeak berak estutasun larrian jarri du Turkiako Gobernua, nazionalitate ugaritako ehunka pertsona utzi baititu Israelen eraso baten arriskupean.

Turkiak ondo gogoan du nola 2010ean Mavi Marmara flotilla abiatu zen Istanbuldik Gazarantz, Israelen blokeoa desegiteko asmoz. Gazako zerrendara iristeko ehun kilometro eskas falta zituelarik, nazioarteko uren erdi-erdian, Israelgo armadaren hiru itsasontzik geldiarazi egin zuten. Helikoptero bat, aktibistaz beterik zegoen itsasontzietako batera gerturatu, eta tiroka hasi zen. Flotilla hartako hamar kide hil ziren, eta beste 50 zauritu; nazioarteko presioa gorabehera, inor ez dute epaitu kasu hura zela kausa.

«Ezin gaitu inondik ere mendean hartu ideia honek: militarren boterea eta basakeria ahaltsuagoak direla lortu nahian gabiltzan eskubideak baino».

HUWAIDA ARRAFAbokatua eta flotillako kidea

«Ezin gaitu beldurrarazi Israelen indarkeria basatiak, eta ezin digu eragotzi neurriak hartzea. Ezin gaitu inondik ere mendean hartu ideia honek: militarren boterea eta basakeria ahaltsuagoak direla lortu nahian gabiltzan eskubideak baino», ohartarazi du Huwaida Arraf abokatu palestinar-estatubatuarrak; Mavi Marmara flotillan parte hartutakoa da, eta oraingoan ere itsasontziratuko da.

«Historiaren joanean, erregimen biolento eta zapaltzaileek indar basatia erabili izan dute, baina zutik iraun behar dugu justizia babestearren. Misio arriskutsua da, baina prest gaude. Espero dugu gizarte zibilaren laguntza izango dugula, gu ari baikara egiten gobernuek egin ez dutena urriaren 7az geroztik», erantsi du.

IHHren lana

Turkiako IHH Laguntza Humanitariorako Fundazioa GKE gobernuz kanpoko erakundeak —zeina joera islamistakoa eta Turkiako egungo gobernuaren hurbilekoa baita— bere gain hartu ditu misioaren logistikari dagozkion zereginak, eta, hala, hura arduratu da itsasontziak erosteaz eta laguntza humanitarioa jasotzeaz. Gainera, zenbait zentro utzi ditu prestakuntza ikastaroak egiteko, eta bilkurak antolatu ditu ekintzaileen eta Turkiako erakunde humanitarioen artean. Halere, erakunde horretako kideek diskrezioz jokatu dute prozesu guztian nazioarteko kazetariekin, eta ez dute adierazpenik egin nahi izan, atzerritik ailegatutako antolakundeek izan zezaten protagonismoa.

Israelek erakunde terroristatzat hartzen du IHH, Anaia Musulmanen sokakoa delakoan, eta, hain zuzen ere, baliteke GKEak horregatik hautatu izana diskrezio politika hori. «Turkiako funtzionarioekin negoziatzen ari gara oraindik», jakinarazi zuen antolakunde horretako prentsa arduradun Mustafa Ozbekek, duela zenbait asteko prentsaurreko batean. Gobernuko iturri batzuek Middle East Eye agerkariari adierazi ziotenaren arabera, flotilla Israelgo uretan sartzeak ezinegona pizten dio Ankarari, beldur baita horrek ez ote duen katramilatuko Israelekin duen harremana.

Atzerapenak justifikatzeko, arazo teknikoak aipatu izan dituzte argudio gisa, edo, bestela, nazioarteko ekintzaile gehiago iritsi izana, baina ekintzaile horiek, hain zuzen, uste dute atzerapenak nazioarteko presioen ondorio direla.

Bi asteotan, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea aktiboago aritu da gatazkako bitartekari rolean: batetik, mugak ezarri dizkie Israelerako esportazioei 50 bat produktutan, eta, bestetik, Hamaseko buruei dei egin die, gatazka konpontzeko bide bat aurkitzeko. Ekintzaileen aburuz, presioa Turkiatik kanpo ere nabari da, eta, beraz, beren gobernuak estu hartzen ari dira, baita sare sozialetan ere, misioa aste honetan abiatu dadin, nahiz eta inork ez dakien seguru Gazara ailegatzea lortuko ote duten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.