Israelen bizi den bilbotar bat desagertuta dago larunbataz geroztik

Desagertua 46 urteko gizon bat da, Bilbon jaioa baina Zarautz-Getariako gurasoen ondorengoa. Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak antolatu dituzte, Palestinari babesa helarazteko.

Militarrak Israelgo Sderot hirian, gaur. ATEF SAFADI / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2023ko urriaren 9a
12:27
Entzun

Asteburuan, Hamasek eraso egin dio Israeli ezustean, eta Israelgo armadak gerra egoera deklaratu du. Erasoa gertatuz geroztik, Zarauzko (Gipuzkoa) 46 urteko gizonezko bat desagertuta dago. Israelen bizi zen, Kissufim kibbutzean, bikotekidearekin. El Confidencial hedabideak jakinarazi duenez, palestinarrak gizonaren etxera sartzen saiatu ziren erasoa hasi zenean, eta segurtasun gela batean sartu behar izan zuen bikotekidearekin. Gurasoei deitu zieten, baina poliziak iritsi zirenerako etxea hutsik zegoen, odol arrastorik gabe. Bizi diren kibbutza Gazatik bi kilometro ingurura dago.

Zarauzko Hitza-k zabaldu duenez, Ivan Illarramendi Saizar eta haren emaztea dira larunbateko erasoaz geroztik falta direnak. Jose Manuel Albares Espainiako jarduneko Atzerri ministroak ez du zehaztasun handirik eman, baina familiarekin harremanetan daudela jakinarazi du.

Bilbotarra da sortzez Illarramendi, baina sustraiak Urola Kostan ditu, hedabidearen arabera: aita zarauztarra, eta ama, berriz, getariarra.

Egunkari horrek zehaztu duenez, senar-emazteen etxean ez dute antzeman indarkeria zantzurik, eta bahitu ote dituzten susmoa indartu du horrek.

Euskal Herrian ere isla izaten ari da gatazka, eta Bizkaiko BDS taldeak mobilizazioak antolatu ditu Palestinari babesa eta elkartasuna adierazteko. Hain zuzen, Iruñeko udaletxearen atarian elkartuko dira gaur, 18:30ean; bihar, Bilboko Areatzan, 20:00etan, eta Donostiako Bulebarrean, 19:30ean; eta etzi Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, 19:00etan. Ohar bidez adierazi duenez, herenegun Palestinako herriak 75 urte baino gehiago iraun duen legez kanpoko okupazio baten joko arauak aldatu zituen: «Inoiz ez bezalako operazio batean, Hamasek Gazako zerrenda banatzen duen hesia hautsi zuen, Israelen infiltratu zen, eta hainbat lur berreskuratu zituen, ehunka kolono eta soldadu israeldar hil eta harrapatuz. Horri erantzunez, Israelgo estatu genozidak gerra egoera aldarrikatu zuen, Gazako zerrendaren aurkako bonbardaketak areagotuz. Orain arte laurehun zibil palestinar baino gehiago hil ditu Israelek».

Taldeak gogorarazi du Gaza «blokeo gogorra» jasaten ari dela 2007tik, eta ordutik 6.000 palestinar baino gehiago hil dituztela Israelgo okupazio indarrek hainbat erasotan. Hortaz, Gazak eusteko eskubidea duela uste dute: «Gaza gaur egun ezin da bertan bizi. Hango biztanleriak jasaten duen itomenak legitimoa bihurtzen du okupatzailearen aurkako edozein erresistentzia mota. Are gehiago, erresistentzia eskubidea da, zapaldutako, okupatutako eta bortxatutako herri orok duen eskubidea».

Horiek horrela, nabarmendu dute Euskal Herria palestinarraren alde dagoela: «Ez da gerra bat, baizik eta herri batek Israelen asentamendu kolonialismoaren eta apartheidaren aurka duen erresistentzia da». Halaber, eskatu dute Israeli boikota egiteko, desinbertsioak martxan jartzeko eta zigorrak ipintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.