Asteburuan, Gazako milizia palestinarrek eraso egin diote Israeli ezustean, eta Israelgo armadak gerra deklaratu du. Erasoa gertatuz geroztik, Bilboko 46 urteko gizonezko bat desagertuta dago. Israelen bizi da, Kissufim kibbutzean, bikotekidearekin.
El Confidencial hedabideak jakinarazi zuenez, ekintzaile palestinarrak gizonaren etxera sartzen saiatu ziren erasoa hasi zenean, eta segurtasun gela batean sartu behar izan zuen bikotekidearekin. Gurasoei deitu zieten, baina poliziak iritsi zirenerako etxea hutsik zegoen, odol arrastorik gabe. Bizi diren kibbutza Gazatik bi kilometro ingurura dago.
Zarauzko Hitza-k zabaldu zuenez, Ivan Illarramendi Saizar eta haren emaztea dira larunbateko erasoaz geroztik falta direnak. Jose Manuel Albares Espainiako jarduneko Atzerri ministroak ez zuen zehaztasun handirik eman, baina jakinarazi zuen familiarekin harremanetan daudela.
Bilbotarra da sortzez Illarramendi, baina sustraiak Urola Kostan ditu, Zarauzko Hitza-ren arabera: aita, zarauztarra, eta ama, berriz, getariarra.
Kazeta horrek zehaztu zuenez, senar-emazteen etxean ez dute antzeman indarkeria zantzurik, eta bahitu ote dituzten susmoa indartu du horrek.
Euskal Herrian ere isla izaten ari da gatazka, eta Bizkaiko BDS Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak mugimenduak zenbait mobilizazio antolatu ditu Palestinari babesa eta elkartasuna adierazteko. Hain zuzen, Iruñeko udaletxearen atarian elkartu ziren atzo; gaur, Bilboko Areatzan, 20:00etan, eta Donostiako Bulebarrean, 19:30ean; eta bihar, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, 19:00etan.
Mugimenduak ohar baten bidez adierazi duenez, 75 urte baino gehiago iraun duen legez kanpoko okupazio baten joko arauak aldatu zituen herenegun Palestinako herriak: «Inoiz ez bezalako operazio batean, Hamasek Gazako zerrenda banatzen duen hesia hautsi zuen, Israelen infiltratu zen, eta hainbat lur berreskuratu zituen, ehunka kolono eta soldadu israeldar hil eta harrapatuz. Horri erantzunez, Israelgo estatu genozidak gerra deklaratu zuen, eta Gazako zerrendaren aurkako bonbardaketak areagotu. Orain arte, laurehun zibil palestinar baino gehiago hil ditu Israelek».
Mugimenduak gogorarazi du Gaza «blokeo gogorra» jasaten ari dela 2007tik, eta ordutik 6.000 palestinar baino gehiago hil dituztela Israelgo okupazio indarrek hainbat erasotan. Hortaz, Gazak «eusteko eskubidea» duela uste dute: «Gaur egun ezin da Gazan bertan bizi. Hango biztanleriak jasaten duen itomenak legitimoa bihurtzen du okupatzailearen aurkako edozein erresistentzia mota. Are gehiago, erresistentzia eskubide bat da: zapaldutako, okupatutako eta bortxatutako herri orok duen eskubidea».
Horiek horrela, nabarmendu dute Euskal Herria Palestinako herriaren alde dagoela: «Ez da gerra bat, baizik eta herri batek Israelen kolonialismoaren eta apartheidaren aurka duen erresistentzia». Halaber, eskatu dute Israeli boikota egiteko, desinbertsioak martxan jartzeko eta zigorrak ipintzeko.
Nazioarteko mugimendua
Mundu osoan egiten du lan BDS mugimenduak, ez soilik Euskal Herrian. 2005eko uztailean jaio zen, Palestinan bertan. Ordu hartan, 170 erakunde eta eragile palestinarrek boikoterako deia egin zioten nazioarteari, Israelgo Gobernua estu hartzeko asmoz. Hegoafrikako apartheidaren aurkako mugimenduan oinarritzen da honakoa, eta eskatzen dio nazioarteari presio egin dezatela Israelek nazioarteko legedia bete dezan.
Baionan, berriz, 200 herritar inguru elkartu ziren sinagogaren aurrean, «terrorismoak Israelen sarraskitu dituen biktimei» elkartasuna adierazteko. Hainbat kargudun publikok parte hartu zuten: besteak beste, Jean-Rene Etxegarai auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, eta Baionako eta Angeluko (Lapurdi) zinegotzi batzuek.
Palestinako gatazka
Israelen bizi den bilbotar bat desagertuta dago larunbataz geroztik
Desagertua 46 urteko gizon bat da. Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak antolatu dituzte, Palestinari babesa helarazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu