Israelen azken erasoak Ekialde Hurbilean eragin ditzakeen «ondorio larriez» ohartarazi du Egiptok

NBEk salatu du «onartezina» dela Israelen azkeneko erasoa.

Zauritu batzuk Gaza hiriko ospitale batean, gaur.  AHMAD AWAD / EFE
Zauritu batzuk Gaza hiriko ospitale batean, gaur. AHMAD AWAD / EFE
Igor Susaeta.
2025eko martxoaren 18a
10:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelek berriz jo du Gazaren aurka, eta nazioarteak, oro har, azkeneko bonbardaketak gaitzetsi ditu. Egiptok zerrendarekin muga egiten du hegoaldean, eta Israelen eta Hamasen arteko negoziazioetako bitartekarietako bat da. Erasoaren harira, Ekialde Hurbilean eragin ditzakeen «ondorio larriez» ohartarazi du Kairok, eta Israel kritikatu. Ohar batean eskatu dio nazioarteari ekidin dezala eskualdea «indarkeria eta kontraindarkeria gurpil batera» itzultzea, eta aldeei eskatu die «neurriz jokatzeko», modu horretan bitartekariei aukera eman diezaieten «tregoa iraunkor bat ezartzeko ahaleginak betetzeko». Qatar eta AEBak ere bitartekari ari dira.

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoarentzat, «onartezina» da Israelen jokabidea. Hori nabarmendu du Muhannad Hadik, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horretako Palestinako lurralde okupatuetako giza koordinatzaileak. Su etena berriro ezar dezatela eskatu du ohar batean. Gauza bera esan du Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak, bere bozeramaile Stephane Dujarricen ahotik.

Hadiren esanetan, «imajinaezina» da palestinarrak zerrendan pairatzen ari direna, eta «irtenbide bakarra» zein den esan du: «Borrokak bukatzea; laguntza humanitario iraunkorra finkatzea; bahituak askatzea; eta herritarrei bizitzeko modua ematea». Volker Tuerk OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandataria ere komunikatu baten bidez mintzatu da, eta esan du «izugarrikeria hutsa» dela Israelek egindakoa, eta Tel Avivek berriro bide militarra hartzeak «palestinarren miseria» areagotu besterik ez duela egingo. Nazioarteko zuzenbidean oinarritutako akordio bat mamitzera deitu du.

Arma enbargorik ez

Errusia kezkatuta dago. Kremlinen bozeramaile Dmitri Peskovek egunero eman ohi duen prentsaurrekoan adierazi duenez, «tentsio espiral bat» eragingo du gaur gertatutakoak, eta egoera «bake bidean» jartzeko eskatu du. Txinak ere kezka agertu du, eta aldeei eskatu die saihestu dezatela «gatazka koska bat estutzea» eragin dezakeen edozein ekintza. Mao Ning Atzerri Ministerioaren bozeramaileak eskatu du su etena berrezarri dezatela.

Horretarako, Erresuma Batua bere «eragin diplomatikoa» baliatzen ahaleginduko da. Hori esan du Pat McFadden Kabinete ministroak, Sky News telebista katean. Erresuma Batuak armak saltzen dizkio Israeli, eta McFaddeni galdetu diote ea gaurko erasoak harreman komertzial horri eragingo ote dion. «Ez dugu arma enbargorik ezarriko. Armak saltzen dizkiogu Israeli, eta honek [azken erasoak] ez du enbargo bat ekarriko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.