Israelen asmoetan esku hartzeko eskatu dio Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegiari

Israelgo armada egunotan Rafahn egiten ari den erasoen harira egin du eskaera. Gazan operazio militarrak gutxienez sei astez etetea negoziatzen ari dira Egiptoko, Jordaniako, AEBetako, Qatarko, Hamaseko eta Israelgo ordezkariak.

(ID_13597532) -FOTODELDÍA- ISRAEL PALESTINA CONFLICTO
Haur palestinar bat Israelgo armadako erasoek eragindako hondamendiari begira, atzo, Rafahn (Gaza). HAITHAM IMAD/EFE
maddi iztueta olano
2024ko otsailaren 13a
14:00
Entzun

Egunotan Israelgo armada Rafahn —Gazaren eta Egiptoren arteko mugako eremuan— egiten ari den erasoak ikusita, horiek geldiarazteko esku hartu behar ote duen aztertzeko eskatu dio Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegiari. Eskaeraren arabera, NBEren organo judizial nagusiak dituen «eskumenak» baliatu ditzake «Gazako palestinarren eskubide urraketak ekiditeko». Hegoafrikako Gobernuak atzo aurkeztu zuen eskaera, baina gaur eman du horren berri.

Argitaratutako oharrean, azpimarratu du Rafah dela zerrendako «eremu seguru bakarra», eta ohartarazi du Israelek hor babes hartzen duten ehunka mila lagun hil ditzakeela aurreikusitako ofentsiba militarra hara zabaltzen badu. Gisa horretako eraso batek «bete-betean» urratuko luke Genozidioaren Konbentzioa eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak joan den urtarrilaren 26an emandako epaia; hots, egun hartan, Hagako auzitegiak ebatzi zuen badaudela «nahikoa ebidentzia juridiko» eztabaidatzen jarraitzeko Israel Gazan genozidio bat egiten ari den, eta, kautelazko neurri gisa, Tel Avivi eskatu zion har ditzala genozidioa eragozteko neurriak.

Bien bitartean, Israelen eta Gazaren arteko borrokaldia behin-behinean eteteko negoziatzen ari dira, berriro, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta auzian bitartekari ari diren gainontzekoak. AEBetako presidente Joe Bidenek gaur goizaldean iragarri duenez, gutxienez sei aste iraungo luke, eta zerrendara laguntza humanitarioa sartzeko eta Hamasek bahituak dituen israeldarrak askatzeko baliatuko lukete epe hori. «[Akordioaren] puntu nagusiak mahai gainean daude, baina oraindik zenbait xehetasun daude zehazteko». Orain arte proposatu duten etenaldi luzeena litzateke hori.

Etxe Zurian Jordaniako errege Abdullah II.arekin bildu ondoren egin du iragarpena Bidenek. Gaur, zehazteko falta dituzten xehetasun horiek adoste aldera, Kairon bildu dira Jordaniako, Egiptoko, Qatarko, AEBetako, Israelgo eta Hamaseko zenbait ordezkari. Han dira AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko (CIA) buru William Burns eta Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako buru David Barnea ere.

«Akordioaren puntu nagusiak mahai gainean daude, baina oraindik zenbait xehetasun daude zehazteko».

JOE BIDEN AEBetako presidentea

Baina, negoziazio horiek aurrera egin eta akordioa adostu dezaten, baldintza bat jarri du Hamasek; hots, Israelgo armadak bertan behera uztea Rafahren aurkako ofentsiba militarra. Atzo, armadak hegazkinekin eta tankeekin egin zion eraso eremu horri, eta gutxienez 67 palestinar hil zituen. Operazioan bi gatibu ere askatu zituzten. Erasoak kezka handia eragin du, milioi bat gazatar pasatxo baitaude Rafahn. Horietatik guztietatik, ehunka mila Israelen erasoetatik ihesi iritsi dira hara, tropa israeldarrek Gaza iparraldean hasi baitzuten ofentsiba militarra, eta zerrendan behera egin dute asteek aurrera egin ahala.

Iparraldean eta erdialdean egin bezala, Israelgo armadak Egiptoren eta Gazaren arteko mugan ere lehorreko ofentsiba bat hasiko duen beldurra zabaldu du eraso horrek. AEBek, ordea, halakorik ez egiteko agindu diote Israeli, «zibilak babesteko plan sendo eta sinesgarri bat» izan ezean. Azken egunotan gero eta jarrera kritikoagoa izaten ari da Washington, eta horren adierazle dira, hain justu, iragarritako azken menia proposamena eta Rafahko erasoaren harira egindako ohartarazpenak.

Eta, Israelen kalterako, Etxe Zuria ez da aferaren inguruan jarrera kritikoago bat hartzen ari den bakarra. Behin-behineko su eten baten alde lerratu dira gaur Errusia eta Txina, ia-ia aldi berean eta urriaren 7tik hartutako jarrerarik irmoena erakutsiz. Batetik, Pekinek eskatu dio Tel Avivi «ahalik eta lasterrena» eten ditzala «operazio militar guztiak»; bestetik, Moskuk esan du babestu egingo duela Gazan su eten bat eta gatibuen askapena indarrean jartzeko «edozein egitasmo».

Atxilo eraman dute

Israelgo armadak jakinarazi duenez, gaur goizean Hamaseko goi kargudun Omar Fayed atxilotu dute, Jeninen, Zisjordanian, sarekada batean. Israelen arabera, organizazio islamistaren azpiegitura militarraren «arduradun eta antolatzaileetako bat» da.

Gisa horretako sarekadak ohikoak dira Zisjordanian, eta maiz zibilak ere zauritu, atxilotu eta hiltzen dituzte. Urriaren 7tik hona, azken eremu horretako 3.100 palestinar baino gehiago atxilotu, eta 380 lagun hil dituzte Israelgo segurtasun indarretako agenteek eta kolono juduek. Horietan azkena gaur goizean hil dute, hogei urteko mutil bat.

Bestalde, Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, 28.400 palestinar baino gehiago hil eta 68.000tik gora zauritu dituzte soldadu israeldarrek iragan urriaren 7tik hona.

Plan bat Libanorako

Reuters berri agentziak gaur goizean kaleratu duenez, Israelgo armadaren eta Libanoko Hezbollah milizia xiitaren arteko borrokak eteteko menia proposamen bat ondu du Frantziak, eta gutun bidez bidali dio Frantziako Atzerri ministro Stephane Sejournek Libanoko lehen ministro Najib Mikatiri. Israel ere aztertzen ari da.

Planak proposatzen du Hezbollahko milizianoak 10 kilometro urruntzea Libano hegoaldearen eta Israel iparraldearen arteko mugatik, eta behin-behinean elkarri eraso egiteari uztea. Proposamenaren helburu nagusia litzateke gatazka Ekialde Hurbilera zabaltzea eragoztea.

Edonola ere, ez du irudi Frantziaren proposamenak aurrera egingo duenik, Hezbollahk birritan esan baitu ez diola Israeli erasotzeari utziko horko armadak Gazaren aurkako operazio militar guztiak behin betiko eteten dituen arte. Hain justu, hamabost urteko israeldar bat eta 47 urteko bat hil dira gaur goizean, miliziak Israel iparraldean egindako aire eraso batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.