Ekialde Hurbila

Israelen anexio plana salatu dute Palestinan, hura ezartzeko epea hasi den egunean

Gabi Ashkenazi Israelgo Atzerri ministroak adierazi du anexioa ez dela berehala gauzatuko, eta Tel Avivek eta Washingtonek elkarrizketan jarraituko dutela «datozen egunetan». 

Emakume palestinarrak Israelen anexio planaren kontrako protestan, gaur, Gazan. MOHAMMED SABER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 1a
17:35
Entzun

Zisjordaniako zati bat anexionatzeko plana iragarri zuen Israelgo Gobernuak duela bi hilabete, eta gaurko egunetik aurrera mamituko zuela adierazi zuen Benjamin Netanyahu lehen ministroak. Baina plana atzeratu egin dute hura ezartzeko egutegiari buruzko desadostasunek. Gobernuko hainbat kide ez daude ados Netanyahuren epeekin, eta Israel elkarrizketan ari da oraindik Washingtonekin, anexio planak ekar ditzakeen ondorioak aztertzeko.

Ziurgabetasun eta kezka handiarekin erreparatzen diote bitartean Palestinako herritarrek Tel Aviven asmoei, eta protestak egitera deitu dute gaurko. Gazan, ehunka lagun irten dira kalera anexio plana nazioarteko legediaren kontrakoa dela salatzera. Zisjordanian ere manifestazioak egin dituzte iluntzean.  

Israelek Zisjordaniako lurren herenak egin nahi ditu bere anexio planarekin. Eremu horien artean da Jordan harana, nekazaritzarako lur emankorra —«Palestinako baratzea» deitu ohi dena— eta balio estrategiko handiko ingurua. Horrez gain, Zisjordanian eraiki dituen kokaguneak ere gehitu nahi ditu Netanyahuk estatu judura.

Tel Aviven plana bat dator AEB Ameriketako Estatu Batuek urtarrilean Ekialde Hurbilerako aurkeztu zuten bake proposamenarekin. Etxe Zuriak bide eman zion Israelek Zisjordanian eraiki dituen kokaguneak legeztatzeari, eta 1967ko mugek hartzen dutena baino lurralde murritzagoa eta sakabanatuagoa izango lukeen estatu palestinar bat aitortzeari.

Anexioa gauzatzeari buruzko adostasunik ez dago oraindik, ordea, Israelen eta AEBen artean, Ofir Akunis Israelgo Lurralde Lankidetzarako ministroak adierazi duenez. Dena den, Israelen «subiranotasun hedatzea» uztailean izango dela ziurtatu du. «Gaur egin zitekeen, baina oraindik ez dago akordiorik AEBetako Gobernuarekin». Gabi Ashkenazi Israelgo Atzerri ministroaren esanetan, «datozen egunetan» elkarrizketekin jarraituko dute Tel Avivek eta Washingtonek.

Palestinako Aginte Nazionala gidatzen duen Fatah alderdiak ohartarazi duenez, Israelek anexioa abian jarriko du Europako Parlamentuak udako etenaldia egiten duenean, planaren kontrako nazioarteko salaketa ahulagoa izan dadin, eta adierazi du ez duela inolako negoziaziorik babestuko Israelekin hark anexioa gauzatzen badu.

Israelen planak nazioarteko eragile ugariren gaitzespena jaso du. Nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa litzatekeela nabarmendu dute EB Europako Batasunak, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Liga Arabiarrak. Ildo beretik mintzatu da, gaur, Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnson ere.

Planaren kontrakoen iritziz, anexioak ezegonkortasun politiko handia eragingo luke Ekialde Hurbilean, indarkeria areagotuko luke eta zapuztu egingo luke Palestinak eta Israelek estatu bana izateko aukera, bi estatuen konponbidea delakoa.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.