ISRAEL-IRAN

Israelekin «lotura» duen zamaontzi bat bahitu du Iranek

Errepublika islamikoko Guardia Iraultzaileak Ormuzko itsasartean eraso egin dio ontziari. Teheranek egoera koska bat estutzea erabakiz gero horrek «ondorioak» izango dituela esan du Tel Avivek.

Portugalgo bandera du 'MSC Aries' ontziak. Hori bahitu dute Irango indarrek. MARCIN KOCOJ / MARINE TRAFFIC
Portugalgo bandera du 'MSC Aries' ontziak. Hori bahitu dute Irango indarrek. MARCIN KOCOJ / MARINE TRAFFIC
Igor Susaeta.
2024ko apirilaren 13a
18:00
Entzun

Ez da, ez, Iranek egiten duen gisa horretako lehen ekintza, baina abaguneak esangura handiagoa ematen dio gaur gertatu denari. Israelekin «lotura» duen zamaontzi bat bahitu du errepublika islamikoaren Guardia Iraultzaileak Ormuzko itsasartean, Persiar golkoaren eta Omango golkoaren artean, noiz eta AEBek ohartarazi dutenean Iranek Israeli eraso egiteko asmoa duela, eta hainbat herrialde eskatzen ari direnean beren herritarrei Ekialde Hurbilera ez joateko.

Irango iturri ofizialek gertatutakoaren berri eman dute IRNA albiste agentziaren bidez, eta ondoren baieztatu du MSC Mediterranean Shipping Companyk, kontainer-ontzien munduko enpresa handienak, ohar baten bidez jakinarazita Irango indarrek helikopteroz eraso egin diotela MSC Aries ontziari. Portugalgo bandera du, baina Erresuma Batuko Zodiac Maritime enpresa du jabe. Associated Press berri agentziaren arabera, enpresa hori Zodiac Taldearen barruan dago, zeinaren jabeetako bat Eyal Ofer israeldarra den. Iraganean haren beste zamaontzi batzuei ere eraso egin die Iranek. MSCk adierazi du 25 lagunek osatzen dutela eskifaia, eta «agintariekin» elkarlanean ari direla horien «ongizatea ziurtatzeko» eta ontzia «modu seguru batean» itzultzeko. Arabiar Emirerri Batuetatik Indiara bidean zihoan.

Daniel Hagari Israelgo armadaren bozeramaileak nabarmendu du, ohar batean, Teheranek egoera koska bat estutzea erabakiz gero horrek «ondorioak» izango dituela. «Israel alerta gorenean dago. Erantzuteko prest gaude». Aintzat hartu behar da Iranek Damaskon duen kontsuletxea bonbardatu zuela Israelek joan den apirilaren 1ean —Tel Avivek ez du egiletza bere gain hartu—, eta eraso horretan gutxienez hamahiru pertsona hil zituela; tartean, Irango Guardia Iraultzailearen bi goi kargudun.

Teheranek mendekua hartuko zuela iragarri zuen orduan, baina azpimarratu izan du ez duela koska bat estutu nahi egoera; argi utzi du, hori bai, «zilegizko defentsarako eskubideak» ahalbidetzen diola Israel «zigortzea». Iran da Israelen Ekialde Hurbileko etsai geopolitiko nagusia, eta alderantziz.

AEBek ere etsaitzat daukate Iran, eta, horregatik, Joe Bidenek argi utzi du Israel lagunduko dutela konfrontazio posible batean. Erasorik ez egiteko eskatu zion AEBetako presidenteak Teherani, atzo, agerraldi batean. Washingtonek jakinarazi du Turkiako, Txinako, Saudi Arabiako eta Alemaniako agintariekin hitz egin duela azken egunetan, horiek Irani eska diezaioten bazter dezala Israeli eraso egiteko asmoa, argudiatuz horrek are gehiago narrastu dezakeela egoera Ekialde Hurbilean.

Horiek horrela, AEBak hasi dira Ekialde Hurbilera gerraontzi eta gerra hegazkin gehiago bidaltzen. Hori kaleratu du The Washington Post egunkariak, Defentsa Departamentuko iturri bat aipatuz. The Wall Street Journal egunkariak Irango agintarien jardueren berri duen pertsona baten hitzak jasota argitaratu duenez, Israeli eraso egiteko aukera mahai gainean du Teheranek, hainbat plan ditu horretarako, baina ez du erabaki bat hartu.

Zisjordanian, tentsioak gora

Zisjordania okupatuan atzo goizean desagertutako 14 urteko israeldarraren gorpua topatu dute gaur goizean. Israelgo armadaren arabera, «eraso terrorista batean» hil dute. Desagerpenak kolono israeldarren eta palestinarren arteko borrokak eragin ditu azkeneko orduetan, eta Yoav Gallant Israelgo ministroak kolonoei eskatu die ez dezatela «justizia» beren kabuz egin. X sare sozialean idatzitako mezu batean adierazi du «mendeku ekintzek» zaildu egin ditzaketela «terroristak» bilatzeko lanak.

Ramallah iparraldean piztu ziren atzo gauean lehen borrokak, Al-Mughayyir-en. Hain zuzen, hango legez kanpoko kokagune judu batean bizi zen nerabea. Israelgo hedabideek kaleratu dutenez, abereak zaintzera atera zen, eta ez zen etxera itzuli. Hori ikusita, Israelgo soldaduek babestutako kolono armatu batzuek palestinar batzuen kontra egin zuten, eta eraso horretan pertsona bat hil zuten tiroz, eta gutxienez 25 zauritu.

Palestinako Wafa berri agentziaren arabera, mila kolono inguru tiroka hasi dira atzo hildako palestinarraren hiletan; sei zauritu eragin dituzte. Gainera, herri batzuetarako sarbideak blokeatu dituzte, eta beste leku batzuetan ibilgailuak eta etxeak erre dituzte. Guztira 650.000 eta 700.000 kolono artean bizi dira NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak legez kanpokotzat dauzkan Zisjordaniako kokaguneetan, eta joan den urriaren 7az geroztik bederatzi palestinar hil dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.