Israelgo armadak Yemengo aireportu nagusia eta zenbait energia azpiegitura eta portu bonbardatu ditu gaur. Armadak zabaldu duen oharraren arabera, huthiek Israelen aurka egindako erasoei emandako erantzuna izan da, eta Yemengo talde xiitak erabiltzen dituen «helburu militarrak» izan dituzte jomugan. Israelek iragan ostiralean ere egin zituen erasoak Yemenen, eta Netanyahuk ziurtatu du gehiago egingo dituztela: «Zeregina amaitu arte jarraituko dugu».
Huthien Al-Masirah telebista katearen arabera, hiru pertsona hil ditu Israelek gaurko erasoetan. Horietatik bi, Sana Nazioarteko Aireportuan; eta bestea, Ras Issa portuan, herrialdearen mendebaldean, Itsaso Gorriaren ertzean. Inguru horretako beste bi portutan ere egin dituzte bonbardaketak, baita bi energia azpiegituratan ere. Israelgo armadak adierazi du huthiek helburu militarretarako erabiltzen dituztela azpiegitura zibilak.
Tedros Adhanom Ghebreyesus OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari nagusia Sanako aireportuan zen erasoa egin dutenean. X sare sozialean eman du berria: «Sanatik irteteko hegaldia hartzera gindoazenean, aireportua bonbardatu dute. Gure hegazkineko tripulazioko kide bat zauritu dute». Jakinarazi duenez, bera eta haren lankideak onik daude, baina aireportuko kontrol dorrea eta lurreratze eremua hondatu dituzte.
Israelek eta huthiek behin baino gehiagotan egin diote elkarri eraso iazko urriaren 7az geroztik. Mugimendu xiitak misilak eta droneak erabili izan ditu Israelen aurka. Joan den larunbatean, esaterako, misil bat jaurti zuten Tel Avivera, eta hamasei pertsona zauritu zituzten. Itsaso Gorrian, Israelekin nolabaiteko harremana duten itsasontzien aurkako erasoak ere egin izan dituzte huthiek; haien arabera, Gazako palestinarrei babesa erakusteko. Israelek, berriz, zenbait eraso ere egin ditu Yemenen. Aurreko ostegunean lehen aldiz bonbardatu zuen herrialdeko hiriburua.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak huthien aurkako erasoekin jarraitzeko asmoa azaldu du gaurko bonbardaketen ostean. Bideokomunikatu batean adierazi du «zeregina amaitu arte» segituko dutela: «Iranen adar terrorista moztuko dugu». Netanyahuren alboan, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak ere hitz egin du: «Israeli eraso egiten diotenei eraso egingo diegu». Eta ziurtatu du buruzagi huthi guztiak «ehizatuko» dituztela, «beste leku batzuetan egin moduan».
Zazpi fronte
Israelek azaldu izan du herrialdeak zazpi fronte dituela zabalik Erresistentziaren Ardatzaren aurka —Israelek «Gaizkiaren Ardatza» ere deitzen dio—. Erresistentziaren Ardatza esaten diete Irani eta hark militarki eta ekonomikoki babesten dituen miliziei. Horien artean daude Yemengo huthiak, Gaza eta Zisjordaniako milizia palestinarrak —Hamas, nagusiki—, Libanoko Hezbollah, Siriako zenbait milizia, Irakeko Erresistentzia Islamikoa, eta Iran bera. Ekialde Hurbileko eta munduko ezegonkortasunaren erantzule egiten ditu Israelek milizia horiek.
Hori bera egotzi dio Iranek Israeli, Yemengo erasoen ostean. Nazioarteko bakearen eta segurtasunaren urraketa gisa definitu ditu gaurko erasoak Esmaeil Baqaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak, AFP berri agentziak jaso duenez. Agentzia berak jaso ditu huthien eta Hamasen adierazpenak ere. Huthien bozeramaile Mohammed Abdulsalamek Yemengo herritarrei eraso egitea egotzi dio Israeli. Hamasek ere gaitzetsi ditu gaurko erasoak, eta, zabaldu duen oharrean, salatu du Tel Avivek jomugan jartzen dituela herritarrak dauden guneak, eta Sanako aireportua jarri du adibidetzat.
Israelek 20 pertsona hil ditu Gazan
Israelgo armadak Gazako hainbat leku bonbardatu ditu gaur goizaldean, eta eraso horretan gutxienez 20 pertsona hil ditu, Palestinako hedabideen arabera. Hildakoen artean daude Al-Quds telebista kateko bost kazetari. Israelgo armadak ohar batean adierazi duenez, «zehatzak» eta Hamasen aurkakoak izan dira egindako erasoak.
Iturri horrek berak jakinarazi du bukatutzat eman duela azken bi egunetan Zisjordanian egindako sarekada; gutxienez, bederatzi palestinar hil dituzte horretan, argudiatuta «terroristak» zirela.
Bestalde, Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroa Jerusalemgo Meskiten Zabalgunera joan da. Hori egin izana gaitzetsi du Hamasek.