Israelek berehala erantzun dio Yemengo huthien erasoari: F-15 gerra hegazkinak erabilita, Al-Hodeidah herriko hainbat porturen azpiegiturak bonbardatu ditu gaur iluntzean. Prentsa ohar baten bidez, Israelgo Gobernuak bere gain hartu du erasoa. «Israeldarren odolak prezio bat dauka», esan du herrialdeko Defentsa ministro Yoav Gallantek.
Yemengo matxino xiitek Tel Aviv bonbardatu zuten atzo goizaldean; misil balistiko bat eta lau drone jaurti zituzten AEB Ameriketako Estatu Batuek Tel Aviven duten enbaxadaren eraikinetik gertu. Eraso horretan pertsona bat hil zen, eta lau zauritu. Orain, Israelen erasoari erantzungo diotela ohartarazi dute huthiek: «Ez ditugu gure operazioak bertan behera utziko, ondorioak direnak direla». Gero, «zibilen aurka» egitea leporatu diote Tel Avivi: «Israelek eraso bortitz bat egin du Al-Hodeidah eskualdearen aurka, hiria argindarrarekin hornitzen duen zentral elektrikoa hondatu baitute».
Apenas 24 ordutan, nabarmen egin du gora Yemenen eta Israelen arteko tentsioak. Hori bai, liskar horietatik kanpo daudela nabarmendu nahi izan dute bai AEBek, bai Erresuma Batuak. Gauza bera egin du Israelgo Gobernuak, ziurtatuta gaurko erasoan ez dutela «inolako esku hartzerik» izan. Nolanahi ere, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk babesa eskatu dio, beste behin, nazioarteari, «Irani eta bere metastasiei aurre egiteko».
Azken hilabeteetan, Israelen kontrako bonbardaketak areagotu dituzte huthiek. Azaroan hasi ziren, zamaontzi batzuei eraso egiten, Itsaso Gorrian, argudiatuta Israelekin lotura zutela. Halere, egunotakoak dira elkarren aurka egindako lehenbiziko eraso zuzenak.