Aste honetan amaituko da Israelgo Gobernuak eta Hamasek adostutako su etenaren lehen fasea, eta bigarren fasearen nondik norakoak adosteko negoziazioei ekin gabe daude. Ez dago argi noiz hasiko dituzten ere. Izan ere, Hamasek adierazi du ez dela negoziazio mahaian eseriko Tel Avivek orain arte adostutakoa errespetatu ezean. Asteburuan, uko egin dio hitzartutako 620 preso palestinarrak askatzeari.
Larunbatetik iganderako goizaldean eman zuen erabakiaren berri Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Ordu batzuk lehenago, Hamasek sei bahitu askatu zituen, eta Israelek gauza bera egin behar zuen 620 presorekin. Horien artean, Gazako inbasioan atzemandako 445; tartean, haurrak ere badaude.
Hori zen zazpigarren trukerako hitzartu zutena, baina Tel Aviv atzeratuz joan zen bere eginbeharra, Netanyahuk halakorik egingo ez zutela iragarri zuen arte. Azaldu zuen horretarako baldintza batzuk jarriko dizkiola Hamasi: oraindik bahituta daudenen askatasuna «bermatzea» eta «ekitaldi umiliagarririk» ez egitea.
Orain arte, Hamasek ekitaldi publikoak egin ditu bahituak Gurutze Gorriaren esku uztean. Besteak beste, horiek diskurtso bat egin behar izan dute jendaurrean. Antzera jokatu dute hildakoen gorpuak entregatzean ere, hala nola aurreko ostegunean. Orduan, Israelek eta Nazio Batuen Erakundeak gogor kritikatu zuten lau gorpuren entrega, ekitaldi «higuingarri» baten bidez egin zelako. Ekitaldi horiek «helburu propagandistikoetarako» erabili direla kritikatu du Netanyahuk, eta hori akordioaren kontrakoa dela gehitu.
Gainera, larunbat honetan, jada presoen askatasuna atzeratua zela, Hamasek egun hartan askatutako sei bahituen ekitaldiaren bideo bat argitaratu zuen. Hartan, ekitaldia ikustera behartutako beste bi bahitu ageri ziren. Horiek gerra amaitzeko eskatzen diote Israeli, beren askatasuna adostu gabe baitago oraindik.
Israelek, baina, ez du jarrera hobea preso palestinarrekin. Askatu dituzten presoen arropetan esaldi hau jarri dute: «Nire etsaiei jazarriko diet, atzemango ditut, eta ez naiz itzuliko haiek deuseztatu arte». Eta, aurreko astean, telebista bati Zisjordaniako espetxe batean sartzeko baimena eman zion. Husam Abu Safieh elkarrizketatu zuten, Gazako Kamal Adwan ospitaleko zuzendaria. Oinak eta eskuak lotuta, adierazi zuen ez dakiela zein den bera atxilotzeko arrazoia.
Hala, Hamasek adierazi du Tel Aviv ari dela prozesuak baliatzen propaganda egiteko: «Gure presoak aske uzteko prozesua izaten da benetako iseka; torturetatik, jipoietatik eta umiliazioetatik hasi eta azken uneraino». Horregatik, uste du Israel ez dela bere betebeharrak betetzen ari, eta argudio «ahul» bat baliatu dutela hori justifikatzeko.

Hala, Hamaseko buru Mahmud Mardawik adierazi du ez dituztela su etenaren bigarren fasearen inguruko negoziazioak hasiko Israelek akordioa errespetatu ezean. Kontuan izan behar da aste honetan amaituko dela lehen fasea, asteburuan egin beharko litzatekeen truke batekin: Hamasek lau gorpu entregatu behar ditu, eta beste preso talde bat Israelek.
Hori posible egiteko, Hamasek Egiptori, Qatarri eta AEBei, nazioarteko bitartekari lanak egiten ari direnei, eskatu die Tel Aviv mugitzera behartzeko. «Hamasek ez du bitartekarien bidez Israelekin hitz egitea onartuko aurrez adostutako presoak askatzeko konpromisorik gabe», adierazi zuen Mardawik.
Tankeak Jeninera bidean
Israelgo armadak alerta maila areagotu du, eta tropak prestatzen ari da Gaza eta Israel artean. Izan ere, Tel Avivek soldaduak ditu zerrenda barruan. Horiek 16 urteko gazte bat hil zuten igandean. Inbasioa hasi zenetik, 48.000 baino gehiago dira hildakoak.
Zisjordanian ere egoerak okerrera egin du. Israelek tankeak bidali ditu Jeninera, eta inguruko udalerrietako kaleak, etxebizitzak eta azpiegiturak suntsitzen ari dira. 2002tik halako operazio bat egin gabe zen Israelgo armada Zisjordanian, eta jakinarazi du gutxienez urtebete iraungo duela.
Israelek urtarrilaren 21ean hasi zuen eskala handiko operazio hori Zisjordanian, Gazako su etena martxan jarri eta berehala. Asteburu honetan 26 lagun hil dituzte, eta, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzen esanetan, 40.000 desplazatu ezingo dira etxera itzuli.