Israelek gaur jakinarazi du tropak mantenduko dituela Libano hegoaldeko bost gunetan. Gaur da amaitzekoa Hezbollah Libanoko talde xiitaren eta Israelen arteko su etena; epemuga horren aurretik, Tel Avivek konpromisoa hartu zuen bere soldadu guztiak Libanotik ateratzeko. Gaur, ordea, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek ohar batean azaldu du armadak aurrerantzean ere tropak izango dituela bi herrialdeen mugatik gertu, Hezbollahk akordioan adostutakoa betetzen duela bermatzeko.
Katzek ez du aipatu Israelek tropak atera behar zituela Libanotik, baina hizpide izan ditu talde xiitak eta Beirutek hartutako konpromisoak: «Hezbollahk Litani ibaitik atzera egin behar du, eta Libanoko armadak hori betearazi behar du», azaldu du oharrean. Adostutakoaren arabera, Libanoko armadak eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Unifil misioak ordezkatu behar dituzte Israelgo tropak Litani ibaiaren hegoaldean. Israelgo mugatik 30 kilometro ingurura dago ibai hori.
Gainera, Katzek jakinarazi du tropa gehiago bidali dituztela Israel iparraldera, Libanoko mugatik hurbil, han bizi diren komunitateen «segurtasuna bermatzeko».
Libanoko Gobernuak berretsi du azaroan sinatutako akordioan adostutakoa betetzeko konpromisoa duela. Herrialdea «soilik» bere indarrak erabiliz «askatuko» duela esan zuen atzo arratsaldean Paul Morcos Libanoko Informazio ministroak, telebistan egindako adierazpenetan. Hala, iradoki zuen Libanoko armada izango dela herrialdeko talde armatu bakarra.
Azken bi egunetan, Litani ibaiaren hegoaldeko 11 herritara eta beste zenbait lekutara iritsi dira Libanoko tropak, Israelgo soldaduek leku horietatik alde egin ostean. Libanoko armadak gaur zabaldutako ohar baten arabera, militarrak errepideak irekitzen hasi dira, lehertu gabeko munizioa zartarazten, eta ingeniari lanak egiten.
Oraindik 100.000 desplazatu
Hezbollah Israel iparraldeari eraso gehiago egiten hasi zitzaion 2023ko urrian, Israelek Gazako oldarraldia areagotu zuenean. Israelgo armadak eraso horiei erantzun zien, eta, iazko urriaren 1ean, Libano lurrez inbaditzen hasi zen. Ia bi hilabete geroago, azaroaren 26an, su etenerako akordioa sinatu zuten Hezbollahk eta Tel Avivek, AEBak eta Frantzia bitartekari zirela. Urtarrilaren 26an zen amaitzekoa, baina gaur arte luzatzea erabaki zuten, duela ia hiru aste.
2023ko urritik, 4.000 pertsona baino gehiago hil ditu Israelgo armadak Libanon, eta milioi bat desplazatu baino gehiago eragin ditu gatazkaren areagotzeak. Otsailaren 5ean, oraindik 100.000 herritarrek baino gehiagok etxetik kanpo jarraitzen zutela jakinarazi zuen IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak.
266Israelek zenbat aldiz urratu duen Gazarako menia. Urtarrilaren 19an sartu zen indarrean Gazako su etena. Ordutik, Israelek 266 aldiz urratu ditu akordioan adostutakoak, Al-Jazeera hedabideak Palestinako iturri ofizialak aipatuz jakinarazi duenez. Bihar beteko da hilabete menia indarrean sartu zenetik, eta tarte honetan 132 palestinar hil ditu Israelgo armadak; horrez gainera, militarrek gazatarren bizilekuak eraitsi dituztela azaldu du Al-Jazeerak, eta Gazako aire eremuan Israelgo droneak eta hegazkin militarrak ibili direla. Bestalde, Israelgo Gobernuak jakinarazi du aste honetan hasiko dituztela Gazarako meniaren bigarren faseari buruzko elkarrizketak.