Israelek Tripolin aire eraso bat egin du, Irani nola erantzun prestatzen ari den bitartean

Azken oldarraldia hasi zenetik, lehen aldiz bonbardatu du Isralego armadak Libano iparraldeko gune bat; Hamaseko lider bat hil dute han. Tel Avivek erantzun «serioa eta esanguratsua» emango dio Teheranen erasoari, Israelgo hedabideen arabera.

 Israelgo armadaren eraso batek lau lagun hil ditu gaur, Libano iparraldeko Tripoli hiritik hurbil. EFE
Israelgo armadaren eraso batek lau lagun hil ditu gaur, Libano iparraldeko Tripoli hiritik hurbil. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko urriaren 5a
20:30
Entzun

Libanoko hegoaldean eta Beirut hirian eraso ugari egin ditu Israelgo armadak azken asteetan. Harago joan da gaur, eta herrialdearen iparraldeko Tripoli hiriari airez egin dio eraso. Hezbollahren eta Israelen arteko 2006ko gerratik, ez zuen hiri hori bonbardatu Israelgo armadak. Lau lagun hil dituzte erasoan, tartean Hamasi lotutako Al-Qassam Brigadetako buruzagi bat. Israelgo armadak zein Hamasi lotutako hedabideek baieztatu dute heriotza. Errefuxiatu palestinarren Beddawi kanpalekuaren alboko eraikin bati egin diote eraso; Beirutetik iparraldera, 90 kilometrora dago gune hori. Libanoko Gobernuaren arabera, jada 2.000 hildako baino gehiago eragin dituzte Israelgo armadak azken asteetan Libanon egindako erasoek.

Herrialdearen iparraldean egindakoaz gainera, Beiruten eta Libano hegoaldean ere bonbardaketak egiten jarraitu du Tel Avivek. Atzo, Beirut hegoaldeko Dahieh auzoan eginiko eraso batean, Israelgo armadak Hezbollahko miliziano Haxim Safi al-Din hil nahi izan zuen, Israelgo hedabideen arabera. Iragan ostiralean hil zuten Hezbollahko buru Hassan Nasrallah, eta haren lekukoa hartzeko hautagai nagusietako bat da Safi al-Din. Bada, gaur, Al-Jazeera hedabideak, Libanoko iturri ofizialak aipatuz, jakinarazi du Hezbollahk ez duela Safi al-Dinen berririk atzotik.

Libano hegoaldean, Israelgo soldaduek eta Hezbollahko milizianoek borrokan jarraitzen dute. Gaur, Irlandako Errepublikako presidente Michael D. Higginsek salatu du Israelek Unifil NBE Nazio Batuen Erakundearen Libanorako misioari alde egiteko eskatu diola —Irlandako 300 militar baino gehiago daude misio horretan—. Ohar batean salatu du Israelgo armadak «mehatxatu» egin duela misioa, eta eskatu dietela «babesten dituzten guneak uzteko». Unifilek Libanoren eta Israelen arteko mugan jarduten du; Israelek lurreko erasoak hasi zituenean, bertan jarraituko zutela ziurtatu zuten ohar baten bidez.

Libanokoa, baina, ez da Tel Avivek zabalik duen fronte bakarra. Iragan asteartean, Iranek berrehun misil inguru jaurti zituen Israelera; gehienak lurra jotzerako suntsitu zituzten Israelgo armadaren defentsa sistemek. Ordutik, Israelen erantzunaren esperoan dago nazioartea, hala iragarri baitzuen Tel Avivek. Gaur, The Times of Israel egunkariak, iturri militar bat aipatuz, jakinarazi du Israelgo armada erantzun «serioa eta esanguratsua» prestatzen ari dela.

Teheran, lasai

Iranek, aldiz, ez du kezkarik adierazi balizko erasoaren harira; ez, behintzat, Irango Petrolio ministroak. Hitz hauek aipatu ditu gaur Tel Aviven balizko erantzunaz galdetuta: «Ez nago kezkatuta». Petrolio Ministerioaren Shana berri agentziak eman du esandakoen berri. Aurreko egunetan, nazioarteko hedabide ugarik aipatu dute Israelek Iranen petrolio azpiegiturei eraso egiteko aukera. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bideni ere galdetu zioten aukera horren inguruan, eta Tel Avivekin «hitz egiten» ari zela baino ez zuen erantzun.

Bestalde, gaur, Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxi Damaskon izan da. Siriako presidente Baxar al-Assadekin zein Atzerri ministro Baxam al-Sabbagh batzartu da, eta bi herrialdeen arteko «lankidetza» indartzearen garrantziaz aritu dira; horrela, nazioarteko laguntza mobilizatu eta Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» zein Libanoko erasoa geldiarazteko. Hala jakinarazi du Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak, X sare sozialean. Araghtxi, Siriara joan aurretik, Beiruten izan zen atzo. Libanoko Gobernuarekin izandako elkarrizketen berri eman du gaur Damaskon. Libanon su etena lortzeko «ekimena» badagoela jakinarazi du, baina Israelen jarrera gaitzetsi du: «Zoritxarrez, erregimen sionistaren etsaitasunek eta krimenek jarraitu egiten dute». IRNA Irango Berri Agentzia Nazionalak jaso ditu adierazpenak. Behin bilerak amaituta, Araghtxik, X sare sozialean aurrez Teheranek esandakoa gogorarazi du: Israelek Irani eraso egiten badio honen erantzuna «are eta gogorragoa» izanen dela. 

macronek eskatu du israeli armarik ez bidaltzeko

Israelek Gazako oldarraldia are eta gehiago gogortu zuela urtebete betetzear den honetan, Frantziako presidente Emmanuel Macronek uste du lehentasuna «soluzio politikoa» lortzea dela. Horregatik, Israelek «Gazan erabiltzen dituen» armak bidaltzeari uko egin behar zaiola adierazi du Frantziako presidenteak France Inter irrati katean egindako elkarrizketan. Frantziak Tel Aviv ez duela armaz hornitzen ziurtatu du, eta dei egin die gainerako herrialdeei horretan bat egin dezaten. Gainera, jakinarazi du IOF Frankofoniaren Nazioarteko Erakundeko 88 herrialdeek Libanorako «berehalako» su etena eskatzea adostu dutela. IOF erakundeko kide dira, besteak beste, Frantzia, Kanada, Suitza, Belgika, Egipto zein Maroko.

Bitartean, Israelgo armadak Gazako zerrendan erasoak egiten jarraitzen du. Al-Jazeera hedabideak jakinarazi du, Gazako iturri ofizialak aipatuz, gutxienez 25 hildako eragin dituztela gaur Tel Avivek egindako bonbardaketek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.