Bazirudien Gazan su eten bat indarrean jartzeko aukera oro zapuztuta zeudela, baina Ismail Haniyehk, Hamaseko adar politikoko buruak, Egiptori eta Qatarri jakinarazi die onartu egingo duela su etenerako egin zioten proposamena. Gazatik bidalitako irudietan herritar asko ageri ziren kalean Hamasen jakinarazpena ospatzen, baina Israelek erantzun du Rafah inbaditzeko planari eutsiko diola. Hala ere, ordezkaritza bat bidaliko du Kairora negoziatzera.
Al-Jazeera hedabidearen arabera, Hamasek onartutako su etenerako proposamenak hiru fase ditu, bakoitza 42 egunekoa. Lehenengo fasean, su eten bat hasiko litzateke, eta Israelgo soldaduak Netzarim korridoretik erretiratuko lirateke. Israelek hori erabiltzen du Gaza iparraldea eta hegoaldea banatzeko. Bigarren fasean, operazio militarrak behin betiko etengo lirateke, eta Israelgo indar guztiak Gazatik erretiratuko lirateke. Azken fasean, berriz, bertan behera geratuko litzateke Gazako blokeoa. Nazioarteko berri agentziek xehetasun gehiago eman dituzte. Haien arabera, Hamasek meniaren lehen egunetik hiru bahitu askatuko ditu hiru egunez behin eta Israelek ere askatuko ditu preso palestinarrak, zenbat izango diren zehaztu ez badute ere.
Israelgo agintarien lehen erantzun ofiziala Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bozeramaileetako batek, Ofir Gendelmanek eman du, X sare sozialean: «Gerra kabineteak aho batez erabaki du Rafahko operazioarekin jarraitzea Hamasi presio militarra egiteko». Baina Kairora negoziatzaile talde bat bidaliko dutela jakinarazi du, «akordio bat lortzeko aukera guztiak agortzeko Israelentzat onargarriak diren baldintzetan». Halaber, Gendelmanek jakinarazi du Israelgo gerra kabineteak bilduta jarraitzen duela.
Netanyahuren bulegoak adierazpen horiek egitearekin bat, armadak jakinarazi du Rafah ekialdean «Hamasen helburuen kontra» bonbardaketak egiten ari dela.
Gerran bitartekari aritu diren herrialdeetako ordezkariek egunotan egindako adierazpenei erreparatuta, ez ziren gutxi Israelek eta Hamasek menia bat adostuko zuten itxaropen zantzuak. Nolanahi ere, Tel Avivek goizaldean emandako abisuak bazirudien su etenaren eztabaida berriro abiapuntura itzularazi zuela; izan ere, Rafah ekialdetik alde egiteko agindu die han bizi direnei, eta ehunka palestinarrek ekin diote lekualdaketari. Hamasen arabera, erantzun hori «mugatua» izaten ari zen, eta Rafahko zerbitzuak «ohiko funtzionamenduari» eusten ari ziren. Nolanahi ere, Rafah husteko aginduaren ondoren etorri da su etena onartzeko asmoaren jakinarazpena.
Agindu horrek areagotu egin du azken asteotako beldurra: hau da, Israelgo armadak Rafahren aurkako lehorreko operazio militarra hasiko ote zuen. Eta, horren harira, Hamasek berehala erantzun dio Tel Avivek iragarritakoari. Reuters berri agentziak erakunde islamistako iturri bat aipatuz kaleratu duenez, Hamasen iritziz, Israelen aginduak «gerraren gaiztotzea» eragingo luke, eta ohartarazi du horrek «ondorio larriak» izango dituela. Baina Hamasek su etenerako proposamena onartuta, ikusteko dago Israelek nola jokatuko duen.
X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez, Israelgo armadak esan du «handitzen» ari zirela Al-Mawasi eremuko laguntza humanitarioa, eta horko errefuxiatuentzako kanpalekuetara joateko agindu die Rafah ekialdeko auzoetan bizi direnei; 100.000 palestinar bizi dira han. Dena den, ohartarazi dute Israelgo armadak «lanean» jarraituko duela «gerraren helburu guztiak» lortu arte.
Menia negoziazioak
Nazioarteak itxaropentsu erreparatu zion bilkura baten ondoren iritsi dira Hamasen erabakia eta Israelen agindua, Palestinako erakunde islamistako ordezkaritza bat bitartekariekin bildu baitzen larunbatean, Kairon, Tel Avivek iragan astean luzatutako menia proposamena hizpide
ISRAELEK Al-jazeeraREN EMISIOAK ETEN DITU HERRIALDEAN
Israelgo Gobernuak Al-Jazeera telebista katearen emisioak eten ditu herrialde hartan, kabineteak atzo egindako bozketa baten ondoren. Urriaren 7az geroztik, Tel Avivek birritan egotzi dio telebista kateari Hamasekin lotuta egotea, baita «haren aldeko kazetaritza» egitea ere. Horiek hala, kateak Israelen zituen egoitza guztiak itxi behar izan ditu. Al-Jazeerako eta nazioarteko zenbait hedabidetako kazetariek «egun iluntzat» jo zuten atzokoa, eta salatu dute Israelgo Gobernuaren erabakiak «adierazpen askatasuna» eta «informaziorako eskubidea» urratzen dituela.