Nazioarteko Zigor Auzitegiak Israelek palestinarren aurka gerra krimenak egin ote dituen ikertuko du. Fatou Bensouda fiskalburuaren arabera, badago ikerketa hasteko nahikoa arrazoizko oinarri. Hagak hiru gertaera jakin ikertuko ditu: Gazako gerra, Zisjordanian eraikitako kokalekuak eta Itzulerako Martxa Handian egindako erasoak. 2015ean sartu zen Palestina Hagako auzitegiaren jurisdikzioan, eta ordutik ari dira aztertzen Israel. Orain, baina, beste urrats bat egingo du ikerketa ofiziala zabalduz.
Gazako 2014ko gerra azken urteetako latzena izan da. Israelek 2.251 palestinar hil zituen, horietatik 1.462 zibilak. Bonbardaketek 49 egun iraun zuten: 2014ko uztailaren 8tik abuztuaren 26ra. Gazan, baina, operazio militar zabalagoak egin ditu Israelek.2018ko martxoan, Itzuleraren Martxa Handiari ekin zioten palestinarrek. Israelen okupazioaren 70. urteurrenaren atarian, jaioterrira itzultzeko eskubidea aldarrikatzeari ekin zioten, eta ordutik ostiralero egin ohi dituzte protestak. Erresistentziaren sinbolo bilakatu da ekintza hori palestinarrentzat. Israelek, baina, gogor erantzun zuen: gutxienez 273 palestinar hil ditu, eta beste 16.000 zauritu martxak abiatu zituztenetik.
Hagak Israelen okupazio politika bera ere ikertuko du, bereziki, nazioarteko legediaren arabera legez kanpokotzat jotzen diren 140 kokagune.
Palestinarrek txalotu egin dute Nazioarteko Zigor Auzitegiaren erabakia. Palestinako erakundeek hilabeteak zeramatzaten Hagari eskatzen Israelen errepresioa ikertzeko. Saeb Erekat PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusiak positibotzat jo du emandako pausoa, eta aldarrikatu du justizia posible dela. Uste du auzitegiaren mezuak itxaropenerako zirrikitua zabaltzen duela: «Ikerketa hau pauso bat gehiago da inpunitatea amaiarazteko». Ikerketari«berehala» ekitekoeskatu du ere: «Justiziaren atzerapenaren biktima nagusia Palestinako herria da, egunero pairatzen ari dena Israelgo okupazioaren krimenak».
Israelek, berriz, aurka egin dio Hagako auzitegiaren erabakiari. Benjamin Netanyahu lehen ministroak «sumingarritzat» jo du erabakia, eta argudiatu du auzitegia lerratuta dagoela eta ez duela eskumenik okupatutako lurraldeetan: «Israeli zilegitasuna kentzeko tresna politiko bihurtu da Haga». Netanyahuk legez kanpokotzat jo du ikerketa: «Egun beltza da justiziarentzat eta egiarentzat».
Urte luzeetako okupazioa
Israelek Palestina historikoaren %80 okupatu zuen 1948an, estatu judua eraikitzeko. 500 herri arabiar suntsitu zituen, eta 750.000 palestinarren exodoa eragin. Gaur egun, Zisjordania, Ekialdeko Jerusalem eta Gaza dira lurralde okupatuak, eta palestinarrek egunero jasaten dute bazterketa.
Gazan ikusten da nabarmenen. Bi milioi palestinar bizi dira han, eta horietatik 1,3 milioi sorterritik ihes egindako errefuxiatuak dira. Hamasek bozak irabazi eta boterea bereganatu ostean, 2007an, Israelek blokeoa ezarri du, lehorrez, itsasoz eta airez. Kartzela batean bezala bizi dira han.
Israelek Palestinan gerra krimenak egin ote dituen ikertuko du Hagak
Nazioarteko Zigor Auzitegiaren ikerketa inpunitatea amaitzeko pausoa da palestinarrentzat. Israelek dio auzitegiak ez duela eskumenik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu