Israelgo lurreko armada Khan Yunis esparruan sartu da, Gazako zerrendako hegoaldean. Armadak berak eman du horren berri, gaur arratsean: «Jabaliako bihotzean gaude, Txadjaiako bihotzean, eta, gainera, Khan Yunisen», adierazi du Yaron Finkelman jeneralak, hegoaldeko armadako buruak: «Lurreko ofentsiba hasi zenetik egun bortitzena izan da».
Armadak gazatarrei agindu die Salah al-Din errepidea ez erabiltzeko —zerrenda gurutzatzen du—, eta Reuters agentziaren arabera, esku orriak banatu dituzte, erasoak iraun bitartean babesean jartzeko esanez. Tokiko hedabideek adierazi dutenez, hegoaldean azken asteotan egindako aire bidezko erasorik latzenak egin dituzte gaur bertan. 50 bat lagun hil dira eremu horretan, Wafa berri agentzia palestinarraren arabera, eta herritar askok ekin diote ihesari.
«Euren bizitokiak uzteko agindu die milaka gazatarri, baina ez dago eremu segururik, ezta bizirik iraun ahal izateko ia aukerarik ere».
ANTONIO GUTERRESNBEko zuzendari nagusia.
Iragarpen horren aurretik, Gaza hegoaldean duen biltegia 24 orduko epean husteko agindu dio Israelgo armadak OME Osasunaren Mundu Erakundeari. OMEk osasun baliabideak gordetzen ditu han. Agindua «berehala» bertan behera uzteko eskatu dio Tedrosek Tel Avivi, baina Israelgo Defentsa Ministerioak ukatu egin du halakorik agindu izana: «Ez dizuegu eskatu zuen biltegiak ebakuatzeko; ez zuei, ez NBEri [Nazio Batuen Erakundeari]».
Ez da Gazan laguntza humanitarioa eskaintzen duen erakunde batek Israelgo armadaren mehatxuak salatzen dituen lehen aldia, eta, OMEren kexaren harira, Israelgo armadaren jarrera gaitzetsi du NBEk. «Euren bizitokiak uzteko agindu die milaka gazatarri, baina ez dago eremu segururik, ezta bizirik iraun ahal izateko ia aukerarik ere», esan du NBEko zuzendari nagusiak, Antonio Guterresek. Laguntza humanitarioa Gazara eramatearen garrantzia nabarmendu du Guterresek berriro, eta «menia iraunkor bat» adostera deitu du.
Lurreko ofentsiba hegoaldean zabaldu izanagatik, zerrendako beste eremuei ere eraso egiten ari zaie oraindik ere; eta ez bonbardaketen bidez bakarrik. Gazako Osasun Ministerioak ohartarazi duenez, «handia da» soldadu israeldarrek zerrendaren iparraldeko Kamal Adwan ospitalean «masakre bat egiteko arriskua»: tankeekin eta tiratzaileekin inguratuta daukate eraikina, eta mugitzen den «edonori» tiro egiten ari dira. 7.000 palestinar inguru daude barruan.
60 egun bete dira erasoak hasi zirela, eta 16.248 hildako eragin ditu Israelen erasoak, Gazako Gobernuko iturrien arabera; horietatik 7.112 adingabeak dira.
Internet eta telekomunikazio zerbitzuak bertan behera gelditu dira gaur. Espero da horiek bihar berriro abian jartzea.
Netanyahu, gatibuen senideekin
Bien bitartean, ez aurrera ez atzera dago oraindik ere su eten bat adosteko negoziazio mahaia —Hamasen eta Israelen ordezkariez gain, Qatarrek, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Egiptok osatutakoa—. Errusiako presidente Vladimir Putin Arabiar Emirerri Batuetara eta Saudi Arabiara joatekoa da, Gazako gatazka hizpide. Halaber, Irango presidente Ebrahim Raisi Moskun izango da aste honetan.
Bestalde, Qatarko hiriburuan bildu dira Golkoko Kooperazio Kontseiluko sei herrialdeetako ordezkariak —Bahrain, Kuwait, Oman, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Qatar—, baita Turkiakoak ere. Bilkuraren hasieran, zorrotz mintzatu zen Qatarko emir Xeikh Tamim bin Hamad al-Thani: «Palestinako zibil errugabeen heriotzak Israel egiten ari den genozidioaren ondorio dira».
Urriaren 7az geroztik lehen aldiz, Hamasek oraindik gatibu dituen israeldarren senideekin elkartu da gaur Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Milizia palestinarrek erasoa egin zutenetik, birritan egin dute Netanyahurekin biltzeko eskaera, eta hainbatetan atera dira kalera protestan; gaur arte, ordea, ez dute lortu hitzordurik harekin. Gatibu israeldarrak «alde batera uztea» leporatzen diote Israelgo lehen ministroari. Protesta horiek, gainera, areagotu egin dira Israelek joan den astean negoziazio mahaia utzi zuenetik.
Helburu bakar bat du Netanyahuk: Hamas erabat suntsitzea. Ez dago argi, ordea, berarekin zer gertatuko den. Bi hilabetez behin-behinean etenda egon ondoren, atzo berriz abian jarri zuten haren aurkako prozesu judiziala. Hiru ustelkeria eta eroskeria delitu egozten dizkiote.l