PALESTINAKO GATAZKA

Israelek «nahi gabe» hildako hiru bahituek bandera zuri bat zeramaten

Qatarrek adierazi du «ahalegin diplomatikoak» egiten ari direla Israelek eta Hamasek beste menia bat adosteko

GAZA. BAHITUAK. PROTESTAK.
Hamasen bahituen senide batzuk, Tel Aviven protesta egiten, abenduaren 9an. EFE
Igor Susaeta.
2023ko abenduaren 16a
18:00
Entzun

Hamasek Gazako zerrendan zituen bahituetako hiru hil zituen atzo Israelgo armadako soldadu batek, «nahi gabe», Gazako milizietako kideak zirela pentsatuz. Horren berri eman dute iturri ofizialek azken orduetan, eta gaur armadak jakinarazi du bahituak «borroka asko» gertatzen diren gune batean zeudela Gaza iparraldean, kamisetarik gabe zihoazela, eta «inprobisatutako bandera zuri bat» zeramatela. «Terroristak zibil jantzita mugitzen dira, zapatillekin eta jeansekin, eta segada asko egon ohi dira. Gu engainatzen saiatzen dira, hebreeraz hitz egiten digute... Indarrak presio handi baten pean daude», justifikatu du armadaren bozeramaile batek.

Esplikatu duenez, bahituak borroka eremuaren erdian azaldu ziren, Israelgo soldadu batengandik dozenaka metro batzuetara, eta hark «susmagarritzat» jo zituen. «Mehatxatuta sentitu zen, eta tiro egin zien». Bozeramaileak azpimarratu du, hala ere, informazio horiek guztiak atarikoak direla eta «goi mailako» ikerketa bat martxan dagoela «zorigaiztoko istripua» argitze aldera. Gazako miliziek 1.200 pertsona hil zituzten joan den urriaren 7an Israelen egindako erasoan, eta 240 pertsona bahitu zituzten. Tel Aviven arabera, Hamasek 129 bahitu ditu oraindik.

Bahituetatik 105 azaro bukaeran Israelek eta Hamasek adostutako astebeteko su etenean utzi zituzten aske; trukean, Israelen preso zeuden 240 palestinar askatu zituen Tel Avivek. Qatar aritu zen bitartekari bi aldeen artean, eta, hango Atzerri Ministerioak gaur ohar batean nabarmendu duenez, «ahalegin diplomatikoak» ari dira egiten beste menia bat adosteko. Israelgo hedabideek berek gaur kaleratu dutenez,Mossad zerbitzu sekretuetako buru David Barnea Dohara joan da Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eskatuta, han Qatarko bitartekariekin biltzeko. 

Bitartean, Israelgo armadak aurrera jarraitzen du Gaza bereizketarik egin gabe bonbardatzen, nahiz eta AEBek adierazi dioten Hamaseko liderrengan zentratu dezala erasoa. Palestinako Wafa berri agentziak argitaratu duenez, gaurko erasoetan dozenaka lagun hil ditu Israelek; batez ere Jabalian, zerrendaren iparraldean. Jake Sullivan AEBen Segurtasun Nazionaleko aholkulariak aurrez aurre egin zien eskaera, ostegunean eta ostiralean, Israelgo agintariei; erantzun zioten erasoarekin jarraituko dutela Hamas «erauzi» arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.