Yahya Sinwar Hamaseko buruzagia hil duela iragarri du Israelgo armadak, gaur arratsaldean. Gorpuari DNA probak egin ostean berretsi du Israelek Sinwar bera dela hildakoa. Horrez gain, azaldu dute liderra atzo arratsaldean hil zela, Rafahn, infanteria tropen eta Hamaseko milizianoen arteko borroketan. Talde armatu islamistak, ordea, ez du baieztatu hildakoa Hamaseko burua ote den.
Israelgo armadak Sinwarren hilketaren berri eman eta gutxira egin du agerraldia Benjamin Netanyahu lehen ministroak, eta esan du «Hamasen osteko lehen eguna» dela gaurkoa: «Deabruak kolpe gogorra hartu du gaur. Lanean jarraituko dugu bahituak berreskuratu arte. Hamasek ez du boterean jarraituko».
Azken urtean Hamaseko hainbat buruzagi hil ditu Israelek. Uztailaren 31n Ismail Haniyeh hil zuten, 2017tik Hamasen adar politikoko lider zena. Haren ordez jarri zuten Sinwar. Israelgo armadak Sinwarri egozten dio joan den urteko urriaren 7an milizia palestinarrek Israelen aurka egindako erasoaren «egile intelektuala» izatea; eta denbora anitz eman du haren atzetik.
Bahituen senideek eskatu dute buruzagiaren hilketak balio dezala Gazako zerrendan dauden 97 bahituak askatzeko akordioa abiarazteko. Halaxe irakur liteke Bahituen Familien Foroak gaur kaleratutako oharrean: «Israelgo Gobernuari, munduko buruzagiei eta herrialde bitartekariei dei egiten diegu lorpen militarra diplomatiko bihur dezaten».
Bertzalde, Libanoko ekialdeko Bekaa haraneko eraikin bat eta haren ingurua ebakuatzeko abisua eman du gaur goizean Israelgo armadak, Hezbollah talde xiitaren «intereseko azpiegitura bat» dela argudiatuta. «Ebakuazio abisua eman diegu Bekaa haraneko biztanleei, bereziki mapan adierazitako eta Tamnine al-Tahta herriaren inguruan daudenei eta mapan agertzen diren eraikinetan bizi direnei», ohartarazi du gaur Avichay Adraee Israelgo armadako bozeramaileak, X sare sozialaren bidez. «Segurtasunagatik, gutxienez 500 metro urrundu». Irail amaieran Israelek Hezbollahren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik, Libanoko lurren %25 daude Israelgo armadaren ebakuazio agindupean, Rema Jamous UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariko zuzendariak asteartean salatu zuenez.
Gaurko abisua emateaz gain, bertze ohar bat atera du Israelgo armadak, zeinak azaltzen duen azken orduetan 150 «helburu militarri» egin dietela eraso; horietan, gutxienez 45 miliziano hil dituzte —tartean Hezbollahko buruzagietako bat—. Lurreko erasoak ere egin dituzte, eta «arma ugari» topatu dituzte Libanoko ekialdean. Iazko urriaren 8tik, Hezbollahren eta Israelen arteko erasoak hasi zirenetik, Israelgo armadak 2.300 pertsona hil ditu Libanon; horietatik 1.500, azken asteetan, eta 1,2 miloi biztanlek egin behar izan dute alde etxetik, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera.
Libano ez ezik, Siria mendebaldeko Latakia herria ere bonbardatu du gaur Israelgo armadak, eta gutxienez bi zibil zauritu dituzte. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak X sare sozialean gaur azaldu du Latakiako erasoa arma biltegi baten aurka egin dutela, eta joan den astean salatu zuen azken hamar egunetan hemeretzi eraso egin dizkiola Israelek Siriari. Hiriburuan, Damaskon, 27 pertsona hil ziren. Bereziki hiri hartako Al-Mezzeh auzoari eraso zioten: hain zuzen, Irango Guardia Iraultzaileko kideen egoitzak eta Sirian dauden fakzio palestinarren buruzagien egoitzak dauden eremuari.
Bertze eraso bat Gazan
Gutxienez hemeretzi pertsona hil dituzte Gazako Jabalia hiriko eskola batean, adingabeak tartean, Israelek gaur goizean eskola horren aurka egindako erasoan. Gazako bertze herrietatik joandako palestinarrak zeuden eskola horretan, eta dozenaka zauritu daude, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Israelgo armadak X sare sozialean azaldu du «eskola hori terrorista ugariren bilgunea» izateagatik egin dutela erasoa.
Azken asteetan, Israelek hainbat eskola bonbardatu ditu Gazan; gaur goizean, erraterako, Deir al-Balah hiriko bertze eskola bati egin dio eraso, eta hiru pertsona hil dira. Astelehenean, berriz, hemezortzi pertsona hil zituzten NBE Nazio Batuen Erakundearen eskola bati egindako erasoan, Nuseiraten.
Aeb-ek yemengo matxino huthien bortz azpiegitura bonbardatu dituzte
AEB Ameriketako Estatu Batuek Yemengo matxino huthien lur azpiko bortz azpiegitura bonbardatu dituzte gaur. «Azpiegituretan, Yemengo matxino huthiek ontzi zibilei eta militarrei eraso egiteko erabiltzen zituzten armak zeuden», azaldu du ohar bidez AEBetako Segurtasun Departamentuak.
Iazko azaroan hasi ziren Yemengo matxino huthiak Itsaso Gorrian erasoak egiten; Al-Hudeida hiriko portuan, hain zuzen. Misilak eta droneak erabilita, Israelgo armadaren ontziei edo haiekin zerikusia dutenei egiten diete eraso.
Portu hori bera bi alditan bonbardatu du Israelek. Azken erasoa irail bukaeran izan zen, eta bortz pertsona hil zituzten, huthien arabera. AEBek urriaren hasieran ere eraso zieten huthiei, nabigazio librea eta nazioarteko segurtasuna babesteko beharra argudiatuta. «Huthien legez kanpoko erasoek nazioarteko merkataritzaren zirkulazio askea oztopatzen dute, ingurumen hondamendiaren mehatxua dakarte, eta zibilen bizitza arriskuan jartzen dute», adierazi du gaur AEBetako Segurtasun Departamentuak.