Israelek Libano bonbardatu du berriro, eta sei pertsona hil ditu

Tel Aviven arabera, Hezbollahk Israelera jaurtitako hiru suziriri erantzunez egin ditu bonbardaketak, baina milizia xiitak ukatu egin du eraso egin izana. Gatazka ez areagotzeko eskatu diete Libanok eta NBEk aldeei.

Eraikin bat txikituta gaur Toulinen, Libano hegoaldean, Israelen erasoaren ondoren. EFE
Eraikin bat txikituta gaur Toulinen, Libano hegoaldean, Israelen erasoaren ondoren. EFE
Igor Susaeta.
2025eko martxoaren 22a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gazarako su etena hautsi eta egun batzuk geroago, Israelgo armadak Libano hegoaldea bonbardatu du gaur, eta eraso horietan gutxienez sei pertsona hil ditu eta dozena bat inguru zauritu, herrialde horretako iturri ofizialen arabera. Tel Avivek erasoa justifikatu du, esanez Hezbollahk hiru suziri jaurti dituela Israel iparraldera —mugakideak dira—. Milizia xiitak, baina, ukatu egin du eraso hori egin duela, eta, ohar batean, Israeli egotzi dio «aitzakiak» bilatzea Libanori berriro eraso egiten hasteko.

Izan ere, Israelek eta Hezbollahk menia sinatu zuten iazko azaroaren 27an —AEBak, Frantzia eta Libano izan ziren bitartekariak—. Orduz geroztik, Hezbollahk ez dio Israeli eraso egin, eta gaur kaleratutako oharrean azpimarratu du menia sinatu zuenean hartutako «konpromisoari» eusten diola. Israelek, ordea, libanoarrei eraso egin izan die tarteka; urtarrilaren 26an, esaterako, gatazkaren ondorioz desplazatuak izan ondoren etxera itzultzen ari ziren 22 lagun hil eta 124 zauritu zituen Israelek, tiroz. Herritar horiek protesta egiten hasi ziren, iruditzen zitzaielako Israel ez zela adostutakoa betetzen ari. Itundutakoaren arabera, tregoa indarrean sartu eta 60 egunera, Israelek tropak aterako zituen Libano hegoaldetik. Baina, otsailaren 18an, Tel Avivek jakinarazi zuen herrialdeko bost lekutan soldaduak mantenduko zituela, Israel iparraldeko herritarren «segurtasuna bermatzeko»; hau da, ez duela bete akordioan jasotakoa.

Eta Israelgo armadaren irratian bi iturrik adierazi dutenez, «erantzuna» ez da mugatuko gaur egindako bonbardaketetara. Israelek aire erasoa egiteko emandako arrazoien harira, Libanoko armadak jakinarazi du suziriak, ustez, Israelera jaurtiak izan ondoren —Tel Avivek esan du aireko defentsa sistemek erorarazi dituztela— behaketa bat egin duela, eta hiru suziri-jaurtitzaile topatu dituela herrialdearen hegoaldean. Armadak zabaldutako irudietan, egurrezko hiru zutoin ikusten dira lurrean zulatuta, zeinak, ustez, suziriak jaurtitzeko erabili dituzten.

Bien bitartean, bai Libanoko Gobernuak, baita Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoek ere, gatazka koska gehiago ez estutzeko eskatu diete aldeei. Joseph Aoun herrialdeko presidentearen ustez, gertatutakoa ikertu behar da. Nawaf Salam lehen ministroa ere ohar bidez mintzatu da, eta ohartarazi du herrialdearen hegoaldeko mugan «operazio militarrak» areagotzeak arrisku bat duela: Libanon beste gerra bat piztea; «horrek sufrikarioa besterik ez lieke eragingo libanoarrei».

«Asaldatuta»

Atzera, 2023ko urrian hasi ziren areagotzen Hezbollahk eta Israelek elkarri egindako erasoak; noiz eta, Hamasek urte hartako urriaren 7an Israelen egindako erasoari erantzuteko, Israel Gaza setiatzen hasi zenean. Datu ofizialen arabera, 2023ko urria eta iazko azaroa bitartean 3.900 libanoar hil zituen Israelek, eta herrialde guztian egin zituen erasoak; horrek ondorioz, milioi bat inguru pertsonak etxetik alde egin behar izan zuten. Eta tregoa adostu baino bi hilabete lehenago, Hezbollahko lider Hassan Nasrallah hil zuen Israelek, Beiruten, Libanoko hiriburuan.

Gaur, Unifilek adierazi du «asaldatuta» dagoela gertatukoaren ondorioz, eta ohar batean ohartarazi du gatazka areagotzeak «ondorio larriak» eragin ditzakeela eskualdean. Orduan, azaroan adostutako tregoa gogoan, aldeei eskatu die ez dezatela egin hura «arriskuan» jar dezakeen ekintzarik. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horren bozeramaile Andrea Tenentik Al-Jazeera telebista kateari esan dio erasoen ondoren negoziazioak izan direla «alde interesdunen artean».

Gazako azken erasoEk 125.000 desplazatu eragin dituzte

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak gaur jakinarazi duenez, Israelek aurreko asteartean Gazarako menia hautsi izanak 125.000 desplazatu eragin ditu zerrendan. Aire erasoak ez ezik, lurreko erasoaldiak ere berrabiarazi ditu Israelek, eta ebakuazioak agindu. «Leku seguruetara» eramango dituztela agintzen diete gazatarrei, baina azkeneko urte eta erdian errefuxiatu guneei eta osasun azpiegiturei ere eraso egin die Israelek. Gazako Osasun Ministerioak gaur esan du astearteaz geroztik zerrendan hil dituztenak 634 direla, eta, horrenbestez, ia 50.000ra iritsi direla 2023ko urriaren 7an Israel zerrenda setiatzen hasi zenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.