Israelek kokaguneak handitzen jarraituko du Zisjordanian

AEBek ohartarazi diote Tel Avivi erabat gelditu behar dituela eraikuntza lanak, ez bakarrik kokagune txikietakoak

arantxa elizegi egilegor
2009ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
«Normaltasun» kontua da Israelentzat Zisjordaniako kokaguneak handitzen jarraitzea, eta horregatik eraikuntza lanekin jarraitzeko asmoa iragarri du. «Hazkunde naturala» deitzen dio horri. Tel Avivek hitzeman du ez duela kokagune berririk eraikiko, eta 2001az geroztik eraikitakoak -legez kanpokoak Israelgo legediaren arabera- eraitsiko dituela. Nazioarteko legediaren arabera, ordea, 1967ko Sei Eguneko Gerran okupatutako lurretan eraikitako kokagune guztiak dira legez kanpokoak.

AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek Tel Avivi ohartarazi dio eraikuntza lan guztiak gelditu behar dituela, ez kokagune txikietakoak soilik. «Estu hartuko dugu Israel alor horretan». Hain zuzen ere, AEBetako presidente Barack Obamarekin biltzekoa zen atzo PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbas, bake elkarrizketez hitz egiteko. Kokaguneetako eraikuntza lanak gelditzea jarriko du Abbasek Israelekiko bake negoziazioekin jarraitzeko baldintza gisa.

Benjamin Netanyahu lehen ministroaren iritziz, ordea, behin betiko bake akordioa lortu bitartean, kolonoek orain arte bezala jarraitzeko «eskubidea» dute. «Egun dauden kokaguneen etorkizuna Israel eta Palestinarren estatusari buruzko negoziazioetan erabakiko da. Ordura arte, normaltasun osoz biziko dira komunitate horietan», nabarmendu du Netanyahuren eledun Mark Regevek. Israelgo Defentsa ministro Ehud Baraken esanetan, berriz, kolonoen etorkizuna ezin da palestinarren erabakiaren esku utzi.

Milioi erdi lagun

B'tselem Israelgo gobernuz kanpoko erakundearen arabera, 2008an ia milioi erdi kolono bizi ziren Zisjordaniako 130 kokaguneetan. Hortaz baliatuz, Tel Avivek proposatu du okupatutako lurretan dauden kokagune handienak -Ariel, Maale Adumin eta Givat Zeev-balizko estatu palestinarretik kanpo geratzea. Al Fataren kontrolpean dagoen Palestinako Aginte Nazionala, ordea, ez dator bat proposamenarekin. «Ez da negoziaziorik egongo eraikuntza lanak, hazkunde naturala deiturikoa barne, erabat gelditu arte», ohartarazi du Ahmed Kureiak, Abbasen aholkulariak.

Horren haritik, Palestina Askatzeko Erakundeko kideek ohartarazi dute estatu palestinarra eraikitzeko eta bakea lortzeko «mehatxua» direla kokaguneak. «Okupatutako Zisjordaniaren %40 kontrolatzen dute kolonizatzaileek». Azken astean, Israelek hainbat kokagune txiki desegin ditu Zisjordanian. Baina zenbait iturriren arabera, kolonoek berriz eraiki dituzte.

AEBetako presidente Barack Obamarekin biltzekoa zen atzo Abbas. Bake proposamen eraberritua zuen aurkeztekoa Abbasek. Azken horrek Jordania eta Saudi Arabiaren babesa izango luke, eta abantaila gehiago izango lituzke Israelentzat ere.

Zenbait iturriren ustez, egitasmoak dagoeneko badu Etxe Zuriaren sostengua. Planaren arabera, Israelek 1967ko gerran okupatutako lurretara itzultzeko eskubidea izango dute errefuxiatuek eta haien ondorengoek, ez, ordea, Israelera. Hala ere, egundauden tokian geratzea erabakiz gero, bertako herritartasuna eskuratuko dute eta baita kalte-ordainak jaso ere.

Bitartean, Hamasen gertuko talde armatuen aurkako operazioekin jarraitzen du Israelgo armadak. Izzeddin Al Kassem Brigadetako ustezko buruzagi bat, Abed al Majid Dudin, eta haren kide bat hil zituzten atzo soldadu israeldarrek Zisjordaniako Dura herrian. Palestinako iturriek adierazi dutenez, Deir Al Asalen, militarrek haitzuloak eta ur putzuak bonbardatu eta hiru lagun atxilotu zituzten.



«Mendebaldearen Akilesen orpoa da holokaustoa»

Beste behin, Irango presidente Mahmud Ahmadinejadek nazioartearen kritikak eragin ditu, irrati batean egindako adierazpenen ondorioz. «Mendebaldearen Akilesen orpoa da holokaustoa. Potentziek beste nazio batzuk zapaltzeko erabili dute, baina guk holokaustoaren gaia aipatzen dugu beraien ahulezia handiena delako», adierazi du estatuburuak. Izan ere, haren iritziz, Israel potentzia handiek Ekialde Hurbila kontrolatzeko sortutako «erakunde sionista» da, eta desagertu egin beharko luke.

Agintean daramatzan lau urtean behin baino gehiagotan egin ditu Ahmadinejadek antzeko adierazpenak, eta horrek Mendebaldearekiko harremanak okertu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.