Israelek jopuntuan jarri du NBE

Guterresek Hamas justifikatzen duela argudiatuta, Tel Avivek jakinarazi du uko egingo diola NBEren ordezkariei bisa emateari. Erakundearen idazkari nagusiaren arabera, «gaizki» ulertu dira haren hitzak. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, «guztiz kolapsatuta» dago osasun sistema.

Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia Rafahko pasabidean, hilaren 20an. EFE
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 25a
13:05
Entzun

Irudituta NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusi Antonio Guterresek Hamasen ekintzak justifikatu dituela, Israel erakunde horren kontrako erabakiak hartzen hasi da. Laguntza humanitariorako arduradun Martin Griffithsi herrialdean sartzeko bisa ukatu dio. Hango hedabideek kaleratu dutenez, hori jakinarazi du Israelek NBEn duen enbaxadore Gilad Erdanek, armadaren irratian: «[Guterresek] Egin dituen komentarioak aintzat hartuta, uko egingo diogu NBEren ordezkariei bisa emateari. Haiei lezio bat emateko ordua iritsi da». Atzo, NBEren Segurtasun Kontseiluan, Guterresek nabarmendu zuen ez zirela «ezerezetik sortu» Gazako miliziek urriaren 7an Israelen kontra egindako erasoak —1.400 pertsona inguru hil zituzten—. «Palestinako herriak 56 urte daramatza okupazio itogarri baten pean». Haren hitzek hautsak harrotu baino gehiago egin dutela aintzat hartuta, NBEko buruak agerraldi bat egin du, eta azpimarratu beretzat «kolpe handia» izan dela ikustea «gaizki» ulertu dela atzo eman zuen hitzaldiaren zati bat. «Ez nintzen ari Hamasen terrorea justifikatzen. Hori ez da egia. Kontrakoa egiten ari nintzen».

Guterresen atzoko hitzaldiaren ondoren, Israelek segituan erreakzionatu zuen, haren kontra eginez. Erdanek haren dimisioa eskatu zuen atzo X sare sozialean idatzitako mezu batean. «Bere komentarioekin, terrorismoa eta hilketak justifikatzen ari da». Eli Cohen Atzerri ministroa NBEko idazkari nagusiarekin berarekin biltzekoa zen, baina bilera bertan behera utzi zuen. «Ez dio lotsarik ematen?», adierazi zuen kazetarien aurrean. Eta Benny Gantz Israelgo Defentsa ministro ohi eta Urdina eta Zuria alderdiko buruak —gerrak eragindako larrialdiko gobernuko kidea da orain— «terrorismoaren apologia» egitea egotzi dio sare sozialetan.

NBEren idazkari nagusiak azaldu zuen orduan, besteak beste, Hamasek urriaren 7an egindako erasoak «izugarriak» izanagatik, Gazari ezarritako blokeoa «Palestinako herriari ezarritako zigor kolektibo bat» dela, eta horrek nazioarteko zuzenbidea urratzen duela. Hori horrela izanda ere, Erresuma Batua, esaterako, ez dago ados NBEko idazkari nagusiaren hitzekin. «Azken bi asteetan gertatutakoaz ari bada, ez dugu uste Israelek nazioarteko zuzenbidea urratu duenik. Nazioarteko zuzenbideak argi aitortzen du nazio batek bere burua defendatzeko eskubidea duela, eta Israel hori ari da egiten», adierazi du Robert Jenrick Immigrazio ministroak, Sky News telebistan egin dioten elkarrizketa batean.

PAN Palestinako Aginte Nazionalarentzat, berriz, Israelgo agintarien erreakzioa da Tel Avivek NBEren aurrean erakusten duen «errespetu faltaren hedatze bat». Ohar batean salatu duenez, Guterresen gaitasun juridikoa «neutralizatzeko beste saiakera bat» da Israelena. PANek leporatu dio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari «nazioarteko zilegitasunak ordezkatzen duena» urratzea.

Bestalde, Israelgo armadak oraingoz itxaron egin beharko du Gazan lehorreko ofentsiba hasteko. AEBek herenegun hala eskatuta, Israelek onartu du lehorreko erasoa «egun batzuk atzeratzea». AEBek Ekialde Hurbilean dituzten tropak babesteko aireko defentsa sistema berriak abian jarri arte itxarongo dute, The Wall Street Journal egunkariak Etxe Zuriko eta Tel Aviveko iturriak aipatuz kaleratu duenez. Defentsa sistema horiek Irakera, Siriara eta Jordaniara eramango lituzkete, besteak beste. Netanyahuk ez du halakorik baieztatu, baina ziurtatu du lehorreko ofentsibarako «prestatzen» ari direla, eta ez duela zehaztuko «hori noiz izango den».

Atzo Gazako agintariek jakinarazi zutenez, urriaren 7tik 6.500 palestinar inguru hil eta 17.400 zauritu ditu Israelek. Zisjordania okupatuan ere izan dira hildako gehiago; beste sei palestinar hil zituen Israelek asteartean, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, eta 105 dira urriaren 7tik. Horiek horrela, Europako Batasuneko liderrak gatazkaren «eten humanitario bat» eskatzekoak dira. Europar Kontseilua egingo dute bihar eta etzi Bruselan, eta hori jaso dute goi bileraren zirriborroan, hainbat hedabidek argitaratu dutenez.

Herrialde musulmanen deia

Palestinaren eta Israelen inguruko bi herrialde populatuenek bide diplomatikoa ibiltzeko deia egin dute. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak lau eskaera egin ditu horrekin lotuta, AKP Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdiaren diputatuen aurrean parlamentuan emandako hitzaldi batean: erabateko su etena Israelen eta Hamasen artean; «berehala» negoziazioak hastea gerrako presoen askapena ahalbidetzeko; korridore humanitario bat irekitzea Gazan; eta Ekialde Hurbileko herrialdeek bilera bat egitea Palestinan. Erdoganek plazaratu du, gainera, herrialde musulmanek elkarrekin lan egin beharko luketela menia bat lortze aldera, eta jakinarazi du bertan behera utzi duela Israelera egitekoa zen bidaia ofizial bat. Horren harira, defendatu du Hamas ez dela «erakunde terrorista bat». «Bere lurrak eta herritarrak babesteko borrokatzen den askapen mugimendu bat da».

Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidenteak ere esan du diplomazia dela irtenbide bat bilatzeko «bide bakarra», eta Egipto gatazkan jokatzen ari den rola aldarrikatu du, Suezen egindako desfile militar batean egindako agerraldian: «Gure bazkideekin batera, rol positibo bat jokatzen ari gara egoerari eusteko eta Gazako zibilei laguntzeko». Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin biltzekoa zen atzo, Egipton.

Osasun sistema, «guztiz kolapsatuta»

Gazako osasun sistema «guztiz kolapsatuta eta guztiz zerbitzuz kanpo» dagoela jakinarazi du hango Osasun Ministerioaren bozeramaile Axraf al-Qudrak. Gaineratu du behargin faltagatik dagoela horrela, baita mediku ekipamenduen gabeziagatik ere. Horri aurre egiteko «berehalako erabakiak» eskatu ditu, ohar batean. «Nazioarteak ez zituen kontuan hartuta gure ohartarazpenak».

Horrekin lotuta, Unicefek datu bat plazaratu du: Israel duela ia hiru astetik Gazako zerrendan egiten ari den bonbardaketen ondorioz, laurehun adingabe inguru hiltzen edo zauritzen dira egunero han. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek kaleratutako ohar batean zehaztu duenez, azkeneko hemezortzi egunetan 2.360 adingaberen heriotzak jakinarazi dituzte, eta 5.364 haur zauritu dira.

Eta Unicefek ohartarazi du hildakoen kopurua «asko» handituko dela inkubagailuak huts egiten hasten badira, ospitaleak ixten badituzte, eta adingabeek segitzen badute kutsatutako ura edaten eta botikak eskuratu ezinik.

NBEren beste agentzia batek, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, astearte gauean jakinarazi zuen Gazako beren jarduna etetekoak zirela atzo gauean, erregai faltagatik. «Erregairik gabe ez da laguntza humanitariorik egongo, ez dute funtzionatuko erietxeek», iragarri zuen igandean Philippe Lazzarini UNRWAko zuzendari nagusiak. Larunbataz geroztik, laguntza humanitarioarekin lau konboi sartu dira Gazan, Rafahko pasabidetik; kamioiek ez dute erregairik garraiatu, ordea.

Agentziak horrek gaur ohartarazi du gerraren ondorioz Gazako «barne desplazatu askok» —600.000 inguru eragin ditu gatazkak— kalean igarotzen dutela gaua, NBEren 150 instalazioetan ez dagoelako lekurik denentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.