Israelek jomugan jarri du NBE

Guterresek Hamas justifikatzen duela argudiatuta, Tel Avivek jakinarazi du uko egingo diola NBEren ordezkariei bisa emateari. Erakundearen idazkari nagusiak esan du «gaizki» ulertu direla bere hitzak

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusia Rafahko pasabidean, hilaren 20an. KHALED ELFIQI / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Irudituta NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusi Antonio Guterresek Hamasen ekintzak justifikatu dituela, erakunde horren kontrako erabakiak hartzen hasi da Israel. Giza laguntzarako arduradun Martin Griffithsi ukatu egin dio herrialdean sartzeko bisa. Hango hedabideek kaleratu dutenez, hori jakinarazi zuen Israelek NBEn duen enbaxadore Gilad Erdanek atzo, armadaren irratian: «Haiei [NBEkoei] lezio bat emateko ordua iritsi da». Herenegun, NBEren Segurtasun Kontseiluan, Guterresek nabarmendu zuen ez zirela «ezerezetik sortu» Gazako miliziek urriaren 7an Israelen kontra egindako erasoak —1.400 pertsona inguru hil zituzten—. «Palestinako herriak 56 urte daramatza okupazio itogarri baten pean».

Hitz horiek hautsak harrotu baino gehiago egin dituztela aintzat hartuta, NBEko buruak agerraldi bat egin zuen atzo, eta azpimarratu beretzat «kolpe handia» izan dela ikustea «gaizki» ulertu dela herenegun eman zuen hitzaldiaren zati bat. «Ez nintzen Hamasen terrorea justifikatzen ari. Hori ez da egia. Kontrakoa egiten ari nintzen». Guterresen herenegungo hitzaldiaren ondoren, Israelek segituan erreakzionatu zuen, eta haren kontra egin. Herenegun, Erdanek haren dimisioa eskatu zuen X sare sozialean idatzitako mezu batean. «Bere komentarioekin, terrorismoa eta hilketak justifikatzen ari da». Eli Cohen Atzerri ministroa NBEko idazkari nagusiarekin berarekin biltzekoa zen, baina bertan behera utzi zuen bilera. Eta Benny Gantz Israelgo Defentsa ministro ohi eta Urdina eta Zuria alderdiko buruak —gerrak eragindako larrialdiko gobernuko kidea da orain— «terrorismoaren apologia» egitea egotzi dio sare sozialetan.

Orduan, NBEko idazkari nagusiak azaldu zuen, besteak beste, Hamasek urriaren 7an egindako erasoak «izugarriak» izanagatik Gazari ezarritako blokeoa «Palestinako herriari ezarritako zigor kolektiboa» dela, eta horrek nazioarteko zuzenbidea urratzen duela. PAN Palestinako Aginte Nazionalarentzat, Israelgo agintarien erreakzioa zera da, Tel Avivek NBEren aurrean izandako «errespetu falten hedatzea»..

Bestalde, Israelgo armadak oraingoz itxaron egin beharko du Gazan lehorreko ofentsiba hasteko. AEBek astelehenean hala eskatuta, Israelek atzo onartu zuen lehorreko erasoa «egun batzuk atzeratzea», AEBek Ekialde Hurbilean dituzten tropak babesteko aireko defentsa sistema berriak abian jarri arte, The Wall Street Journal egunkariak Etxe Zuriko eta Tel Aviveko iturriak aipatuz kaleratu zuenez. Defentsa sistema horiek Irakera, Siriara eta Jordaniara eraman asmo dituzte, besteak beste. Netanyahuk ez zuen halakorik baieztatu, baina ziurtatu zuen lehorreko ofentsibarako «prestatzen» ari direla, eta ez duela zehaztuko «hori noiz izango den».

Gazako agintarien arabera,urriaren 7tik 6.500 palestinar inguru hil eta 17.400 zauritu ditu Israelek. Zisjordania okupatuan ere izan dira hildako gehiago; beste sei palestinar hil zituen Israelek atzo, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, eta 105 dira urriaren 7tik.

Herrialde musulmanen deia

Palestinaren eta Israelen inguruko bi herrialderik populatuenek bide diplomatikoa ibiltzeko deia egin dute. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak lau eskaera egin zituen: erabateko su etena ezartzea; negoziazioak «berehala» hastea gerrako presoak askatzeko; korridore humanitario bat irekitzea Gazan; eta Ekialde Hurbileko herrialdeek bilera bat egitea Palestinan. Are, Erdoganek plazaratu zuen herrialde musulmanek elkarrekin lan egin beharko luketela menia ezar dadin, eta bertan behera utzi zuen Israelera egitekoa zen bidaia ofizial bat. Horren harira, esan zuen Hamas ez dela «erakunde terrorista bat». «Bere lurrak eta herritarrak babesteko borrokatzen den askapen mugimendu bat da».

Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidenteak ere esan zuen diplomazia dela «bide bakarra», eta Egipto gatazkan jokatzen ari den rola aldarrikatu zuen: «Gure bazkideekin batera, rol positiboa jokatzen ari gara egoerari eusteko eta Gazako zibilei laguntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.