Gatazka «eskualde osora» zabaltzearen arriskuaz ohartarazi du Arabiar Ligak

Israelek 550 lagunetik gora hil eta milaka desplazatu eragin ditu Libanon azken bi egunetan. 1975 eta 1990 arteko gerraz geroztik herrialde hartan izandako erasorik bortitzena da.

Milaka auto Libanoko hegoaldetik Sidon hirira doan errepidean, bonbardaketetatik ihesi. STR / EFE
Milaka auto Libanoko hegoaldetik Sidon hirira doan errepidean, bonbardaketetatik ihesi. STR / EFE
Ion Orzaiz - Arantxa Elizegi Egileor
2024ko irailaren 24a
09:15
Entzun

Bonbardaketak eta zibilen desplazamendu behartua. Gazan erabilitako estrategia Libanora hedatzen hasia da Israel, eta azken hamarkadetako erasorik bortitzena egin du herrialde hartan: 558 hildako, 1.835 zauritu eta milaka desplazatu eragin ditu Benjamin Netanyahuren gobernuak. Gerra zibilaz geroztik (1975-1990) Libanon egun bakarrean erregistratutako hildako kopururik handiena da.

Erasoek ez dute etenik izan gaur ere. Libano hegoaldean eta ekialdeko Bekaa haranean egindako bonbardaketez gainera, Israelgo armadak Beiruteko Dahieh auzoan ere gauzatu du eraso bat. Sei lagun hil ditu gutxienez han; horien artean zen Hezbollahko buruzagi militar bat. Gainera, UNHCR, Iheslarientzako NBEren Agentziak baieztatu du erakundeko bi langile daudela atzo hildakoen artean. Bestetik, talde xiitak Israel iparraldera suziriak jaurtitzen jarraitu du.

Gatazka «eskualde osora» zabaltzearen arriskuaz ohartarazi du Arabiar Ligak, eta Libanoren subiranotasuna urratzea egotzi dio Israeli. Erakundeak eskatu die potentziei esku har dezatela Israel geldiarazteko, eta salatu du Netanyahu «helburu pertsonal eta politikoetarako» baliatzen ari dela gerra. Hala, Arabiar Ligak eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari bete dezala bere «erantzukizuna» eta berma ditzala «nazioarteko bakea eta segurtasuna».

Arabiar Ligak ez ezik, Frantziak ere eskatu du Segurtasun Kontseiluaren ezohiko bilera, Ekialde Hurbileko egoeraz hitz egiteko. Hain zuzen ere, gaur dira NBEko Batzar Orokorra egitekoak, eta espero da bai Antonio Guterres idazkari nagusiak eta bai gainontzeko ordezkariek gatazka hizpide izatea.

Irango Gobernuak ere hitz egin du, azken astean Libano bonbardatzen hasiz geroztik lehen aldiz, eta iragarri du ez direla «besoak gurutzatuta» geratuko Israelek «krimenak» egiten dituen bitartean. Sar sozialetan zabaldutako mezuan halaxe esan du Atzerri ministro Abbas Araghtxik: «AEBek ahalbidetutako Israelen krimenak argi geratu dira mundu osoarentzat. Ez begiratu beste aldera. Giza bizitzarekiko utzikeria kriminal eta anker honek ez du jarraitu».

Azken orduetan, etxetik alde egitera behartu dituzte hegoaldeko herri eta hirietan bizi diren herritarrak. Oraintxe, herri horietatik Beirut eta Sidon hirietara doazen errepideak kolapsatuta daude, milaka eta milaka baitira Israelgo mugaren ingurumarietatik ihes egin nahian dabiltzanak. Etxe Zuriak Libano uztea gomendatu diete han dauden AEBtako biztanleei. John Kirby Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren bozeramaileak ABC News telebista katean eman du gomendioaren berri.

Israelgo lehen ministroak adierazi du jomugan dituztenak ez direla zibilak, baizik eta «Hezbollahk azken 20 urteetan eraikitako azpiegiturak», eta horiek suntsituta herritarrek aukera izanen dutela etxera itzultzeko. Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, ordea, Israelen bonbek hildakoetako asko haurrak dira (50), eta, horiez gainera, zibilei eta osasun langileei ere eraso egin diete azken orduetan.

Libanoko Gobernuak eskolak itxi ditu herrialde osoan, larrialdiko aterpe bezala erabiltzeko. Gobernuak adierazi duenez, prest dira 10.000 pertsonari arta emateko, baina aurreikuspen guztien arabera, baliabide gehiago beharko dituzte uneotan ihesean diren herritar guztiak hartzeko. Israelen oldarraldia hasi zenetik 11 hilabetera, 110.000 desplazatu zenbatu dituzte herrialdean, eta, Nazio Batuen Erakundearen arabera, 150.000 pertsona bizi dira Israelgo mugatik 10 kilometro baino gutxiagora.

Bien bitartean, Israelek prest ditu lurreko indarrak Libanoko mugan, lurreko erasoaldi bat hasiko balu ere.

Gazan ere bonbardaketak

Nazioartearen arreta Libanon dagoen arren, Israelek ez ditu eten Gazaren aurkako bonbardaketak. Wafa berri agentziak zabaldu duenez, larrialdi zerbitzuek bost palestinarren gorpuak berreskuratu dituzte Khan Yunisko errefuxiatu gunean, baita hainbat zauritu artatu ere. Gaza hiriko Zeituun barrutia ere bonbardatu du Israelgo armadak azken orduetan.

Bestalde, NBEk ohartarazi du Gazako osasun sistema hondoratzear dela. Erakundearen arabera, lurraldeko 36 erietxeetatik 17tan soilik ari dira lanean, eta horietan ere «erdizka». Lehen arretako zentroen kasuan, berriz, 132 anbulategietatik 57tan dituzte nahikoa baliabide gaixoak eta zaurituak artatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.