Hamasen eskari nagusia baztertu du Israelek, eta ziurtatu ez dituela tropak Gazatik aterako

Palestinako erakunde islamistarentzat, menia onartzeko ezinbesteko baldintza da Israelgo armadak zerrendan dituen soldadu guztiak handik ateratzea. Tel Avivek iragarri du ez diola Gazarako sarbidea irekiko laguntza humanitarioari.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu atzo, Gazako iparraldean. EFE
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu atzo, Gazako iparraldean. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko apirilaren 16a
18:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Gazarako su-eten akordio bat lortzea zailtzen ari da; izan ere, Israelek eta Hamasek jarritako baldintzak urrun daude elkarrengandik. Palestinako erakunde islamistak erasoak behin betiko etetea eta Israelgo soldadu guztiak Gazatik ateratzea exijitzen dio Tel Avivi. Gaur, baina, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek ziurtatu du ez dituztela tropak zerrendatik aterako ezein akordio adostuta ere. Katzek komunikatu batean jakinarazi du Israelgo armadak «segurtasun eremuak» kontrolatzen jarraituko duela Gazan.

Urtarrilaren 19an indarrean sartutako akordioan zerrendatik tropak ateratzea onartu bazuen ere, Tel Avivek ez du halakorik egin. Eta martxoaren 18an su etena hautsi ondotik, Gazako eremuak kontrolpean hartzen aritu da berriz ere; «segurtasun eremu» gisa izendatzen dituzte gune horiek. Katzen arabera, eremu horiek Hamasen eta Israelgo biztanleen artean harresi lanak egiteko balio dute. Eta, bide batez, zerrendan bizi diren palestinarrak are eta eremu murritzagoan zokoratzeko erabiltzen dituzte. OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren arabera, Israelek menia hautsi zuenetik, 400.000 palestinar baino gehiago lekualdatzera behartu dituzte zerrendaren barnean.

Hamasekin «aldi baterako edota behin betiko» akordio bat eginda ere Israelek «segurtasun eremu» horietan soldaduak mantenduko dituela duela jakinarazi du Katzek. Eta, akordiorik lortu ezean, Tel Avivek hauxe ohartarazi du: «Hamasek ezezkoan jarraitzen badu, operazioak areagotuko ditugu». Gainera, talde islamistaren beste eskari bat ere baztertu du Israelgo Defentsa ministroak: «Gazara ez da inolako laguntza humanitariorik sartuko». Hala Hamasi «presio» egin nahi diotela ziurtatu du.

Bada, baldintza horietan, erakunde palestinarra ez dago prest su-etenik hitzartzeko. Irango hiriburuan egindako bilkura batean, Hamasen Teherango ordezkari Khaled Qaddumik berretsi du talde islamistak ez duela su-eten proposamenik onartuko, non eta Israelek ez dituen tropa guztiak ateratzen, eta erasoak «behin betiko» eteten.

Herenegun, Israelgo Gobernuak menia proposamen bat igorri zien Egiptori eta Qatarri —bitartekari lana egiten ari dira—; eta proposamena aztertzen ari zela jakinarazi zuen Hamasek atzo goizean. Nazioarteko hedabideen esanetan, Tel Avivek Hamasen armagabetzea jarri zuen baldintzen artean. Atzo arratsaldean, BBC hedabideak, Palestinako iturri ofizial bat aipatuz, kaleratu zuen Hamasek baztertu egin zuela proposamena. Iturri horren arabera, Israelek ez zuen bermatu soldaduak zerrendatik aterako dituenik. Hamasek ez du berria baieztatu.

Gaur, Israelgo armadak Gazan erasoak egiten jarraitu du. Zerrendako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 25 palestinar hil ditu atzotik. Su etena hautsi zuenetik, 1.600 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek Gazan; eta 50.000 baino gehiago 2023ko urriaren 7tik. Bestalde, Zisjordanian, 23 urteko palestinar bat eta 19 urteko beste bat hil dituzte gaur Israelgo militarrek, Jenin hirian. Hala jakinarazi du Wafa Palestinako berri agentziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.